“Gozogintza oso mundu artistikoa da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 19a, 10:12

Mekanikako ikasketak egiten ari zenean murgildu zen lehendabiziko aldiz gozogintzan. Mundu horrek sorkuntzarako eskaintzen zion aukera zabalak harrapatu zuen Joxe Arruti, eta lanbide horretan ari da geroztik.

Noiz eta nola abiatu zinen gozogintza munduan?
Gaztetan, mekanikako ikasketak egiten ari nintzela, kasualitatez hasi nintzen. Nire lehengusu batek gozotegia zuen Donostian eta udako hilabeteetan lagunduko ote nion galdetu zidan. Baiezkoa eman nion. Oso ondo moldatu nintzen udara hartan; gustura ibili nintzen. Mekanika ikasketak utzi eta gozogintza munduan sartzea erabaki nuen. Laguntzaile gisa hasi nintzen eta pixkanaka, ofizioa ikasten joan nintzen. Hemezortzi urte egin nituen Donostiako gozotegi hartan lanean.
Arituz ikasi dut batik bat lanbidea. Nolanahi ere, Andoaingo gozotegia ireki nuenetik, ikastaro ezberdinak egiten hasi nintzen. Gai ezberdinen inguruko ikastaro asko antolatzen da estatuan barrena, eta gustura joaten naiz horrelakoetara. Bertako langile guztiak pasa gara ikastaroren batetik, norberari dagokion arloan gehiago trebatzeko.

Andoainen gozotegia jarri zenuela aipatu duzu. Nolaz hartu zenuen erabaki hura?
Emazteak beti aipatzen zuen gozotegia jartzeko ideia hori. Egun batez, Andoainen pasiatzen genbiltzala, Zumea kaleko gozotegia salgai zegoela zioen karteltxo bat ikusi genuen. Deitu, eta gure bizitzako proiektu berri honetan sartzera animatu ginen. Kasualitate hutsa izan zen aukera hura sortzea eta geroztik, hementxe ari gara, Arruti gozotegian. Bederatzi urte joan dira dagoeneko.

Nola gogoratzen dituzu Andoaingo Arruti gozotegian igarotako lehen urteak?
Ilusio handiz ekin genion, baina aldi berean, urte zailak izan ziren. Gozotegia hartzearekin bat, gure lehen haurra jaio zen eta ez zen erraza izan guztia bateratzea. Nolanahi ere, ilusiorik ez genuen falta eta gaur egunean oso pozik gaude egin genuen aukerarekin. Pixkanaka, inbertsioak egiten eta gure produktuen aukera zabaltzen joan gara merkatura moldatzeko.

Lana egiteko moduan, alderik sumatu al zenuen Donostiatik Andoainera etorritakoan?

Bai, guztiz ezberdinak dira. Donostian jendeak ez du galdetzen, mostradorean dagoena hartu eta eraman egiten du. Han ez dakizu gaur bezero izan duzun hori berriz itzuliko ote den edo ez; erosi duena gustatu zaion edo ez. Andoainen askoz ere tratu estuagoa dugu bezeroekin. Asko galdetzen dute, arreta handiagoa jartzen dute erostera doazen horretan eta ondoren, jendearen eskertza jasotzen dugu zuzenean. Bezero fidelak dira Andoaingoak, urtean zehar behin baino gehiagotan etortzen direnak.
Saltzen diren tarten tamaina ere oso ezberdina da Donostian eta Andoainen. Tarta txiki asko saltzen da han, probatzeko. Andoainen, berriz, ospakizunetarako tartak erosten ditu jendeak gehienbat, tamaina handikoak, familiartean edo lagunartean jateko. Donostiatik hona etortzean, ezustekoa hartu nuen ez nituelako ezberdintasun horiek espero, baina deborarekin, ondo lortu nuen bertako eskakizunetara moldatzen joatea.

Nolakoa da Arruti gozotegia?
Guk geuk landutako artisautza produktuak lantzen ditugu; ogi bereziak, pastelak, izozkiak, txokolateak, etab. Horixe da gure bereizgarririk handiena; artisau moduan egindako produktuak eskaintzen ditugula. Karta bidez edo momentuan egiten ditugu tartak eta inon gutxi eskaintzen dute zerbitzu hori. Horrez gain, familia arteko enpresa da, nahiz eta langileren bat edo beste ere badugun. Urteko momentu jakinetan kanpoko laguntza gehiago behar izaten dugu, baina enpresa txikia da. Tamaina txiki horrek asko errazten du barne-antolaketa; oso ondo ezagutzen dugu elkar eta bata besteari laguntzen saiatzen gara; txandak aldatuz, jai egunak moldatuz...

Ba al duzu beste guztien gainetik nabarmenduko zenukeen produkturik?
Alde horretatik, argi dago Andoain oso herri klasikoa dela. Betiko produktuak dira hemen izarrak; hojaldre edo hostopilak eta pastak saltzen dira gehien. Nolanahi ere, zorte handia dugu jendeak gugan konfiantza handia erakusten duelako. Horrek, gozogintza modernoagoa egiteko aukera ematen digu. Ospakizunen bat dutenean, betiko gozoak alde batera utzi eta gauza bereziagoak nahi izaten dituzte.

Asko aldatzen al da jendearen eskaera urte garaiaren arabera?
Bai, gozoei dagokienez, negu aldean pastak, hostopila eta bizkotxoa eskatzen dira batik bat eta Eguberri inguruan errege opila da jaun eta jabe. Udan berriz, gauza freskoak; fruituekin egindakoak, mouse modukoak..., izozkiak baino gehiago saltzen dira horrelakoak.

Bezero batek gozo bereziren bat eskatzen dizunean, nolakoa izaten da sortze prozesua?
Askotan eskatzen dizkigute kartatik kanpora dauden gozoak. Horrelakoetan, bezeroaren azalpenak entzun, zer nahi duten zehaztu, eta gure proposamenak egiten dizkiogu. Ondoren, proba ezberdinak egiten ditut.
Bestalde, egunerokotasunean eta eskaeretatik kanpo ere, gauza berriak ateratzen saiatzen gara beti, nahiz eta jendeak klasikoetara jotzen duen gehienbat.

Zeintzuk dira zure lanbidearen punturik onenak eta txarrenak?
Onena aipatzekotan, gozogintza munduaren zabaltasuna aipatuko nuke. Pastak, bizkotxoak, txokolatea..., oso aukera zabala eskaintzen du eta gehien gustatzen zaizun horretan lan egiteko aukera ematen du. Oso mundu artistikoa da, sortzailea.
Beste puntu on bat ere azpimarratu nahiko nuke; bezeroaren esker-ona. Oso maiz etortzen da jendea zuk egindako tarta oso ona zegoela esatera. Hemengo bezeroa gozozalea izaten da normalean. Bazkari on bat ez dute ulertzen postre gozorik ez badago eta postre hori zaintzea gustatzen zaie hona etortzen diren bezeroei. Berdin gertatzen da ogiarekin; hona etortzen denak, badaki ogi ezberdinaren berezitasuna baloratzen.
Txarrena berriz, ordutegia. Asko mugatzen du lagunartean ibiltzeko aukera. Ogia ere saltzen dugunez, asteko egun guztietan ireki beharra dugu. Lankideen artean txandak antolatzen ditugu jai egunak hartu ahal izateko eta ordutegia ahalik eta erosoena izan dadin.
Mota honetako negozio bat hartzen duzunean, denbora asko eskaini behar diozu. Zenbat eskaini, huraxe hartzen dizu eta gainera, beti geratzen zara gehiago eman behar diozun sentsazioarekin.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure asmo nagusiak?
Gauza larri dago, baina jendearen bultzadak jarraitzera animatzen gaitu. Nire lan bizitza hona bideratu nuen eta aurrera egiteko gogoa dut. Zerbitzua hobetzeko asmoz, proiektu asko daukat buruan eta, pixkanaka, horiek gauzatzen joan nahiko nuke. Ogien atala handitu, txokolateena sortu, izozkien zerbitzua mantendu..., asmoak ez zaizkit falta.
Horrez gain, frankizien konpetentzia gogorra izan dugu azken urteotan. Merkatu osoa bereganatzea da haien helburua, kalitate kaskarragoa eskainita ere prezioak igo ahal izateko. Hala ere, garbi daukat haiek ezin dutela guk eskaintzen dugun zerbitzua berdindu edota gure produktuen kalitatea errepikatu. Hona etortzen diren bezeroek badakite hori baloratzen eta eskertzekoa da.

Asteasuarra zara izatez, baina Larraulen bizi zara...
Azken urteotan gehiago ibiltzen naiz Larraulen Asteasun baino. Gozotegiak libre uzten dizkidan tartetxoak umeekin eta familiarekin egoteko aprobetxatzen ditut eta Larraulen egoten gara gehienbat. Hortik aurrera, ez dugu gauza handirik egiten. Garai batean, ekimen ezberdinetan parte hartu izan nuen Asteasun; Itturrizaharretik ekimenean esaterako. Aiurri aldizkariaren sorrera prozesua ere gertutik bizitu nuen. Andoaingo gozotegia hartuz geroztik, ordea, askoz ere denbora gutxiago dut eta dudan apur hori etxekoei eskaintzen saiatzen naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!