Ekainaren 14an, larunbatarekin zabaldu zituzten Asteasuko igerilekuak. Goizeko 11:00tarako, sartzeko zain zeuden Asteasuko gazteak. Ateak zabaldu zituztenean, arropak erantzi eta bi aldiz pentsatu gabe egin zuten salto uretara, gustura.
Taberna zerbitzua
Ainhoa Txapartegi asteasuarrak eta familiako kideek izango dute aurten igerilekuko tabernaren ardura. Berrikuntzaren bat edo beste ere egingo dute: “Parrilla izango da berrikuntzarik nagusiena. Hala nahi duenak, parrillan egindako jaki ezberdinak dastatzeko aukera izango du aurten. Horrez gain, ogitartekoak, plater konbinatuak..., izango dira”. Internetarako sarbidea ere izango da igerilekuko tabernan eta baita telebista ere. Ainhoak azaldu duenez, “aurtengo udaran futboleko munduko txapelketa jokatzen denez, herritar batek baino gehiago aipatu zigun telebista jartzeko beharra. Halaxe egingo dugu. Beraz, futbol partidak ikusi eta txapelketaren jarraipena egiteko gogoa duenak hemen ere aurkituko du aukera hori”.
Ainhoa Txapartegi eta bere etxekoen artean eramango dute tabernako martxa: “Gure artean moldatuko gara txanda ezberdinak antolatu eta tabernako zerbitzua eskaintzeko. Eguraldi oneko egun jendetsuetan, laguntzeko prest dagoen lagun taldea ere badugu. Denboraldiari ekiteko gogotsu gaude”.
Irailaren 14ra arte
Goizeko 11:00tan zabaldu eta iluntzeko 20:00ak arte izango dira zabalik Asteasuko igerilekuak. Tabernan berriz ordutegi zabalagoa izango dute eta afaldu eta lasai egoteko aukera ere eskainiko dute bertan. Irailaren 14an amaituko da aurtengo denboraldia, beraz, hiru hilabete luzez izango da igerilekuko zerbitzuaz gozatzeko aukera. 2010eko abuztuan zabaldu zituzten Asteasuko igerilekuak. Eskualdeko jende askok aprobetxatzen du bertaratzeko aukera udako hilabeteetan. Aurten ere, asko eta asko izango dira Asteasura gerturatuko direnak, horietako asko bidegorrian barrena oinez edo bizikletaz etorrita.
Igerilekura, egunero
Asteasuko gaztetxoak izan ziren igerilekuko ura probatu zuten lehenak. Alaia, Laiene, Urko, Maddi, Malen, Miren..., gustura ageri ziren: “Egunero etortzeko asmoa dugu. Eguraldi ona den egunetan uretan ibili eta eguzkia hartuko dugu, baina eguraldi okerxeagoa egiten badu ere etortzeko asmoa dugu; kartetan jolastera edota elkarrekin egotera”.
Koadrila handia osatzen dute hamairu urte inguruko lagun hauek: “Asko gara koadrilan eta udaran hementxe elkartzea gustatzen zaigu. Elkarri deitu eta hitzordua jartzen dugu etorri aurretik. Igerilekua oso aukera polita da guretzat udako hilabeteotan”. Bizikletaz, edo oinez egiten dute igerilekurako joan-etorria. “Eskolatik oporrak hartutakoan goiz eta arratsaldez etortzeko asmoa dugu, eta otorduren bat ere egingo dugu bertan, etxeratu gabe”, azaldu dute pozik gazteek.