Bailaren izendegia egokitzeko bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 19a, 10:00

Historikoki, lau bailaratan banatuta egon da Zizurkil herria; Akezko, Mendibailara, Buztinbailara eta Elbarrena. Azken hamarkadetan, ordea, bailarakako izendapen hori alde batera utzita egon da agiri ofizialetan. Berreskuratzeko prozesua martxan da.

1390 urte inguruko agirietan, Zizurkilgo hainbat eta hainbat baserriren izenak izendatuta ageri dira dagoeneko. Baserri horiek zutik diraute egun, eta herritarrek ederki ezagutzen dituzte haien izenak. Agiri ofizialetan, ordea, ez da bailara edota baserri izenik ageri. Ondare hori gal ez dadin, ofizialtasuna ematearen beharra azpimarratu du Teodoro Hernandorena kultur taldeak.

Izaera ofiziala
Taldeko kideek urte asko daramate lanean egoera hori zuzentzeko asmoz. Joxin Azkuek eman ditu azalpenak: “Nazio Batuen Erakundeak, Euskaltzaindiak..., hainbat erakundek azpimarratzen du toponimiaren garrantzia. Toponimia berreskuratzea garrantzitsua da, baina berreskuratu ondoren, bigarren pauso bat eman beharra dago. Izan ere, toponimiari ez bazaio izaera ofizialik ematen, galdu egiten baita. Horixe da Teodoro Hernandorena taldea Zizurkilen eskatzen eta lantzen ari dena”.

Sakabanatua, diseminado
Hainbat agiri eta dokumentu aztertu dute Teodoro Hernandorena taldeko kideek: “1475eko Zizurkilgo kontzejuko agirietan ere, herriko baserrien izenak ageri dira eta egungo baserri-izen berak dira. Horregatik, agiri ofizialetan baserri horiek diseminado edo sakabanatua izenez agertzea ezin da onartu. 1950-60 inguruan, teknikariren bati erosoagoa iruditu zitzaion baserri guztiak sakabanatu izendapen horren pean jartzea, eta hala mantendu da orain arte”.

Ikerketa    
Inguruko herrietan, bailara izenak erabiltzen dituzte agiri ofizialetan. “Zizurkilen ere, bailaren izenak erabiltzen dituzte herritarrek eta denek dakite euren etxe edo baserria zein bailaratan dagoen; Akezko, Mendibailara, etab.”, azaldu du Joxinek. Hari horri tiraka, herriko bailaren inguruko ikerketa sakona egiteari ekin zioten Teodoro Hernandorena taldeko kideek. Urte askotako lana izan da taldekideentzat: “Herritar askorekin hitz egin dugu bide honetan, informazioa biltzeko. Eskritura mordoxka aztertu dugu eta udaletxeko artxibategian ere ordu asko eta asko pasa dugu herriko bailaren izendegia nola zen ziurtatzeko”.
Historikoa eta etorkizunekoa
Bide horretan, bi galdera nagusiri erantzutea zen taldekideen helburu nagusia. Batetik, historian zehar Zizurkilek izan duen bailarakako banaketa ikertzea eta bestetik, banaketa horrek gaur egunerako balioko ote lukeen edo ez aztertzea. Bide luzea egin dute Teodoro Hernandorena taldeko kideek bi galdera horiei erantzun ahal izateko.
Zizurkildarren memorian, bada herriko bailaren banaketaren inguruko ezagupenik, baina idatzizko dokumentu eta agiriak aztertuz ziurtatu dute banaketa historikoa nola egiten zen. “Lan hori eginda, ziur esan dezakegu Zizurkil, historikoki lau bailaratan banatzen zela; Mendibailara, Akezko, Buztinbailara eta Elbarrena”, azaldu du Joxinek.

Banaketa historikoa
Horrez gain, bailara bakoitza nondik nora zabaltzen zen ere jakinarazi du: “Zizurkil Goiko plazan gaudela iparraldera Zarateraino marra bat egingo bagenu, eskuinaldean izango genuke Mendibailara eta ezkerraldera Akezko. Hegoalderuntz begira jarrita, Azkenportu alderaino beste marra bat eginda, eskuinaldean izango genuke Elbarrena eta ezkerraldean Buztinbailara”.
Herriko bailaren banaketa “guztiz frogatua geratu da” hainbat dokumentu historikotan ageri baita. “Bigarren galdera bat sortu zitzaigun bailarak historikoki nola banatuta zeuden ziurtatu genuenean. Izan ere, ofizialtasuna eman behar bagenien, beharbada gaur egungo errealitatera moldatu beharko liratekeela  konturatu ginen”.

Banaketa proposamena
Joxinen hitzetan, banaketa historikoa bere horretan mantenduz gero, zenbait bitxikeria gertatuko litzateke. “Haundi edota Zarate baserriak Buztinbailara lirateke, San Migel ermita Mendibailaran legoke eta Olatza baserria edota Plaza Etxeberri, berriz, Elbarrenan. Beste bitxikeria bat ere azpimarratu behar da, izan ere, garai bateko banaketa kontuan hartzen badugu, gaur egungo Elbarrenako plaza, Akezko bailararen barnean legoke. Hori guztia, historikoki hala bazen ere, gaur egun ulertezin egiten zaigu, horregatik, behar-beharrezkoa iruditu zitzaigun moldaketa batzuk egitea”.
Hori guztia kontuan hartuta, lanketa prozesu baten hasiera izango den proposamena garatu du kultur taldeak: “Gure ustez XXI. mendeko Zizurkilgo banaketak nolakoa beharko lukeen proposatu dugu. Ez da inolaz ere proposamen itxia, elkarlanean hasteko abiapuntua baizik”.
Proposamen horren arabera, Motzane ingurutik Ziarsoro aldera jaisten den bidearen goialdean dagoen guztia Mendibailara litzateke. Aldaketarik handiena Elbarrena bailaran proposatzen dugu. Beibategitik behera, eta Fraisorotik ezkerraldera dagoen guztia Elbarrena litzateke. Beste modu batera esanda, gaur egun Elbarrena gisa ezagutzen dugun guztia halaxe geratuko litzateke; Aurrera, Ubare, plaza...

Ergoiena
Proposamen horren arabera, Zizurkil goiko ingurune bat, lau bailara horietatik kanpo geratuko litzateke: “Olatza, Etxeberri-Txiki, Meriola..., inguru horrek beste bailaratxo bat osatzen du. Garai batean Elbarrena bazen ere, egun ez du zentzurik hala izateak eta horregatik, beste auzune edo bailara bat sortzea proposatzen dugu. Ergoiena izena egokia izan daitekeela iruditu zitzaigun. Nolanahi ere, bertako bizilagunekin hitz egin, gure proposamenaren inguruko azalpenak eman, eta beraien iritzia entzutea da helburua”.

Bidea, aberatsa
Herriko bailaren izenei izaera ofiziala eman aurretik, azterketa eta eztabaida prozesua zabalduko dute laster. “Gure ustez, prozesu horrek hiru hanka izan behar ditu ezinbestean: Teodoro Hernandorena taldea, Udala eta herritarrak. Guztien artean landu beharreko bide horretan, garrantzia handiagoa izan ohi du bideak berak emaitzak baino. Hobea da emaitza kaskarragoa izan duen prozesu edo bide aberatsa; bi katuren artean egindako lan bikaina baino”, azaldu du Joxinek.
Prozesuaren lehen urratsa emana dute dagoeneko Zizurkilen, ekimenaren aurkezpen ekitaldiak eginez. Maiatza amaieran egin zuten ekitaldi bana Iriarten eta Atxulondon. “Orain, udaletxeak deialdia zabalduko du, interesa duten herritar guztiak prozesuan parte hartzera gonbidatuz. Proposamen guztiak jaso, aztertu eta hortik ateratzen den emaitzak, bide administratiboa hartuko luke banaketa berriari ofizialtasuna emateko”.

Emaitza
Prozesua amaitu eta banaketa berriak ofizialtasuna hartzen duenean, telefono gidako datuak edota postako helbidea..., aldatu egingo lirateke. Elbarrenako bizilagunek ez dute aldaketa hori nabarituko, baina bai Zizurkil Goikoek. “Esaterako, orain arte Ugarte baserriaren posta helbidea Sakabanatua 40 izan da. Izendegi berria ofizialtzen denean, baserriaren eta bailararen izenak agertuko dira posta helbidean edota telefono gidan”. Aduna, Amasa-Villabona edota Asteasuko adibideak aipatu ditu Joxinek; horietan, bailara edo auzoaren izena ageri da helbideetan.

Panelak
Etorkizunari begira, herriko bailaren eta baserri izenen informazioa bilduko duten panelak ere jarriko dituzte. “Baserri izenak normalizatuta daude dagoeneko eta beharrezkoa da herrian panel informatiboak jartzea. Udala ados dago, eta horixe izango da eman beharreko bigarren urratsa”, gehitu du Joxinek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!