Egur-lanketan trebe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 19a, 09:56

Rafa Gonzalez zizurkildarra zaletasun gisa hasi zen egurra lantzen. Besteak beste, Zizurkilgo Udaleko armarri berria egin du urtetan garraiolari izandakoak.

Jubilatu ondorenean hasi zinen egurra lantzen. Nolatan animatu zinen?
Aurrez semea aritu zen taila ikasten eta bazituen herreminta batzuk. Duela lau urte, hark animatu ninduen tailan hastera; animatu bakarrik ez, apuntatu ere bai. Denborapasa polita iruditu zitzaidan eta Villabonako taldera gerturatutakoan oso giro polita sumatu nuen. Adin guztietako taldekideak biltzen gara: gazte eta helduagoak, 20 lagun pasatxo. Sacem-go lokalean aritzen gara Jon Iñaki Ormazabal irakaslearekin. Joan zen astelehenean amaitu genuen ikasturtea, nahiz eta gure kabuz, lanerako tailer gisa erabil dezakegun. Oso ondo egokituta dago tailerra, makineria eta guzti. Santio jaietan, ohi denez, ikasturteko lanen erakusketa egingo dugu.

Zein lan mota egin duzu orain artean? Aurrera begirakorik?
Egur-lanketa zaletasuna da niretzat. Etxerako eta lagunentzako lanak egiten ditut: ordulariak, aterki-ontziak, intxaurrak txikitzeko gailuak… Armarriak ere bat baino gehiago: Realeko ohiko armarria nahiz ideia berritzaileduna, koroa beharrean euskal txapela duena. Euskal Herriko armarria egiten ari naiz orain, ohiko iruditik hainbat aldaketarekin. Maisuak ditugu taldean, ni ez naiz finetakoa; lardaskan aritzen naiz.
Hurrena, gure Urnietako baserria (Martiku) egiteko gogoa dut. Baina ez dut baserriaren argazkirik inon aurkitzen. Beraz, buruan ditudan oroitzapenetatik osatuko dut irudia.

Zizurkilgo Udalarentzako armarria ere zuk egina da…
Lehengo armarri zaharra aldatzekotan zebiltzala, hainbat bilera egin zen Teodoro Hernandorena kultur elkartearen eta Udalaren artean. Herritar bezala, haietakoren batean hartu nuen parte nik ere. Armarria aldatzea erabaki zenean, liburuxka bat argitaratu zuten eta liburua eskuan, Jon Iñaki irakasleari armarri hura egingo nukeela esan nion. Esan eta egin, armarriaren irudia egurrean tailatu eta zizurkildarrentzat utzi nuen udaletxean. Udaleko kideek gustura jaso zuten. Duela denbora gutxi jarri genuen batzar aretoan eta hantxe dago geroztik.

Zein herreminta duzue ezinbesteko zuen lanean?
Gubiak bereziki; ezinbesteko dira egurra lantzeko. Lija, bernizak, argizaria… Tailerrean bertan biltegi moduan denetarik pixka bat edukitzen dugu.

Pazientzia ere beharko da osagaien artean…
Egur taila zaletasun bezala hartu beharra dago. Ez da egun batean egiteko lana; pixkanaka, poliki egitekoa baizik.

Zein egur mota erabiltzea gustatzen zaizu?
Nik normalean, pagoarekin bakarrik egiten dut lan. Haritzarekin lanen bat edo beste egin badut ere, haritzaren egurra gogorragoa da; goxoagoa pagoarena. Intxaurra edo lizarra ere probatu ditudan arren, pagoa gustatzen zait gehien.

Tailaren munduan buru-belarri sartuta, lan ugarik joko dizu begia…
Bai, egurrezko lanak ikusten ditudanean haiei begira geratzen naiz. Duela gutxi, esaterako, baserri atari batean oso lan dotorea ikusi nuen eta berriz ere joan behar dut hura ikustera. Hernaniko Oialume tabernan ere bada Oialume dantzaleku zen garaiko irudi ikusgarria egurrean, lasartear batek egina. Lasarten nahiz Astigarragan ere Jon Iñaki bera aritzen da irakasle lanetan. Oso trebea da egurrarekin eta asko balio du erakusteko, pazientzia handia baitu.

Arotz, okin, garraiolari
Ofizio asko ezagututakoa da Rafa. Mekanikako ikasketak 16 urterekin utzi eta arotz lanei ekin zien segidan. Urte pare batez aritu zen egurrarekin lanean eta segidan okin lanetan hasi zen, baita tarteka ogi-banatzaile ere. 20 urterekin, ordea, kamioia hartu eta 61 urtera arte aritu zen garraiolari lanetan. “Gure baserritik ez zen kamioirik ikusten, baina umetatik gustatzen zitzaidan nire kamioilariaren lana. Gustuko ofizioa hartu nuen”. Espainia mailan ere aritu arren, Europa mailako garraiolari izan zen batik bat Rafa. Europan ezagututako lurraldeen artean iparraldekoak nabarmenduko lituzke, “Suezia, Danimarka, Holanda, Alemania… Lurralde haietatik ikasteko asko daukagula iruditzen zait, ondo antolatuta daude. Hemendik alde egin beharko banu, Holandara joko nuela esaten dut beti. Gauza txar bakarra ikusten diot: mendirik ez duela”. Europaz kanpo, Afrikan ere ibili zen zertxobait: Marokon. “Beste kultura bat da Marokokoa, baina ez nuen sekula arazorik izan han. Zoazen lekura zoazela, bertako ohiturak errespetatu egin behar dira. Esaerak dioen bezala: ‘Egin ikusitakoa, ez norberak nahi duena”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!