Abian da II. Pedro Mari Otaño bertsopaper lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 17a, 17:16

Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak, iazko arrakasta ikusi ondoren, II. Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa abian jarri du. Gazte, heldu nahiz diasporako euskaldunek hartu ahal izango dute parte bertan. Lanak aurkezteko azken eguna: ekainak 22a izango da. Segidan, lehiaketako oinarri eta baldintzak:

II. PELLO MARI OTAÑO BERTSOPAPER LEHIAKETA

Bertsolaritzaren historia luzean, sortzailerik bikainenetako bat izan da Pello Mari Otaño Barriola, eta aparteko lekua merezi du. Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio, 1857an, eta bertsolaritza giroan hazi zen Pello Mari: aitona, aita, osaba Joxe Bernardo, Bernardo anaia, Mikela amona eta Mikela arreba ere, denak maila handiko bertsolariak ziren. “Arnasarekin batera bertsoa irensten zuala kozkortu zan Pedro Mari”, Aita Zavalaren hitzetan. Bertsolari handia izan zen Pello Mari. “Amuritza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”, Juan Mari Lekuonaren aburuz.

Pello Esnalek zuzen asko dioen bezala, “hasieran Errekalde baserria eta Karidadeko Bentaren artean banatzen ziren haren bizipen eta ametsak. Geroxeago Donostiatik Zizurkilerako joan-etorrietan. Eta bizitzaren azken zatian Amerika eta Euskal Herriaren artean”. Izan ere, hiru joan-etorri egin zituen Argentinara. Han, Santa Fe-ko Rosarion zendu zen 1910ean, bihotzekoak emanda.

Haren oroimenean, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak “Bigarren Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa” antolatzea erabaki du. Eta gogoan izanik gure olerkariak Argentinan eman zituen urte haiek guztiak eta bera izan zela Ameriketan aritu zen lehen euskara-irakaslea, lehiaketak txoko berezia egin nahi izan dio Diasporako euskaldungoari.

 

ANTOLAKETA

Lehiaketa hiru mailatan banatzen dugu:

1.- Gazteen maila: 18 urte artekoentzat (1996an edo geroago jaiotakoak).

2.- Diasporakoen maila: Euskal Herritik kanpo jaio eta bizi diren euskaldunentzat, Argentinakoentzat bereziki.

3.- Helduen maila: 1995an edo aurretik jaiotakoentzat.

LANAK

- Gazte eta Diasporakoen mailetan, parte hartzaileek nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 6 eta gehienez 10 izango dira.

- Helduen mailan, parte hartzaileek nahi adina bertsopaper bidal ditzakete. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 8 eta gehienez 12 izango dira.

GAIA eta HIZKUNTZA

- Maila guztietan gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, bakoitzaren aukerakoak. Bertso guztiak, Euskal Herritik zein Diasporatik datozenak, euskaraz idatzitakoak izango dira.

HELBIDEA

Lanak e-postaz zein paperean jasoko ditugu eta helbide hauetako batera bidali behar dira:

hernandorenake@zizurkil.net

edo HERNANDORENA KULTUR ELKARTEA

(Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa)

Iriarte etxea – Pello Mari Otaño plaza, 1

20159 – Zizurkil

EPEA

Bertso-lanak 2014ko ekainaren 22aren aurretik bidaliko dira aipatu helbideetako batera.

BALDINTZAK (guztiek bete beharrekoak)

- Bertsoak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.

- Lanak izenordez bakarrik sinatuko dira. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du eta bertso sortaren barruan jarriko da. Paperezko kasuan, bertso sorta hori eta izenordea gutun azal batean sartuko dira. Beste gutun azal batean xehetasun guztiak adieraziko ditugu: egilearen izenordea eta izena, jaiotze-data, helbidea eta telefono-zenbakia. Azkenik, bi gutun azalak beste bakar batean sartu eta aipatutako helbidera bidaliko dira. E-postaren kasuan, berriz, bi artxibo erantsi beharko zaizkio igortzen den mezuari: bertso-sorta batetik eta gainontzeko xehetasunak bestetik.

SARIAK

Irabazleek sari hauek jasoko dituzte:

GAZTEEK DIASPORAKOEK HELDUEK

1.go saria: 250 € 250 € 500 €

2.go saria: 100 € 100 € 250 €

SARI-BANAKETA

Hernandorena K.E.a harremanetan jarriko da irabazleekin sarien berri emateko. Sari-banaketa ekitaldia 2014ko uztailaren 11n izango da, Zizurkilgo Iriarte jatetxean egingo den bertso-afariaren barruan. Sariak jasotzerakoan, irabazleek beraien bertsoak kantatzeko aukera izango dute. Saridunen batek ekitaldira etortzerik ez balu (Diaspora..) saria etxera bidaliko zaio.

EPAIMAHAIA

Epaimahai-lanak Zizurkilgo HARITUZ BERTSO TALDEAK egingo ditu. Epaimahaiak horrela erabakiko balu, sariren bat hutsik gera daiteke. Epaimahaiaren erabakiak aldaezinak izango dira.

LANEN JABETZA

Lan sarituen jabetza antolatzaileen esku geratuko da. Hernandorena Kultur Elkarteak eskubide osoa izango du lan horiek argitaratzeko. Egileak bere lanak argitaratzeko asmoa izango balu, Hernandorena Kultur Elkartearen baimena beharko du.

INFORMAZIO GARRANTZITSUA

Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri guztiak onartu direla esan nahi du. Argibiderik behar izanez gero: 656743741 telefonoa edo hernandorenake@zizurkil.net.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!