Bertsolaritzari buruzko doktore tesia egiteko deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 12a, 16:53

Mintzola Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker, bigarren urtez, bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatuko duen ikerketa-kontratua aurkeztu dute gaur goizean Villabonako Subijana etxean. Beñat Gaztelumendi Mintzola Fundazioko patronatu kidea eta Ikerkuntza arduraduna, Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedraren zuzendaria eta Xabier Etxaniz Erle EHUko Euskararen arloko errektoreordea eta Mintzola Fundazioko patronatu kideak azaldu dituzte deialdiaren xehetasunak:

2011 eta 2012 urteetan zehar, Bertsozale Elkarteak bertsolaritza munduko eta Euskal Herri osoko ehundik gora bertsozale, eragile eta aditurekin Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile (IEPH) prozesua gauzatu zuela azaldu du Beñat Gaztelumendik eta nola prozesu horretan, emaitza gisa, iker-lerro edo ikergai zerrenda bat lehenetsi zen. Era berean, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak artearen eta folklorearen adierazpenei nahiz euskal artisten obrari buruzko doktore-tesiak sustatzea bere zereginen artean duela jakinarazi du, bertsolaritzari (musikari eta dantzari bezala) arreta berezia eskainiz.

Aipatu bezala, Mintzola Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan, aurten ere bertsolaritzari buruzko beste doktorego-tesi bat jarriko da abian. "Doktoregaiak berak aukeratuko du bertsolaritza zein talaiatatik aztertu nahi duen. Iker-lerroak ikusgai daude www.mintzola.com atarian. Hasiera batean urtebeteko kontratua izango da, beste hiru urtez luza daitekeena", argitu du Beñatek. Aurten bigarrenez aurkeztu dute bertsolaritza iker dadin ikerketa-kontratua. Iazko deialdiari erantzunez, Miren Artetxe ari da lanean bertsolaritzaren transmisioa aztertuz. Eskerrak emanez amaitu du Beñatek bere sarrera, "gure aldetik, Mikel Laboa Katedra eta EHUri eskerrak eman nahi dizkiegu, deialdi hau abian jartzeko laguntza eman eta bidelagun izateagatik".

Juan Kruz Igerabidek, bere aldetik, Mikel Laboa Katedraren egitekoetako bat bertsolaritza, dantza edota artearen baitan, gutxi ikertutako arloen ikerketak bultzatzea dela adierazi du eta urtero, hainbat beka deialdi kaleratzen dela. "horien artean, Mintzolarekin bertsolaritza bereziki aztertzeko beka deialdia. Lan horien unibertsitate homologazioa egiteaz arduratzen gara, besteak beste. Iazko saiakerarekin oso pozik gaude. Iazko lana antropologiarekin lotutako ikerketa den arren, filologia, filosofia edota beste edozein adarretatik etor daiteke hurrengoa".

Xabier Etxaniz Erlek Mintzolak, Mikel Laboa Katedrak eta EHUk bilkura naturala osatzen dutela adierazi du, elkarrekin modu batera edo bestera elkarlanean ari diren erakundeak direla. Euren ondoan legokeen laugarren erakundea Gipuzkoako Foru Aldundia dela gogorarazi du, ekintza ezberdinak gauzatzen laguntzen dietelako. "Ikerlari eta irakasleak gara, gizartean aurrera egin eta gizarte hobea eratzeko ikertzea dagokigu eta horren baitan sartzen da beka hau. Euskal kulturaren eta euskararen unibertsitate gara eta euskal kultura nahiz euskara bultzatu behar dugulako gaude hemen. Sinergia behar dugu, gure artean batu behar dugu gaudenak hobeak izateko. Gaurkoa batuketa naturala da: indartsuago eta hobe izateko".

Eskariak aurkezteko epea irailaren 12ra arte luzatuko da: Mintzola Fundazioa. Subijana Etxea, Kale Nagusia 70. 20150 Villabona.

Hautatuaren izena eta ordezkoen zerrenda irailaren 30ean argitaratuko da.

MintzoolaM

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!