2012an astero 2800 kg errefusa sortzen zen herrian eta egun, 700 kg-ra jaitsi da kopuru hori. Garraioan aurrezpena eragin du horrek, izan ere, lehen errefusaren kamioia astean hirutan joaten zen Adunara eta 14 puntutan jasotzen zuen hondakina. Egun, hamabostean behin egiten dute bilketa, toki bakarrean.
Josu Amilibia alkateak eman ditu azalpenak: "Herrian konpostatzen dena eta gaikako bilketa kontuan hartuta, hondakinen %82,3ko kopurura iristea lortu dute adunarrek".
Herritarrak zoriondu ditu Josuk: "Udalak argi utzi nahi du emaitza hauek herritarren parte hartzearekin lortu direla, eta beraiek izan direla posible egin dutenak. Beraz, eskertu eta batez ere zoriondu egin nahi ditugu Adunako herritarrak eta ostalariak".
Foru Aldundiak, 2020rako %75eko birziklapen tasa lortzea finkatu du helburu gisa eta Adunak dagoeneko betea dauka helburu hori. Nolanahi ere, sistema hobetzen eta beharretara moldatzen jarraitzeko asmoa azaldu du alkateak.