Indarra, Andoni Urbistondoren iritzi artikulua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 12a, 13:43

Gure Esku Dago giza-katearen biharamunean Aiurriko erredakziora iritzi artikulua helarazi zuen. Urbistondo Urnietako lantaldean aritu da lanean.

Iritzi artikulua:

INDARRA
Andoni Urbistondo # Urnieta

Ez dakit noiz izan zen. Baina lerroburuarekin gogoratzen naiz. "Indarra!". Hitz hori aukeratu nuen Berria-n euskal mendizale talde batek Everestera Hornbein korridoretik igotzeko erronka zuen espedizioa azaltzeko. 3.000 metroko elur eta izotz horma ia perfektua, munduko gailur garaienera heltzeko. Indarra sentitu nuen Gure Esku Dago ekimenaren asmoen berri izan nuenean. Abestia eta bideoa entzun nituenean. Bideoaren hasieran Urnieta eta Adarramendi azaltzen zirela ikustean. Herrian ekimenari bultzada emateko talde anitz eta aberatsa sortu zenean. Eta ekainaren 8an zer? Ikaragarria. Eta ekainaren 8ko gauean? ETBko irudiak ikusten? Malko zorian.
Adinean gora joandako aiton-amon adoretsuak hunkituta, haur, gazte, heldu, emakume, gizon, ikurrina, Nafarroako ikurra eta Gure Esku Dagoren leloa eta kamisetak soinean. Indarra hitza etorri zitzaidan burura, eta honatx nire hausnarketatxoa. Urnietak beti izan du militantzia gutxiko herriaren sona, baina igandean lau autobus lepo bete ziren, eta autoetan ere jende asko bertaratu zen/ginen Irurtzunera, 102. kilometrora. Eta han? Giro lasaia hasieran, baina 11:00tarako bero latza zerutik behera, eta lurretik zerura. Jende oldea, denak alai, denak mugitzeko gogoarekin, munduari zer nahi dugun erakusteko gertu: argazkiak, kamara daraman motorrari adi, Apalantzaren helikopteroaren kolorea, zanpantzarrei txalo zaparrada handia... 1.150 lagun gure kilometroan Astigarraga, Goizueta eta Aranoko herrikideak lagun genituela. Kolore guztietakoak. Pentsaera anitzekoak. Baita euskal ez abertzaleak ere.
Indarra erakutsi du Euskal Herriak. Euskal jendarteari. Gai dela esan. Dagokion eskubide bat lortzeko pauso itzela eman du. Eskubidearen aurretik legea jartzen duenari indarra dugula esan diogu, ulertu edo ikusi nahi ez duten indarra... Indarra bihotzean, indarra buruan. Indarra guk geuk erabakitzeko. Gure eskubidea delako. Milaka lagun igo dira Everestera. Gutxi batzuk Hornbein korridoretik (zazpi espedizio). Euskal Herria Hornbein korridorea gainditzeko bidean da, igandeko erakustaldiarekin.
Ehunka, milaka txiok bete zuten sarea igande arratsean. Txio zaleak seko harrituta, orokorrean, baina pozik, egin eta ikusitakoarekin. Pertza horretatik, erreflexio hunkigarri honekin bukatu nahi nuke: "Nire aurreko belaunaldien jaiotetxe aurrean ikusi dut, agian hil aurretik independentzia ikus dezakegula. Aurrekoak gogoan, negar egin dut" (Joxe Mari Apaolaza, Euskadi Irratiko esataria). Egin negar, baina egin indar. Gure Esku Dago, gure eskubidea da!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!