Andoaingo eta Urnietako Gure Esku Dago ekimenekoen esker ona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 12a, 13:35

Egun gogoangarria izan zen askorentzat, ahazten ez den horietakoa. Eskuz esku lotuta, Durangotik zetorren giza-katea Iruñerantz zihoan. Eta konexio hori ziurtatzeko, urnietar eta andoaindar askoren eskuak.

Andoaingo eta Urnietako taldeen esker ona:

ESKERTZA
Andoaingo Gure Esku Dago

"Zorionak eta mila esker Andoain! “Gure esku dago” giza-katea Andoainen antolatu duen batzordeak Andoaingo herritarrak zoriondu nahi ditu ekainaren 8an izandako arrakastagatik. Andoaini zegokion kilometroan, 103 kilometroan, 995 lagunek katea osatzea lortu genuen, beraz andoaindar ugarik jarri du bere hondar alea erabakitze eskubidearen alde.
Bestalde, nola ez, gurekin eskuz esku kanpaina honetan euren laguntza eskaini diguten denda eta tabernak eskertu nahi ditugu. Izan metroen salmentan, izan autobuserako txartelen salmentan, euren laguntzarik gabe ezinezkoa izango zitzaigukeen ekimen hau behar bezala antolatzea.
Beraz bihoakie gure eskerrik beroena Keinu arropa dendari, Ernaitza liburudendari, Xaxi eta Lanbroa tabernei, Li arropa dendari, Ikelatz mertzeriari, Urrats inprimategiari eta Aralai dendari".

 

ESKERTZA
Urnietako Gure Esku Dago

"Ez dugu berehalakoan ahaztuko igandean urnietar askorekin batera bizitakoa. Urnietan aspaldi ekin genion lanari, metroak salduz eta ekitaldi osagarriak antolatuz. Ekainaren 8koa, aldiz, betiko gogoan izango dugun egun horietakoa da. Eguzkiak gogor jo zuen eta aukeran itzal gutxi. Eta, hala ere, hara joandakoen jokabidea miresgarria izan zen.
Azken hilabete luzeetan lanean jardun dugu bai, baina guk bakarrik ez. Eta hori dela eta lerro hauen bidez urnietar askoren laguntza eskertu nahiko genuke. Hasteko, esker mila 260 urnietar horiei, metroa erosiz eta beren presentziarekin ekimenari zentzu osoa eman ziotelako.
Itzalean lan bikaina egin dute hainbat merkatarik, eta horiek ahaztea barka ezina litzateke: Amailur, Kantoi, Muazpi, Trazos, Xauxar, Joxan Altuna, On Bizi elkartea...
Urnietar askok bat egin dute ekimen ezberdinetan: antzezleak, musikariak, bertsolariak, batukadakoak...., Bideogintzan aipamen berezia merezi dute Juantxo Sardonek eta Jon Gorospek.
Giza kate erraldoiaren aurreko astean Galarretan jaialdia antolatu zuten eta Batzokiko kideek bazkari ederra eskaini zieten Tarragonatik etorritako casteller taldeko partaideei. Haiei ere, mila esker. Eta baita Urnietako Udalari, bilerak egiteko tokia utzi izanagatik. Zorionak eta mila esker, Urnieta".
 

Aiurriko Gehigarri Berezia PDF formatuan

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!