Kirola eta joko garbia hizpide Andoaingo Kirol Astean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 12a, 13:33

Kirola eta jator jokatzea ardatz hartuta, mahai-ingurua antolatu zuten, Andoaingo Kirol Astearen baitan. Lehen zatian, eliteko kirolariek protagonismoa hartu zuten: Jon Gaztañaga (Real Sociedad), Nagore Arizaga (Bera Bera), Imanol Rojo (eskiatzaile olinpikoa) eta Miguel Angel Perez Lasa (lehen mailako epaile ohia).


Gazte-gaztetatik izan duten ibilbidea eta etorkizunera begirako ilusioak izan zituzten hizpide. Gaztañagak pilota eta futbola zituen gogoko, baina bigarrenari eutsi zion gogor. Realeko gazte mailetan jokatzen hasi zen agudo, eta 17 urte azpiko Europako txapeldun bihurtu zen Espainiako selekzioarekin. 23 urte beteko ditu eta oraintsu jakin du hurrengo denboraldia Realarekin jokatuko duela.
Nagore Arizaga Leizaran eskubaloiko harrobian hezi zen eta Bere Berak fitxatu zuen ondoren. Azken bi urteetan Espainiako ohorezko mailako Liga, Superkopa eta Erreginaren kopa irabazi ditu.
Andoainen ikasle izan zen Imanol Rojo tolosarra txikitan hasi zen eskiatzen Aralarren, eta geroztik Espainiako txapelduna da iraupen luzeko eskian. Xochiko 2014ko neguko olinpiadetan parte hartu zuen. Laugarren hizlaria Perez Lasa izan zen, azkenik, iaz erretiratu zen epaile lanetatik. 1996-1997 denboraldian igo zen lehen mailara, eta geroztik 300 partida egin ditu.

"Jokatu jator kirolean"
Horixe zen solasaldirako jarri zen gaia, eta horren inguruan jardun zuten lau kirolariek, euren iritzi eta esperientziak kontatuz. Saioaren bigarren zatian, ostera, Andoaingo hiru kirol arduradunek ere parte hartu zuten; Gurutz Letamendi (Leizaran eskubaloi taldea), Gorka Otaegi (Euskalduna futbol taldea) eta David Urtasun (La Salle-Berrozpe ikastetxeko Eskola Kirolako arduraduna). Hirurek ere gauza bera nabarmendu nahi izan zuten; alegia, nor bere esparruan, zenbait balore sustatzen saiatzen direla, kirola eginez, ondo pasatzeaz gain. Balore horiek hezkuntzarekin daukate zerikusia, hain zuzen. Lehiakortasunaren gainetik, gizalegea eta errespetua beti nagusitu behar direla uste dute hirurek ere.
Helburu horiek garatzeko orduan, partidatara agertzen diren ikusleen, eta batez ere zenbait gurasoen aldetik maiz sumatzen den jarrera zabarra nabarmendu zen, eta adierazpen kritiko ugari entzun ahal izan zen parte hartzaileen ahotik.
Besteak beste, zenbait guraso itsutu egiten direla umeen partidak ikusten ari direnean. Kirol hori futbola denean, batik bat. Nonbait, euren seme-alaba onena dela iruditzen zaie, eta aurkariei eta epaileari edozer astakeria esateko eskubidearekin sentitzen dira: "Futbolaz denok dena dakigula iruditzen zaigu, baina hori ez da egia. Nik urteak daramatzat entrenatzen, ikastaroak jasotzen..., eta egunero ari naiz ikasten", zehaztu nahi izan zuen Gorka Otaegi entrenatzaileak.
2013ra arte futbolean lehen mailako epaile izan den heinean, badu zer kontatua Perez Lasak, eta besteak beste, bigarren erregional mailako entrenatzaile batekin behin edukitako hizketa aipatu zuen: "Gipuzkoan epaileak zergatik diren hain txarrak galdetu zidan. Nik erantzun nion maila bakoitzean jakintza bereko entrenatzaile, jokalari eta epaileak biltzen zirela. Lehen mailan oso onak direla denak, baina bigarren erregionalean epaileak entrenatzaileen parekoak izaten direla...".
Gurutz Letamendik, saskibaloiko entrenatzaile gisa eskuratu duen eskarmentua kontuan hartuta, zera adierazi zuen: "nahiko jakina da gauza: haur batek, entrenamenduetan nolako jokabidea erakutsi, halakoa da etxean jaso duen hezkuntza".
Hizlari guztiek, ikuspegi kritiko horretan sakonduz, aitortu zuten nekeza dela lehia eta garaipena lehenesten den gizarte batean hezi legezko baloreak sustatzea.
Perez Lasak futbolean elitean dabiltzan eragileei ere zuzendu zizkien kritikak: "urtetan epaileek frogatu ahal izan dugu jokalariek joko zelaian erakusten dituzten jokabide itsusi horiek (antzerkia area barruan, ukabilkadak, atzetik sarrera gogorrak...) umeek gero imitatu egiten dituztela".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!