Barberenak Andoaingo herriaren eta kirol taldeen omenaldia jaso zuen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 12a, 13:32

Andoaingo Txirrindulari Eskolan bere jaiotzatik egindako lana azpimarratu dute herriko kirol elkarteetako eragileek.

Taldekideak eta txirrindulari gazteak, adiskideak, Andoaingo kirol eragileak..., jende asko bertaratu zen Basterora. Barberena oso pertsona maitatua da Andoainen, eta  ez zuten omenaldi ekitaldira hutsik egin. Omenduaren merituak aipagai izan ziren ekitaldiaren hasieran: “Txirrindularitza eskola 1984an sortu zenetik Joxe Barberenak egundoko dedikazioa eskaini dio berari, denbora lapurtuz familiari, ogibideari eta aisialdiari; betiere helburuak zein ziren argi edukita: haurrei txirrindularitza praktikatzeko aukera ematea, eta horrekin batera, pertsona bezala garatzen laguntzea. Orduz geroztik, herriko ehunka gazte igaro dira eskolatik. Gogoko duten kirolean jardun dute, eta batez ere, edozein kiroletan ezinbestekoak diren ezaugarriak, hots, bizitzan baliagarri diren hainbat balio transmititu zaizkie; hala nola, ahalegina, sakrifizioa, diziplina, elkartasuna, elkarlana...”.
Bi bideo ezberdinen bitartez eskolaren ibilbidea eta kirol eragileen aitortza erakutsi zituzten.

Oso hunkituta agertu zen Barberenari ekitaldia hasi zen une beretik eta oroigarria jasotzera oholtzara igo zenean, ez zuen gehiagi luzatu bere mintzaldia: “oso zail utzi didazue, dena esana geratu baita. Egia esan, hunkituta nago, edozeini oilo ipurdia jartzeko moduko hitzak entzun baititugu hemen”.
Berezkoa duen umorea ere erantsi nahi izan zuen bere mintzaldian, emozioa gainditu nahian: “Eskaini diren bideo horietan, naizena baino guapoagoa ikusi dut nire burua! Mutil garaia eta begi urdin!”. Azkenik, eskerrak eman nahi izan zizkien bertaratu ziren guztiei: Benetan eskertuta nago zuekin, hona etorri zaretelako. Besteak beste, jende artean ikusten ditut Abraham Olano eta baita Asier Etxezarreta, azken hau Amerikatik ia-ia igeri eginez etorri dena ekitaldira! Mila esker guztiei, herriko kirol taldeetako ordezkariei eta kirol patronatuari, eta batez ere zuei, txirrindulari taldeko kideei, urtetan ederki aguantatu nauzue eta!”.
 
Kirol eragileen aitortza
Igor Lizasoain,
Gazteleku pilota eskola

“Bere nortasunetik ume eta gazteekin ibiltzeko duen abilezia berezia azpimarratuko nuke. Giza harremanetarako alaitasuna eta giro ona jartzen dakien pertsona da. Iaioa da jendea proiektu batera erakartzeko lanetan, eta gainera, ilusioa pizten duen horietakoa da”.

Gurutz Letamendi
Leizaran eskubaloi taldea

“Joxe gizon txikia da neurriz, baina piperraren antzera saltsa guztietan dagoen pertsona da. Zertan ez ote duen parte hartzen: Inauterietan, kirol ekitaldietan, auzo edo herriko jaietan... Autentikoa da!”.

Aitor Amutxastegi
Txirrindularitza eskola

“Gizon sortzailea izan da beti Joxe. Saltsera da izatez, eta, printzipioz, ez daki ezetz esaten. Zerbait eskatzera datorkion horri erantzuteko prest dago beti, herriko ekimenetan parte hartzeko, herriko elkarte ezberdinei laguntzeko. Andoaingo Txirrindulari Eskolak akaso funtzionatuko luke Joxerik gabe, baina ziur izan ez litzatekeela horren kohesionatuta egongo. Bera guztion artzaina dela esan ohi da, eta egia da.
Andoaingo eskolan jartzen du bihotza eta burua, eta horrela ezagutzen du jendeak batez ere herrian. Gogoratu behar da lan izugarria egindakoa dela herritik kanpo ere. Gipuzkoako eta kanpoko txirrindularitzaren munduan oso estimatua da, bere iritzia oso kontuan hartzen dute”.

AIPAMEN BEREZI GEHIAGO
Denboraldian zehar lortutako emaitzagatik, ekitaldian bereziki aipatu ziren zenbait modalitatetako kirolari eta taldeak:

  • • Pako Arnaiz. Martxako modalitatean eta 70 urtetik gorakoen kategorian, pista estaliko txapelduna 3.000 metrotan eta Euskadiko txapelduna 5.000 metrotan.
  • • Nagore Arizaga. Bere Bera eskubaloi taldearekin, bi urte jarraian Espainiako Liga, Superkopa eta Erreginaren kopako irabazlea.
  • • Jokin Alberdi. Kadete ziklo kros Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako federazietako kopako irabazlea. Parte hartutako lasterketa guztiak irabazi ditu.
  • • Asier Arregi. Mendi bizikletako Gipuzkoako txapelduna.
  • • Olatz Odriozola. Mendi bizikletako Gipuzkoako txapelduna.
  • • Amador Granados. Txirrindularitza egokitua. Espainia mailan, bi urrezko domina pistan eta txapelketa errepidean. Mexikon jokatutako mundu mailako pistako txirrindularitza egokituan, urrezko domina.
  • • Leizaran eskubaloiko kadete mailako mutilak eta neskak Gipuzkoako Foru Aldundiko torneoko txapeldunak.
  • • Txirrindulari eskolako kadete eta jubenil mailako taldeak  Gipuzkoako txapeldun erlojuaren aurkako txapelketan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!