Zabalik dago Zimiterioko Pilota Txapelketako izen-ematea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 9a, 13:23

Hamabigarren urtez antolatu du Zizurkilgo Ziotza Kirol Elkarteak Zimiterioko binakako esku pilota txapelketa. Zizurkilgo elizari atxikita dagoen frontoi bereziari bizia emateko sortu zen txapelketa herrikoia, eta dozena bat urte  geroago, erabat errotu dago. Aurtengorako izena emateko garaia iritsi da. Horretarako, telefono hauetara deitu beharko dute ekainaren 15a baino lehen: 616 961 153 edo 649 703 472

 

Bete beharreko baldintza bakarra esku pilotan aritzeko gogoa izatea da. Izen emateak, bikote bakoitzeko 10 euroko balioa du, baina sariak ere ez dira nolanahikoak izango. Irabazleak, txapela, kopa 100 euro eta afaria bereganatuko ditu. Azpitxapeldunak, kopa, 50 euro eta afaria. Hirugarren eta laugarren geratzen diren bikoteek, afari bana irabaziko dute. Lehenengo bikote zizurkildarrak berriz, 30 euro eskuratuko ditu. Izena emateko telefono hauetara dei daiteke: 616 961 153 edo 649 703 472.

 

Frontoi berezia

Beste zenbait herritan bezala, zimiterioa da jatorriz Zizurkilek pelotan ibiltzeko zuen txokoa. Oso frontoi berezia da; alturaz baxuagoa, bost kuadro besterik ez ditu, eta atzeko pareta erdiraino soilik iristen da. Alboetan bi poste daude gainera, pilotarien jarduna baldintza dezaketenak.

Iaz, hamasei bikotek parte hartu zuen txapelketa berezi honetan. Aurten ere, nahi duen edonork aukera paregabea izango du frontoi honen xarmaz gozatzeko. Kanporaketa partidak larunbat arratsaldetan izan ohi dira eta  finala berriz, ohi bezala, Zizurkilgo Amabirjin jaietan jokatuko da, aurten, abuztuaren 16an. Gauez jokatzen da finala eta jendetza hurbiltzen da ikuskizunaz gozatzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!