Agur Exkerrenea etxeari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 5a, 14:35

Maiatza erdialdean eraitsi zuten Andoaingo Exkerrenea etxea. Kaleberriko paisaia betirako aldatuta geratu da geroztik.

Azken urteotan gainbehera zetorren Exkerrenea etxea. Teilatua oso egoera txarrean zegoen eta azken hilabeteotan aldamioz inguratuta eduki zuten, oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
Etxearen iragana, ordea, bizitzaz betea izan zen. Hainbat familia bizi izan zen bere harrizko horma sendoen babespean eta Exkerrenea tabernak ere belaunaldi ezberdinetako andoaindarrak hartu zituen bere baitan.

Oñandinea
Exkerrenea tabernaren izena hartu zuen eraikin osoak, baina ez zen hori etxearen benetako izena. Bi eraikin ezberdinez osatua zegoen etxea: Oñandinea-aundi eta Oñandinea-txiki. Etxe bakoitzak bere sarrera zuen. Oñandinea-aundiko bizilagunek Aingurasutegi kalean zuten eskaratzeko atea. Oñandinea-txikikoek, berriz, Kaleberriko 5. zenbakitik zuten etxerako sarbidea.
Aizpurua txistularia
Oiñandinea txikiko azken solairuan bizitu zen, esaterako, Inazio Aizpurua txistularia. Berak jartzen zizkien txistu doinuak herriko hainbat ekitaldiri eta eskualdeko txoko askotan ere  txistua jotzen ibiltzen zen. Musikari lotuta ibili zen Inazio Aizpurua bere bizitza guztian zehar eta Andoaingo San Martin abesbatzako kide ere izan zen. Bere seme Martin Aizpurua Oñandineako etxebizitza hartara ezkondu zen. Urteak aurrera, Donostiara joan zen bizitzera. Ursula Aizpurua Arrieta izan zen etxebizitza hartako azken biztanlea. 1980ko hamarkadan joan zen hura ere Donostiara eta Oñandinea-txikiko azken solairua hutsik geratu zen.

Arruiztarrak
Exkerrenea tabernaren albo batean zegoen ate batetik sartzen ziren etxera Arruiz familiako kideak. 1950 hamarkadan, Modesto Arruiz eta Magdalena Garcia senar-emaztea bizi zen etxe hartan eta bertan hazi zuten familia. Etxearen atzealdera, baratzeetara ematen zieten etxeko leihoek. Azken urteetan, Pilar Garcia bizitu zen etxe horretan, hura ere 1980ko hamarkadan joan zen arte. Geroztik, hutsik zen etxebizitza hori ere. Oñandinea-aundiko azken solairuan bizi zen Antonio Martinez bere familiarekin. Bost seme-alaba hazi zituzten etxe hartan. Olitetik etorria zen Antonio zena, eta askok ezagutzen zuen Olite ezizenez.
Oñandinea-aundik bazuen etxeorde bat ere. Aingurasutegi kaletik zuen sarrera eta urte luzetan, bizilekua izan zen hainbat familiarentzat. Maria Pilar Yarza izan zen bertan bizitu zen azken bizilaguna.

Etxabean, botika
Exkerrenea tabernaz gain, Oñandinea-txikiko etxabeak botika bat ere hartu zuen garai batean, Furnieres farmazia. Auzoko bizilagunek bertara jotzen zuten sendagairen bat behar zuten aldiro. Azken urteotan belardenda izan da martxan etxabe horretan bertan.

Leizaran errekaren alboan
Errekatik metro gutxira zegoen Oñandinea etxea. Handik hartzen zuten baratzeak ureztatzeko behar zuten ura, errekaren alboko garbitokietara joaten ziren arropak garbitzera eta igerian ikasteko ere baliatzen zituzten errekako urak. Momentu zailak ere bizitu zituzten, ordea, errekaren gertutasunaren eraginez. 1953 eta 1983ko uholdeek, esaterako, larritasun uneak biziarazi zizkieten.
Errekaren gainetik igarotzen den zubia ere etxearen historiari lotuta geratu da. 1936ko gerran bota egin zuten zubi hori eta ez da urte asko etxearen ondoan garai hartako bonba bat azaldu zela. Etxea eraisteko lanetan ari zirela ere, egin omen dute antzeko aurkikuntzaren bat.
Maiatzaren erdialdean bota zituzten Oñandinea-aundi eta Oñandinea-txiki. Egoera kaskarrean zegoen eraikina, baina oraindik ere antzematen zitzaion garai bateko izaera. Andoaindarren belaunaldi asko eta askok ezagututako eraikina betirako galdu da.

Exkerrenea taberna
Urte asko pasa zituzten Garate ahizpek Exkerrenea tabernako barraren atzean. Taberna maitea zen Exkerrenea andoaindarrentzat. Familian, nahiz lagunartean, asko eta asko gerturatzen zen hara igande eguerditako bermutaz gozatzera. Hara joateko ohitura zutenek, gogoan izango dute tabernan izaten zuten piano zaharra ere.
Konsuelo, Maria Luisa eta Benigna Garate ahizpek bideratu zuten hango martxa. Hamarkada luzetan aritu ziren bertan lanean, tabernara gerturatzen zirenei harrera gozoa eginez.

Etxebizitza
Bizi ere Exkerrenea etxean bertan bizitu ziren hiru ahizpak, taberna martxan izan zuten bitartean. Oñandinea-aundi etxeko lehen solairuan bizi ziren. Baratzea ere eduki zuten etxearen atzealdean, baita usoak eta oiloak ere. Nahikoa lan osatzen zitzaien, ordea, tabernan, eta zaindari bat etortzen zitzaien baratzeko lanak zein uso eta oiloen zaintza lanak egitera.
Garatetarren baratzeaz gain, baratze gehiago ere bazen etxearen atzealdean. Familia bakoitzak zuen berea. Oilategia eta frutarbolak ere izaten ziren han, aranondo eta udareondoak, besteak beste. Orain gutxi arte zutik iraun dute oilategi zaharreko hesiek. Baratzeren bat edo beste ere izan da martxan azken urteotan.

Martin Gil, azken bizilaguna
Martin Gil Etxeberria izan da Exkerrenea etxeko azken bizilaguna. Bere familiak hamarkada asko zeraman etxe horretan bizitzen eta bertan jarraitu du Martinek, harik eta etxearen egoera kaskarrak handik ateratzera behartu duen arte.
1909ko agiri batek jasotzen duenez, Ascension Arburu, Martinen senitartekoak errentan zuen Oñandinea-aundi etxeko etxebizitza bat, lehendabiziko solairukoa hain zuzen. Juan Bautista Ichaso Asu iruinarra zen garai hartan etxearen jabea eta hiruhileko bakoitzeko 25 pezetako errenta ordaintzen zuen Ascensionek.

Belaunaldi ezberdinak
Belaunaldiz belaunaldi, familia bereko kideak bizitu dira Oñandinea-aundiko etxebizitza horretan. Agustin Etxeberria Fernandez, Martinen aitona zena, esaterako, bertan bizitu zen. Leoncia Arbururekin ezkondu, eta etxe hartan jaio ziren Joxe, Eugenio, Martin, Agustin, Maria Luisa eta Xabier Etxeberria Arburu. Garai hartan ohikoa zen bezala, etxe horretan bertan bizi zen Martin Arburu, etxeko osaba ere.
Urteak aurrera, Maria Luisa etxeko alaba, Patxi Gil Agirre andoaindarrarekin ezkondu zen Oñandineako etxebizitza hartara. Maria Luisa zenak, bere aurrekoek etxearen inguruan esaten zutena aipatzen zuen maiz; trenaren zubia egitetik soberan geratutako harriekin eraikia zela Oñandinea etxea. Maria Luisak eta Patxik han hazi zituzten Maria Cruz, Juan, Martin eta Jesus Mari seme-alabak. Aurrez esan bezala, Martin Gil izan da Oñandinea etxeko azken biztanlea. Iazko ekaina hasieran atera behar izan zuen handik, etxeko sabaiko pusketa bat erori zela eta. Hutsik izan da geroztik etxea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!