“Askotan, bizikleta erabilgarria da zaharkituta egonagatik”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 5a, 14:31

Andoni Mujika billabonatarrak txiki-txikitatik ditu gogoko bizikletak. Munduan barrena bi gurpilen gainean bidaiatua da. Bizikleta zaharrak konponduz, ekimen berritzailea du martxan orain.

Bizikleta zaharrak konpondu eta beharrean dauden pertsonei bidaltzen dizkiezu Afrikara. Kontaiguzu zure ekimenaren abiapuntua…
Zaborra uztera Garbigunera joan nintzen txanda batean, dozena erdi bizikleta ikusi nuen bazterrean pilatuta. ‘Nola bota daitezke bizikleta horiek zaborretara?’, pentsatu nuen. ‘Konpondu eta norbaitek aprobetxatuko ditu’. Bada, bizikleta haiek hartu, konpondu eta lankideei eman nizkien, euren umeentzat. Gerora, berriro, batetik eta bestetik bizikleta gehiago sortu zitzaidan eta lagun batek, Afrikara bidaltzeko proposamena egin zidan. Ideia polita iruditu zitzaidan eta Caritasi gizarte laguntza ekimenerako eskainita, halaxe hasi nintzen duela bi urte pixkanaka lanean. Oraintxe abiatu da 70 bizikletaz betetako edukiontzia Afrikara bidean, Malira hain zuzen.

Egun ere Garbiguneetatik eskuratzen al dituzu bizikletak?
Garbiguneetatik asko, baina gero eta jende gehiagok ezagutzen nauenez, bide ezberdinetatik iristen zaizkit bizikletak. Oro har, harrera ona du ekimenak, baina esaterako, harrituta geratu nintzen inguruko Garbigune batean nire proposamena interesatzen ez zitzaiela esan zidatenean. Bota behar den zerbait konpondu eta beste norbaitek berrerabiltzeari ezezkoa ematea harrigarria iruditu zitzaidan; krimena.
Etorkizunean, bizikleta kantitate handi samarra lortuko banu, nire asmoa, Afrikara joan eta bertan ofizioa erakustea litzateke.

Zein ezaugarritako bizikletak jasotzen dituzu?
Haur nahiz heldu, adin guztietako pertsonentzako bizikletak jasotzen ditut. Oso zaharrak, zaharrak eta berriagoak.
Malin, gurpil lodiko bizikletak gustatzen zaizkie. Terreno gogorra dute, hondarrezkoa eta karrerako bizikletak ez dira ondo egokitzen hango lurrera. Baina aurrerantzean, karrerako bizikletekin ere lanean hasiko naiz seguruenik; izan ere, Etiopian neskek lagunartean kirola egiteko lasterketa taldea sortu baita.

Zailtasunen batekin egin al duzu topo?
Bizikleta neurri eta modelo ezberdinak jasotzen ditut eta ondorioz, zaila izaten da bi bizikletekin bakarra egitea.
Konponketa lan guztia nire poltsikutik egiten nuen hasieran, baina zati batzuk lortzea oso zaila da eta konturatzerako, aurrekontua gora joaten zitzaidan. Orduan, Caritaskoei piezak euren kontu hartzea proposatu eta baiezkoa eman zidaten. Piezak ahalik eta merkeen erosten ditut internetez.
Teknologia gutxiago izangatik, lehengo bizikletek egungoek baino askoz ere kalitate hobea zuten. Gaur plastikoaren belaunaldian bizi gara. Gauza merkeak nahi dira eta arazoak sortzen ditu horrek askotan. Nik ez dut bigarren egunean hausteko arriskurik duen bizikletarik bidaliko Afrikara; bermea duten bizikletak soilik bidaltzen ditut.

Bizikletekin batera, josteko makinak ere badituzu tailerrean. Nolatan?
Emakumeak Afrikan gerra ondorenean oso egoera txarrean geratu zirela irakurri nuen erreportaje batean. Haiek bildu eta bizitza errazten saiatzen diren hainbat zentro osatu zituzten gerora bertan. Bizikletak bezala, josteko makinak ere ikusi izan ditut botata eta haiek ere jaso eta Afrikara bidaltzea pentsatu nuen. Josten ikasi eta egindako lanarekin sosak lortu edota euren autoestima indartzeko baliagarri bazaizkie, primeran!

Non ikasi duzu zuk bizikletak konpontzen?
Txikitatik, beti izan dut bizikleta eskuartean eta hura mantenduz ikasi nuen dakidana, erreminta pixka baten laguntzaz. Pena da, baina gaurko gizarteak ez du horretarako aukerarik ematen. Egun, funtzionatzen ez badu, konpondu beharrean, zaborretara botatzen da dena. Ez gara konturatzen zenbat zabor sortzen dugun alfer-alferrik. Bizikletaren alderdirik garrantzitsuena mantenua da. Zaindu egin behar dira, arropak bezalaxe. Izan ere, kasurik gehienetan, bizikleta erabilgarria baita zaharkituta edo zikinduta egonagatik. Txikitan ohitu nintzen ni bizikletak konpontzen eta orain ez zait batere kostatzen.

Zergatik egiten duzu lan hori?
Uste osoarekin egiten dut. Suhiltzailea naiz lanbidez eta bizikletak konpontzea zaletasuna besterik ez da niretzat. Hemen kirola egiteko gailu gisa erabiltzen dugu bizikleta, baina beste herrialde batzuetan mugikortasuna bermatzeko erabiltzen dute. Munduan zehar bizikletarekin bidaiatutakoa naiz eta bizimodua errazten duen erreminta txikia da niretzat bizikleta: eskolara, lantokira, lagunengana edota enkarguak egitera joateko erreminta. Etorkizun handia ikusten diot bizikletari: mugikortasun, jasangarritasun eta garbitasunaren aldetik bereziki.
Norvegiako politikariak, esaterako, bizikletaz joaten dira egunero lanera. Hemen eguraldiaren aitzakia jarri ohi da, baina benetan eguraldi gogorra hangoa da. Norvegia, Danimarka edota Holandan gurea baino eguraldi txarragoa izanagatik, egunerokoan bizikletan ibiltzeko ohitura handia dute. Hemen pixkanaka bidegorrien sarea osatzen ari da, baina oraindik kontzientzia handia falta da. Esaterako, AHTn izugarrizko dirutza gastatu da, baina Villabona eta Donostia lotuko dituen bidegorririk ez dago oraindik.

Sacemgo lantegi zaharraren sarreran aritzen zara konpontzaile lanetan. Udalarekin harremanetan zaude, beraz…
Aurrez Donostian eduki nuen tailer txiki bat, baina azken bederatzi hilabeteotan Sacemgo sarrerako lokalean ari naiz. Villabonako Udalari eskaera egin nionean, lokal hau hutsik zegoenez eta erabilera ematea onuragarria iruditu zitzaienez, baiezkoa erantzun zidaten. Oso argi daukat herrian badela bizikletak konpontzen dituen denda bat eta inolaz ere ez nieke haiei lekurik kendu nahi. Nik beharrean dauden pertsonentzat soilik konpontzen ditut bizikletak, ez norbanakoarentzat. Dudarik gabe, prest nengoke, lanbide hau ikasi nahi duenari dakidana erakusteko. Interesa duen edonorentzat zabalik dago tailertxo hau.

Bizikleta lagun, urtetan bidaia asko eginikoa zara. Nondik nora ibili zara?
Europa, Amerika, Afrika, Asia…, dezente ibili naiz munduan zehar. Bizikletarekin  bidaiatzeko, kirola egiteko modu hori gustatzea ezinbestekoa da. Bizikletaren gainean oso jende xumea ezagutu ohi da bidaietan; munduan zehar ezagututako pertsonen oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Gainera, mundua ezagutzeko oso modu polita da. Niretzat garrantzitsua da helmugara zein garraiobidetan iristen zaren: ez baita gauza bera kotxez, hegazkinez edota bizikletaz ailegatzea. Erronka da bizikletaren gainean iristea. Ausardia pixka bat behar da; baina, dudarik gabe, arriskuei aurre egiten erakusten du.

Nora abiatuko zinateke gustura?
Uda aldean Ukrainara joan nahiko nuke. Oraintxe ez dute oso egoera ona bizi, baina herrialde hartako oso erreferentzia onak ditut eta gerturatzea gustatuko litzaidake. Ukraina bezala, Iranera ere gustura joango nintzateke. Baina bizikletan bidaiatzeko denbora izatea oso garrantzitsua da. Lehen sei hilabeteko irteerak egiten banituen, orain hiru asteko tartea soilik izaten dut. Horrek asko murrizten ditu aukerak.

100 urteko bizikleta
Sacemgo biltegian konpondu edo txukuntzeko dituen guztien artean, duela 100 urteko bizikleta du zaharrena. Bizikletak berak zenbaki txiki batzuk ditu txukun-txukun grabatuta: ‘1914’. Egurrezko gurpilak ditu, dotorea da. Botata aurkitutako altxor txikiak ditu Andonik, 90 urte dituen beste batekin batera. Bizikleten historia kuriosoa dela adierazi du, “oraingo bizikletak garai batekoak baino askoz ere arinagoak dira eta itxuraz aldatu badira ere, geometria berbera mantentzen dute”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!