"Tolosar bezain asteasuar sentitzen naiz"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 5a, 14:23

Lau umeren ama, zinegotzia, musikari eta dantzaria, kirolaria eta etxe barruko nahiz kanpoko langilea ere bada Nerea Goikoetxea Gazpio nekaezina. Guztia ondo uztartzeko sekretua, izaera dela dio:

Asteasuko Udaleko zinegotzi zara azken hiru urteotan. Denboraldi horren zein irakurketa egiten duzu?

Egia esan, nik ez diot beste zinegotziek adinako denborarik eskaintzen Udaleko lanari. Eskola eta udaletxearen arteko bitartekaritza lana egiteko ardura hartu nuen nire gain eta horretara mugatzen da, batik bat, Udalarekiko nire parte hartzea. Baina argi dago aurretik espero nezakeena baino askoz ere lan gehiago sortzen dela udaletxean bazter guztietatik. Beraz, nahi adina denbora eskain dakioke Udalari. Denbora asko igarotzen dugu bileretan nahiz erabakiak hartzen.

Niri dagokidanez, hezkuntza mailan gauzatzea egokitu zaidan lana ez zait oso arrotza egin. Lau ume txiki ditugu eta laurak herri eskolara joaten dira. Aurrez ere guraso elkarteko kide nintzenez, lehendik ere eskolarekin, zuzendaritzarekin eta udaletxearekin tratua banuen. Udaleko kide gisa, ordea, jarraipen formalagoa egitea egokitu zait orain. Eta bozketa garaian botoa aldatu egiten da, noski: guraso bezala beharrean, bileretako botoa udaletxeko kide gisa ematen baitut orain. Baina azken finean, udaletxe bezala ere, eskolaren eta gurasoen interesak defendatzen ditut.

Eskola berritua duzue egun Asteasun. Geroztik, sortu al zaizue behar bereziren bat?

Asteasuko eskola txikia zen garai batean, baina handitzen joan da azken urteotan.
Aurreko legealdiak, azpiegitura aldetik zeuden beharrei erantzuteko berrikuntzak egin zituen eta egungo eskola, eskola txikitik dezente urruntzen dela esan daiteke: 270 ikaslerentzako lekua baitago.

Azpiegiturei dagokionez, ondo egokituta geratu zen eskola, baina behin berrikuntzak egin eta gero, behar berriak ikusten dira segidan. Oraintxe eskola kanpoko futbol eremua estaltzeko beharra sumatzen dugu. Ideala litzateke hori; euria egiten duenean, aterpe estaliaren bila frontoira jaitsi behar baitugu nahitaez.

Eskola kontseiluaren ardura izateaz gain, nazio eraikuntza eta politikagintza batzordeko kide ere bazara udaletxean. Alor horretan, zein ardura duzu zure gain? Batzordekide naiz eta bilera deialdiak egiten direnean, gustura hartzen dut haietan parte. Baina hezkuntzan aktiboki lanean ari naizen bezala, arlo horretan ez naiz hala ari.

 

Hainbat berrikuntza egin ditu Udalak azken boladan. Tartean webgune berria jarri duzue martxan. Zer nolako harrera izan du?

Aspaldian buruan generabilen webgune berri eta aktiboa egiteko ideia. Berriki jarri da abian www.asteasu.eu gune berritua eta uste baino harrera beroagoa izan du; azken asteotan, egunean 50en bat bisita jaso baititu. Legealdi honetan faltan botatzen genuen gauzetako bat zen, herritarrengana iristeko oinarrizko tresna baita egun web gunea.

 

Kulturarekin lotuta, harreman estua duzu Asteasun… Txistularia zara eta ekintza ugaritan hartzen duzu parte. Kontaiguzu…

2001 urtean etorri nintzen Asteasura bizitzera. Ez nuen Asteasun integrazio beharrik sentitu, hasieratik onartua sentitu bainintzen. Baino herriko ekintzetan parte hartzeak bertako sentiarazten laguntzen duela uste dut. Asko gustatzen zait txistua jotzea eta Asteasura etorritakoan, txistulari taldea zegoela ikusita, laster batean hasi nintzen haiekin biltzen. Harrera zoragarria egin zidaten hasieratik eta oso pozik nabil.

Talde polita da txistulariena. Herritar askok hartzen du parte eta oso txertatuta dago herrian. Urtero Sanpedrotan kalejira egin ohi dugu eta urtean zehar beste bi emanaldi eskaintzeko helburua ere betetzen ari gara.

Berriki burutu duzue txistu kalejira herrian. Txistuak ez ezik, zer nolako oihartzun du musikak Asteasun?

Joan zen igandean egin genuen txistu jaialdia. Eguraldi txarra zela eta, udaletxeko arkupeetan eskaini genuen emanaldia. Hamar bat pieza jo genituen; gu gustura geratu ginen eta ikusleak ere bai. Ikasitakoa erakustea oso aberasgarria dela iruditzen zait: Asteasun musikak aspaldidanik du oihartzuna eta emanaldi ezberdinak izaten dira urtean zehar. Duela bi aste, Mirari Irurzun Asteasuko biolin-jotzailearen kontzertua izan genuen, Aita Garaioa abesbatzarekin batera. Zoragarria izan zen. Andoaingo orkestra ere etorri izan da herrian jotzera eta Juan Tapiaren trikitilari taldea ere sarritan aritzen da. Oraintxe, festei begira gogor entseatzen ari dira. Asteasuk musikarekiko tradizio eta lotura estua du.

 

Txistuaz gain, txalaparta era jotzen duzu tarteka…

Tolosako Udaberri dantza taldeko Fernando Rojo lagunak erakutsi zidan duela 15 bat urte txalaparta jotzen. Jo baino gehiago lardaskatu egiten dut, baina ekintza jakinetarako deitzen nautenean, gustura hartzen dut parte. Txalapartarekin bezala, gitarrarekin ere zertxobait moldatzen naiz. Musika bezalaxe, dantza egitea ere izugarri gustatzen zait. Herriko dantzazaleen taldean parte hartzeaz gain, trikitixa non, hara joaten gara tarteka etxekoak. Aizterrazura, esaterako; fandango eta arin-arin batzuk dantzatu eta gustura bueltan etxera.

Saiakera berezia egin duzue Asteasun ohitura zaharrak berreskuratzeko. Zer moduzko harrera izan zuen maiatzaren amaieran arkupeetan antolatutako hirugarren erromeria saioak?

Udaletxeko arkupeetan igande iluntzetan erromeria egiteko ohitura handia zen lehen nonbait. Egun arkupeen ondoan ageri den leihotxoa taberna zen garai batean eta erromeria izaten zen bitartean, taberna zabalik egoten zen. Arkupe inguru hori guztia jendez betetzen omen zen igande iluntzetan. Ohitura hura berreskuratzeko gogoa piztu zitzaigun duela bizpahiru urte eta pozik gaude emaitzarekin. Arratsaldeko 19:00etan hasita, bi ordu inguruko erromeria antolatu ohi dugu geroztik udaberrian, pintxo edota sagardo kupelarekin lagunduta batzuetan. Maiatzean egin genuen saioan Juan Tapiaren taldeko trikitilariek eta herriko hainbat musikari gaztek hartu zuen parte. Oso saio polita eskaini zuten; jende mordoxka bildu zen eta gustura geratu ginen. Primerakoa litzateke arkupetako erromeria urtean zehar bizpahiru alditan egitea lortzea.

Gain-gainean dugun San Juan sua pizteko ohitura ere nahikoa berria da Asteasun…

Duela hiruzpalau urte, Matxintxulo gazte asanbladako kideek suaren inguruan egiteko oso antzerki musikatu polita prestatu zuten. Horrez gain, San Juan bezperan sua piztu, gazte eta heldu suaren inguruan bildu eta San Juan dantza egiteko ohitura sortu da azken urteotan. Doinu hori suaren inguruan entzutea oso momentu berezia da niretzat. Oilolarrua jartzen zait.

Sanpedroak antolatzen ere bete-betean ari al zarete dagoeneko?

Hortxe ari gara, gogoz. Batzuetan kanpotik etortzen garenak hainbat ekintza berri egiteko proposamenak ekarri izan ditugu, baina ez da erraza errotutako ohiturak aldatzea. Niretzat oso errespetagarria da hori, herri bakoitzak bere usadioak baititu.

 

Euskal musika eta kulturaz gain, kirola ere oso gogoko duzu. Gogoko bakarrik ez, landu ere lantzen duzu. Zein kiroletan aritzen zara nagusiki?

Gaztetandik izan dut kirola egiteko zaletasuna. Tolosa CF taldean igerian aritu nintzen urtetan eta gerora ere beti eutsi diot igerilekuan nahiz itsasoan igerian egiteari. Baina mendia eta aerobika lantzen ditut egun gehien. Izugarri gustatzen zait mendia eta luxua da Ernio etxearen ondo-ondoan edukitzea. Igandetan goizean goiz jaiki eta Ernioko legea egitea gustatzen zait, asko gozatzen dut. Asteasuko kiroldegian aerobik-a ere egiten dut, motibagarria iruditzen baitzait dantza pixka bat egitea. Baina gustatu, edozein kirol gustatzen zait: patinetan ibiltzea, bizikleta… Triatloi txikiren batzuetan ere parte hartu izan dut. Hiru kirolen konbinazioa oso konpletoa iruditzen zait eta oso gustuko dut… Eta eskiatzeko aukera dugunean ere, aurrera!

Tolosarra zara izatez. Herri handitik herri txikira erraz eman zenuen pausoa, baina sumatuko zenuen aldaketarik…

Aldaketa handia bai, mentalitatea oso ezberdina baita. Tolosan ez ezik, Asteasura etorri aurretik Bilbon bizitu nintzen sei urtez, han egin bainituen zuzenbide ekonomikoko ikasketak.

Asteasuko plazatik 7 kilometrora bizi gara egun, oso gustura, Azkonobieta baserrian. Bertako sentitzen dira umeak, Azkonobietakoak direla esaten dute. Ni ere oso gustura bizi naiz Asteasun, tolosar bezain asteasuar sentitzen naiz dagoeneko.

 

Etxetik kanpo, zertan egiten duzu lan?

Aholkularitza agentzia batean hasi nintzen lanean eta gero Bidaide bidaia agentzia zabaldu nuen Villabonan. Azken sei urteotan Kutxabanken ari naiz, Tolosan. Enpresa txikien finantza gestore naiz eta gogoko lana dut. Enpresa ezberdinekin harremanetan egotea oso aberasgarria da eta ikasten jarraitzeko aukera ere bai.

 

Udala, lana, etxea, haurrak, zaletasunak… Nola antolatzen duzu denbora, hori guztia aurrera eramateko?

Gustuko lekuan aldaparik ez! Izaera kontua dela uste dut. Aktiboa naiz, baina, era berean, lasaia; ondorioz, ez nau lanak itotzen. Ezingo nuke monotonian, ekintza gehiegirik egin gabe gustura bizi. Asebete egiten nau gauza berriak ikasi eta ekintza ezberdinetan parte hartzeak. Momentu honetan, argi dugu gure haurren heziketa dela lehentasuna eta haiei gauzak ikasteko grina transmititzen saiatzen gara. Koskortzen direnean, hala ere, ikasketa munduari berriro eutsi, etxeko baratzea serioago landu, turismo eta bidaien mundura gehixeago gerturatu, zaldi gainean ondo ibiltzen edota trikitixa jotzen ikasi nahiko nuke. Bizitza motz samar geratu behar zaidala uste dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!