Jone Aldaz, Basteron operaz gozatu duen ikuslea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 5a, 12:57

Ekainaren 11n Basteron Verdiren “Aida” eskainiko dute.

Erantzun ona eman diote andoaindarrek Opera Basteron eskaintzeko ekimenari. Hiru emanaldi eskaini dira, eta laugarrena, Giuseppe Verdiren “Aida” entzutetsua ekainaren 11n ikusi ahal izango da. Jone Aldaz emanaldi guztietan izan da, eta laugarrengoan ere ez du hutsik egingo.

Zer moduz joan dira hiru emanaldiak?
Jone Aldaz: Ederrak izan dira hirurak ere, Madama Butterfly, Carmen eta Turandot. 
Benetan pribilegio bat da opera Andoainen ikusi ahal izatea!
Egia esan, eskertu egin behar zaie opera gugana ekartzea otu zaien kultur programatzaileei. Nik uste, jendearen erreakzioa probatzeko antolatu zituztela lehen bi emanaldiak; operazale askok bide horretatik segi zezaten eskatu genienez, ausartu egin dira hurrengo biak antolatzera. 
Publizitate gutxi egin arren jende ugari hurbildu gara Basterora, eta beraz, iruditzen zait alderdi hori mugitzen badute, ahoz ahokoak gainerakoa egingo duela. Operak badauka etorkizuna Andoainen, baldin eta benetako apustua egiten bada behintzat.

Operak ez al du galtzen zuzeneko edozein ikuskizunak daukan xarma, pantailan pelikula baten moduan proiektatzen den une beretik?
J.A.: Inolaz ere ez! Pantaila handian, zinean bezala sentitzen zara, eta gauzak aurre-aurrean eta garbi-garbi ikusten dituzu. Oso grabazio onak dira, kamera askorekin filmatu eta gero muntaia txukunen ondorioz. Opera, era horretan, zuzenean baino hobeto ikusten dela esatera ausartuko nintzateke! Izan ere, dena daukazu alde: kantarien lehen planoak ikusten dituzu, atsedenaldi hilak moztu egiten dizkizute, primerako soinuaz gozatzen duzu. Eta gainera hori guztia nahiko ez eta azpitituluak dauzkazu istorioaren haria jarraitzeko; ez baita ahaztu behar operak, normalean, italieraz, frantsesez edo alemanieraz abesten direla... 
 
Emanaldi formato honek, agian, operari betidanik itsatsi izan zaion kutsu elitista ken diezaioke...
J.A.: Baietz esango nuke. Orain arteko errealitatea da zaleek urrunera (Donostia, Bilbo...) joan behar izaten dutela, eta oso noizean behin gainera, opera edo zarzuela zuzenean ikusi nahi izanez gero. Sarrerak ere ez dira edozein patriketara egokitzen... 
Eskura-eskura jarri digute opera, eta orain da zuzentzen hasteko aukera gizarte joera historiko horiek. Opera gizarte klase pribilegiatu baten kutixia den ustea ezabatu egin beharko genuke. Zenbait pertsonari gomendatuko nieke aurreiritziak uxatu, eta proba dezatela Basterora etorrita. Probatu ondoren, eta ez lehenago, esan daiteke gustatzen zaigun ala ez. Ez da zertan opera aditua izan behar, gozatzeko. Nik ez dut gauza handirik entenditzen, baina tarte atsegina pasatzen dut, eta hori da garrantzitsuena azken batean.

Zeu nola zaletu zinen operara?
J.A.: Orain urte piloa, RTVEn Zarzuela emititzen zuten larunbatero, eta telebistari pega-pega eginda egoten nintzen. Zarzuelako obra izugarri politak izaten ziren. Orduan hasi nintzen musika eta kantua estimatzen. Musika genero guztiak ditut gogoko: rock-a, pop-atik, txistua,... Basteroko emanaldi gehienetara hurbiltzen naiz. Beti ateratzen naiz pozik kontzertuetatik, musikari guztiek baitaukate zer erakutsia eta zer esana.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!