Andoaindik eta Urnietatik ehunka lagun abiatuko dira igandean giza-kate erraldoira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 5a, 12:55

Andoaindik autobusez 400 lagun abiatuko dira, eta Urnietatik 200 inguru. Askoz gehiago joango dira, ordea. Erabakitze eskubidea aldarrikapen eta ospakizun bilakatuko dute igande honetan.

Antolatzaileak denbora luzez lantzen aritu dira igandeko eguna, nazio mailan nahiz herriz herriko batzordeetan. Ekimenaren ardatza herritarrak izango dira, horixe adierazi zuen iazko uztailean Anjel Oiarbide ekimeneko bozeramaileak, “Gure Esku Dago dinamika bat da, norabide berean jartzen dituena, erabakitzeko eskubidearen alde, Euskal Herriko norbanakoak eta eragileak. Zeregin horretan lanean dihardutenen batura bat da. Une historiko honetan, indarrak batu gabe, bakoitza bere aldetik aritzea ez litzateke ulergarria izango. Behingoagatik, oinarrietan ados jarri, eta badatozen ekimen eredugarriak aprobetxatzen jakin behar dugu. Hortaz, elkartzera egin behar dugu, baina ez alderdi politikoak, baizik eta herritarrak. Eskozia, Katalunia, Ipar Irlanda edo Flandriako inertziak aprobetxatu behar ditugu, berrehun urtez demokrazian bizi direnen ekimenez kutsatzeko”. Kataluniako “Via catalana” ekimenaren ildotik, euskaldunek Durango eta Iruñea eskuz esku lotuko dituzte 50.000 lagunetik gorako giza-katearekin. Igande honetan eguerdiko 12:00etatik 12:30etara Irurtzun herritik gertu giza-kate osoaren 102 eta 103. kilometroak beteko dituzte Andoaingo eta Urnietako herritarrek. Nahi izate aldera egun osoko ospakizuna izango da, giza-katea amaituta Etxarri Aranatzen bazkaria, jolasak eta kontzertua iragarri dituztelako. Egun hauetan igandean bertan arazorik izan ez dadin garraioa, aparkalekuak eta logistika kontuak lotzen ari dira. Hitzordua “historikotzat” hartu dute dagoeneko, aurreko astean giza-katean parte hartzeko beharrezko den pertsona kopurua lortu dutela ziurtatu zutelako. Igandeko lehen orduan Urnietako anbulatorio zaharretik eta Andoaingo Makaldegitik autobusak abiatuko dira Arakil aldera. Lehentasuna autobusek izango dute. Autobusari jarraituz, kotxean joateko aukera dago betiere ibilgailuaren aurrealdean eta atzealdean kilometroa ondo zehazten bada.

 

Via Catalanaren bidetik, Gure esku dago

Aurreko igande eguerdian Buruntzaldeko eta Donostialdeko Gure Esku Dago taldeek kirol eta kultur jaialdia antolatu zuten Hernaniko Galarretan. Pilotariak, txalapartariak, bertsolariak edota trikitilariak giroa berotzen aritu ziren. Ustekaberik handiena, ordea, Kataluniatik etorritako Castellers taldeak lortu zuen. Ekitaldira eskualdeko Udal ordezkaritza politiko zabala hurbildu zen, tartean Mikel Pagola eta Maribel Vaquero Urnietako alkate eta alkate-ordea. Galarretan Anjel Oiarbide Gure Esku Dago ekimeneko ordezkariak parte hartu zuen, iganderako gonbidapena luzatuz: “Ekainaren 8an ikusiko dugu elkar. Hiru gauza aldarrikatuko ditugu giza-kate erraldoian: herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula, eta eskubide hori herritarrona dela”.


Batzokiari eskertza

Galarretako jaialdian Tarragonako Nens del Vendrell castellers taldeak hartu zuen parte. Igande eguerdiko saioa amaituta, gorriz jantzita zetorren taldeak Urnietako Batzokian bazkaldu zuen. Giro ederrean igaro zen bazkaria. “Topa egin” euskarazko adiera ikasi eta gero, euskaldunek eta katalanek denek elkarrekin topa egin zuten. Kataluniatik etorritako guztien izenean ordezkari bat mahaitik altxa zen Batzokikoei esker ona adieraztera, “zorionak sukaldariei. Itzuliko gara!”. Hizketaldia amaitzeko “Visca Catalunya y Visca Euskal Herria Libre!” adierazi zuen, bertan zeudenen txalo eta oihuen artean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!