Igande goizean hiru autobuska abiatuko dira Asteasutik Beasainera. Asteasuko Gure Esku Dago taldeko kide den Larraitz Alkortak jakinarazi duenez, “160 asteasuar pasatxok eman du giza-katerako izena eta goizeko 09:00etan hiru autobus abiatuko dira Beasainera, ekitaldi eta festa egunaren ondoren, Lazkaotik arratsaldeko 18:00etan itzultzeko”. Asteasun GED taldea herrian bertan osatu zenez, izena eman duten herritarren datu zehatzak dituzte. Gainerakoan, Aiztondo mailan, eskualde mailako datuak jaso dituzte oraingoz eta, dudarik gabe, 1160 herritarren kopurua ez da batere marka makala.
Amasa-Villabonatik autobus bakarra abiatuko da Beasainera eta Zizurkildik ez da autobusik izango, egun horretan tren zerbitzu berezia jarri dutelako (ikus ordutegi zabala). Beasainera nahiz herriz herri egokitzen den kilometrora gerturatzeko zerbitzu publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Usoa Elustondok, kasu honetan, “trena 58. kilometrotik oso gertu geratuko da: oinez 10 bat minutura. Ondorioz, bertara gerturatzeko garraiobide paregabea da. Gainera, tren zerbitzu berezia izango da igandean Beasainera joateko”, jakinarazi du.
Hauexek antolatzaileek igorritako argibide eta gomendioak:
Egunerako irizpideak
-Autobusek lehentasun osoa izango dute.
-Garaiz iritsi dagokizun metrora.
-Kasu egin antolakuntzako arduradunei.
-Giza-katea errepidearen ezker aldean osatuko da, Durangotik Iruñerako norabidean.
-Soinu ozen batekin emango zaio hasiera eta amanera giza-kateari, tokian tokian.
-Segurtasun arauak errespetatu: Bide bazterrean egon / Errepidea, zati askotan, ez da moztuta egongo. Beraz, kontuz autoekin eta autobusekin / Edozein ezbehar gertatzekotan, jarri berehala harremanetan antolakuntzarekin / Osasun arazoak egotekotan, eman bide anbulantzia edo gainerakoei / Segurtasunerako langileek lehentasuna dute une oro: Anbulantziek, Udaltzaingoak, Foralak, Ertzaintzak… / Zaindu ingurua. Zaborrak bildu eta eraman / Giza-katea amaitzen denean era ordenatuan joan, antolakuntzarako arduradunei kasu eginez / Giza-katearen ondoren ekitaldiak egingo dira, guneka, Durangon, Bergaran, Lazkaon, Arbizun eta Iruñean. Guztientzako tokia egongo da eta egunpasa polita egiteko aukera.
Gomendioak
-Autobusean joatea gomendatzen da.
-Oinez ibiltzeko moduko arropa erosoa eraman. Gure Esku Dago ekimenaren kamiseta janztea gomendatzen da.
-Ura eta edatekoak eramatea ezinbestekoa da. Kilometro gehienak errepide erdian
izango dira, edaririk hartzeko aukerarik gabe. Denbora dezente emango dugula kontuan hartu, eta beroa egin dezakeela.
-Eguraldi ona egiten badu: Arropa egokia, txanoa, eguzkitarako babesa (krema), eguzkitarako betaurrekoak.
-Euria egiten badu: Uretako arropa, uretano oinetakoak, aterkia.
-Jatekoa eraman.
-Adinekoa bazara, aulkia eraman ezazu.
-Haurrak badituzu, ez galdu! Zure telefono zenbakia idatzi haurrari.
-Etxeko animaliak badaramatzazu, lotuta eraman.
-Autoz bazoaz: Modu ikusgarrian jar ezazu zure kilometro zenbakia /Antolakuntzaren trafiko irizpideak jarrai itzazu / Parkinak seinalizatuta egongo dira /Kontuan hartu autobusek lehentasun osoa dutela / Telefonoa kargatuta eraman.
ORDUTEGIA
Oso garrantzitsua da, funtsezkoa, ordutegia zorrotz betetzea; giza-katea ondo ateratzeko gakoetako bat izango baita.
10:00 Parte hartzaileak bakoitza bere kilometrora helduko dira.
10:00-11:30 Giza-katea prestatuko da modu animatu eta ordenatuan.
11:30 Dena prest!
12:00 Hasiera. Txalapartak, adarrak, kanpaiek, bozinek edo beste soinuren batek emango dio hasiera.
12:00-12:30 Giza-katea.
12:30 Katearen bukaera. Soinuak adieraziko du amanera. Ekitaldiak ondoren.
12:30-13:00 Irteera bideratu. (Autobusek lehentasun osoa).
14:00 Ekitaldia.
58 kilometroko festa
Katea amaitu ondoren, trafiko arazoak saihesteko eta herri guztietan jendea bermatu ahal izateko antolatu dituzten ekitaldiei dagokionez, Lazkaoko ekitaldira gerturatzea egokitu zaio Aiztondo eskualdeari. Lazkaoko jaialdiko egitaraua.