Sorturen erantzuna EAJri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 4a, 15:05

Atzo Gipuzkoako hedabide batean Villabonako kronikan argitaratu zen artikuluari erantzunez, ondorengo gutuna igorri du Amasa-Villabonako Sortuko herri kontseiluak Aiurrira:

Nork erabili du azkenaldian kaka hitza bere ahotan?

Atzoko Diario Vasco agerkarian, ikusi ahal izan dugu Zizurkil zein Villabonako EAJ alderdiak oso akusazio gogorrak egin dituela ezker abertzalearen aurka. Amasa-Villabonako ezker abertzalearen espresio politikoa Sortu alderdia da eta honatx gure gogoetak gezur eta irainez betetako artikuluari. Egiatik gutxi, irainetik asko. Urduri akaso?

Nork deitu zion igande arratsaldean telefonoz Nagore Puyadena EAJko zinegotziari?

Zuek ezker abertzalearen aurka egindako salaketa soberan dago, eta ez gara azalpenak ematen hasiko, ez baitzaigu tokatzen. Lasai gaude. Gainera, hitzen partez, ekintzekin erantzun diegu, eta zergatik ezkutatu dituzue komunikabideetan, ezker abertzaleak honen inguruan egin dituen gestioak. Badaezpada ez duzue horren berri eman zuen komunikatuan; ahaztu zaizue esatea, gertakariak ezagutu bezain pronto Amasa Villabonako Udal arduradun batek, oporretan egonik ere, deitu egin zuela EAJko Udal bozeramailea, telefonoz, ondoren astelehean, posta elektronikoz harremanetan jarri ziren EAJko zinegotziekin eta garbiketa lanak lehen bai-lehen gauzatzeko gure konpromisoa adierazi, bai Tolosan eta baita ere hemen Villabonan. Telefonoa erantzun ez bazenuten ere, lanari ekin genion. Zuen aldetik ez da horrelako elkartasunik jaso esaterako alkatearen etxe aurrean azken edukiontzia erre zutenean. Gure herrian gertatu diren hainbat eta hainbat lekuz kanpoko gertakizunen aurrean ere zuen isiltasuna erabatekoa da (atzera joaten bagara zer esanik ez). Ez zaituztegu haserre sumatzen herri honetan egunero, gaur bertan, Oiartzunen, gertatzen diren eskubide urraketen aurrean.

Erasoa atez atekoarengatik izan ote den diozue, baina Kaka hitza ez da zaborren harira sortu den hitza ezta? Azkenaldian nork erabili du hitz hori pertsona batzuk, eskubideak ukatu eta iraintzeko ez bada? Pertsona guztiei beren jatorria edo poltsikoa begiratu gabe iraintzeko atrebentzia nork erakutsi du azkenaldion? zuen alderdiko alkate batek euskal herritar batzuei zuzentzeko hautatutako izenondoa da hori ezta?. Zuek tratatu dituzue herritar batzuk 'kaka' bailiran eta gainera, ordezkari horrek bere karguari eutsi dio. Ez nahastu hondakinak zuen arazoarekin. Amaitu mesedez hondakinak zuen errentagarritasun politikoa lortzeko erabiltzetik. Amasa-Villabonako Sortu osatzen dugun kide zein militanteok ez dugu eraso horrekin harremanik, are gehiago uste dugu abagune politiko honetan halako ekintzek ez dutela laguntzen, horrek ez du kentzen, ordea, EAJk darabilen politika herri honetan gehien dutenak babestu eta gutxien dutenak iraindu eta kakaren pare tratatzea dela oinarri (AHTren aurrean arduraz jokatu beharrean diru publikoa inolako logikarik gabe xahutzen, Kutxabanken pribatizazioa eta gizarte ekintza hankaz gora jartzen, pertsonak lagundu beharrean). Pentsatzen dugu, gizarteak eskubidea eta betebeharra duela kapitalismoaren zurrunbiloaren aurrean errebelatzeko. EAJk agintzen duen tokietan hartutako neurriek agerian utzi dute zein zuen borondatea eta praktika politikoa. Zuek pentsatu beharko duzue "Zuek zarete herri honen kaka" idatzi dutenek zergatik duten Sestaoko alkateak baino arrazoi gutxiago. Zer pentsa ematen du behintzat. Baina zuek beste behin kalkulu elektoralak egin eta guri atakatzea beste hoberik ez. Eta hori izango da zuen estrategia hemendik aurrera ere. Biluztu gaitezen.

Abertzale hitza handi geratzen zaigula diozue, zuen ordezkari nagusia den Urkullu lehendakariak atzo bertan erregeari enegarrenez men egin ostean ez dakigu negar edo barre egin, zain dago Felipe borboikoaren besoetara irribartsu jausteko. Errege espainiarrak bere boterea pertsonaz aldatzea aukera bat bezala ikusten duela esan du zuen alderdiko Lehendakariak, guk nahiago, Logroñoko kartzelan preso dagoen gure alderdiko Lehendakariaren esanak jarraitu. Lotsagarri behintzat ez gara geratu, inoiz, abertzale gisa.

Amasa-Villabonako Sortuk, errektifikazio publikoa eskatzen dio EAJri, atzokoan Tolosaldeko Sortuk adierazi moduan, diferentzia ideologikoak izanagatik, herri honen eskubide sozial eta politikoen defentsan, elkarlanerako gure disposizioa garbia da. Eta prest gaude elkarlanerako.

*Atzokoan Gipuzkoako hedabide batean argitaratutako kronika:

 


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!