AKEK gimnasia erritmikoa lantzen duen taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 4a, 14:24

Andoaingo AKEK gimnasia erritmikoa taldeak denboraldi oparoa izan du aurtengoa, izan ere, maila ona dutela erakusteaz gain, Gipuzkoa mailako podiumetara iristea lortu dute.

BIDEOA

Infantilek Udaberriko Torneoan hirugarren postua lortu zuten eta kadeteek, aldiz, lehenenegoa. Seniorrak Gipuzkoako Txapelketan hirugarren postua lortu zuten, bakoitzak bere aparatuan. Jubenilek, bestalde, B kategorian hirugarren postua lortu zuten eta Euskadiko Txapelketarako sailkatu dira. Gainera, bakarka ere kide batzuk lortu dute txapelketarako sarbidea.
Euskadiko Txapelketa larunbat honetan izango da Durangon. Iratxe Irastorza jubenilak dioenez, kurtso osoa egon dira txapelketarako prestatzen: “Urrian hasten gara entrenatzen eta lehenengo lehiaketa otsailean izaten dugu. Bertan egindako akatsak konpontzen saiatzen gara gero eta martxoan izaten dugu bigarren lehiaketa. Finala maiatzean izaten da eta podiuma lortu genuenez, Euskadiko Txapelketara igarotzea lortu dugu”. Aurten, kurtso osoa lehiaketara begira egon ostean, amaieraraino iristea lortu dute gazteek eta ondorioz, kurtsoan zehar botatako izerdiak merezi izan die jarritako helburua lortzeko.
“Dantza berdina entseatzen dugu urte osoan zehar, aldaketa batzuk egiten dizkiogun arren. Izan ere, gure helburua ez da dantza ezberdinak ikastea, dantza hori ahalik eta perfektuen egitea baizik”. Horixe erakusteko gogoz daude Iratxe eta bere taldekideak eta Gipuzkoan maila ona dagoela eta podiuma egitea oso zaila dela adierazi badute ere, emaitza ona lortzeko itxaropenez daude.
Gainera, larunbatekoarekin nahikoa ez eta gimnastek Igandean emanaldia eskainiko dute Andoaingo Kirol Astearen baitan. Urtean zehar ikasitako guztia erakutsiko dute eta hamairu urtetik gorakoek funky estiloko dantza bat ere egingo dute, gimnastika erritmikoko pausuak eta saltoak sartuta. Erakustaldia Allurralden izango da, igande honetan, goizeko 11:00tan eta ikasturtean zehar ikasitakoaren erakustaldia eskainiko dute.
 Maialen Arano eta Iratxe Irastorza txikitatik hasi ziren gimnastika erritmikoan, eta gaur egun, oraindik ere buru-belarri horretan dabiltza. “Ondo pasatzeko kirol bezala hasi ginen, baina denborarekin horrenbeste gustatu zaigu engantxatu egin garela eta azkenean, txapelketetarako motibatu gara”.
Oso kirol polita dela eta edonork egin dezakeena dela azaldu nahi izan dute, izan ere, askotan, aurreiritziengatik, malgutasun handiko pertsonentzat edo neskentzat soilik den ustea zabaldu da. “Kirol itxi bat bezala ikusten da, klubean gaudenok bakarrik praktikatzen dugun kirola bezala”, dio Iratxek. Horregatik, jendeari kirola ezagutzeko, praktikatzeko eta jarraitzeko deia luzatu diete AKEK taldeko kideek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!