Ezker Abertzalearen idatzia EAJ-ri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 3a, 11:55

Tolosaldeko Ezker Abertzaleak,Tolosako eta Villabonako EAJren egoitzek pairatutako pintaketak direla eta ondorengo idatzia igorri du:

“Tolosaldeko EAJk Ezker Abertzaleari egotzi dio bere bi batzokietan larunbat gauean agertutako pintadak (‘zuek zarete herri honetako kaka’) eta simaurraren jaurtiketa. Lehenik eta behin, argitu behar dugu Sortuk ez duela inongo harremanik gertaera hauekin eta era berean ez dugula onartuko horrelako akusazio merkerik inondik ere.

Euskal Herrian azkenaldian bere bizilagunei zuzentzeko ‘kaka’ hitza erabili izan duen alderdi bakarra EAJ izan da, Sestaoko alkatea, hain zuzen ere. EAJk ez dio Sestaoko alkateari bere kargutik kendu eta beraz EAJk ez du inolako sinisgarritasunik beste batzuei horrelako terminoetan ez zuzentzeko eskatzeko.

EAJk  bandera espainolaren inposaketaren lotu nahi izan ditu gertaera hauek, ordea, inolako funtsik gabe.

Gure eskua luzatzen diogu EAJri gurekin batera aritzeko euskal ikurren defentsan eta Espainiako ikurren aurka. Eredu sozio-ekonomikoan sakontzeko diferentziak izan arren (AHTren xahuketa, osasungintzaren eta Kutxabank-en pribatizazioa, Sestaoko alkatearen irainak...) Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen alde batera aritzeko tarte handia badaukagula uste dugu.

Tolosaldeko Ezker Abertzalea prest dago EAJrekin batera aritzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!