"Konpostaiari ongietorria Andoainen", Andoaingo Eguzkiren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 2a, 11:23

“Badugu Andoaingo Udala eta herritarrak zoriontzeko arrazoi on bat: autokonpostatzeko neurriak abian dira. Zehazki lau lan ildo dira abian:
1    Eraikin publiko (Udala eta Zaharren Egoitza) eta ikastetxeei (Ondarreta eta Ikastola) dagokiena.
2    Auzo konposta. Kalean jarritako eta auzotarrek kudeatutako guneak. Lehena martxan jarri da Etxeberrietan eta laster bigarrena Makaldegi inguruan.
3    Landa guneetako konpostaia. Lehendik ere badira konposta egiten duten landa guneko etxe eta baserriak baina oraingoan jarduera hau orokortzea litzateke helburua, banaka nahiz auzolanean.
4 Etxean konposta egin nahi dutenak. Autokonposta alegia, gida eskura dezake udaletxean.

Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu auzo konposta eta landa guneetako konposta  abian jartzea, hainbat andoaindarrek Udalari bide hauek martxan jartzeko eskariak eginak baitzituzten.
Gogoratu behar dugu konpostaia materia organikoa lur emankor edo/eta ongarri  bihurtzen duen eraldaketa naturalari deitzen zaiola eta Andoainen une honetan sortzen den zaborraren %40a materia organikoa dela.
Garrantzitsua iruditzen zaigu konpostaiaren bide honetan pausoak ematea, etxean sortutako hondakinei norberak edo auzolanean irtenbidea ematen zaiolako, hondakinen inguruan kontzientzia areagotzen laguntzen duelako, ingurumenari mesede egiten diolako eta bide batez hondakinen kudeaketaren kostua murrizten duelako.
Hala ere, dena ez da pozgarria. Gai honetan Udalak hartutako erabakiak aho batez hartu izana egokia bada ere, pausoak oso geldo ematen ari dira alderdiak, iaz Udal batzarrean onartutako helburua
–%60ko birziklapen mailara iristea 2016an– arriskuan jartzeraino. Ez dugu ahaztu behar helburu hori Udalean aho batez onartzeaz gain, Aldundiak helburu bera jarri duela Gipuzkoa guztirako eta baita Europako Batasunak ere.
Beraz, Udala osatzen duten alderdi politiko ezberdinei akordio on batetara iristeko benetako saiakera egin dezatela eskatzen diegu,  eta horretarako inguruko herrietako esperientziak balia ditzatela, besteen akatsez ikasiz, guk errepika ez ditzagun.
Gure aldetik ahalegina egingo dugu gure herriko zabor bilketa unibertsala, ingurumenarekiko arduratsua eta ordainketa nork bere esfortzuen araberakoa izateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!