Leizaran eskubaloi taldearen 35. urteurreneko erakusketa, gaurtik zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 30a, 11:43

CDB Leizaran elkartearen 35. urteurrenaren erakusteta kiroldegian.
Ordutegia:
Maiatzak 30. 19:00-21:00. / Maiatzak 31. 16:30-20:30.
Ekainak 2-6. 18:00-20:00. / Ekainak 7. 17:00-19:00. 

 

Leizaran eskubaloi talde gogoangarri hura
Erreportajea, jarraian:

Ospakizunetan murgilduta dabil Leizaran eskubaloi taldea, ekainean 35 urte betetzekoa baita. 1979an herriko zenbait gaztek sortu zuten taldea. Garai hartan Andoaindik kanpo, Gipuzkoan barreiatuta jokatzen zuten eta talde berean herrian bertan jokatu nahi izan zuten. Bidebatez, zaletasuna piztu nahi izan zuten Andoainen. Gazte ekintzaile haietako batzuk bildu ditu Aiurrik.

Egun maila ezberdinetako hamahiru taldek osatzen dute Leizaran eskubaloi elkartea. Elkarte sendoa da, sustraitua Andoainen, ezinbesteko erreferentzia kirola egin nahi duten gazteentzat. Horra iristeko baina, zailtasun ugari gainditu behar izan zituen taldeak.
Hutsetik hastea izan zen gogorrena agian, taldea 1979-1980 denboraldian abian jarri zenetik. Egia esateko, latza bezain zoriontsua gertatu zen orduko protagonistentzat, azkar batean iritsi baitzen kirol arrakasta. Urtez urte, partidak bata bestearen segidan irabaziz, probintziako lehen mailara iritsi zen taldea. Eta bien bitartean, ehunka zaletu erakartzen zituen kirol jarduera bihurtu zen Andoainen.
Avelino Garcia izan zen beste taldekideak hasieratik xaxatu zituena, Leizaran sortu zezaten denen artean. "1978an-edo hasi nintzen mugitzen, Andoainek eskubaloiko kluba behar zuela argi edukita. Egia esan, Andoainen eskubaloiak ez zeukan tradiziorik, ez zen sustatzen eskola kirola gisa, egun bezala. Gabezia horretan, hala ere, gutako zenbaitzuk salbuespen izan ginen: La Salle ikastetxean, Juanjo Maritxalarrek eta beste irakasleren batek eskubaloirako harra sartu ziguten. Handik atera eta gero, askok Gipuzkoako zenbait taldetan (Michelin, Bidasoa...) jarraitu genuen jokatzen. Koadrilakoak ginen denak, eta herriko talde batean biltzeko egitasmoan inplikatzea ez zen zaila izan".
Jokalari, entrenatzaile, zuzendaritza batzordeko kide..., denetik izateko prestatu ziren gazteak. Ilusioa, gainezka erakutsi zuten.  

Hasiera latza
Aski arrotza zen eskubaloia Andoainen, eta ederki kosta zitzaien Leizaran ofizialki onartua izan zedin herrian. Futbol kirol nagusia eta ia bakarra izatera ohitua zegoen gizartean, borroka egin behar izan zuten leku propioa eduki zezaten.
"Zailtasun ugari gainditu behar izan genuen lehen bizpahiru urteetan, Udal agintariekin batik bat. Oinarrizko gauzekin ere eztabaidan aritzen ginen. Entrenatzeko Arrate eskatzerakoan, esate baterako, Leizaur parkera joateko eskatu zigun alkateak. Konforme, erantzun genion; gu hara joango gara, baldin eta, Arraten pilotaleku osoa ordubetez hartzen duten palista helduak Sorabillako pilotalekura joaten badira".
Kantxan jokatzeaz, taldea entrenatzeaz eta beste hainbat ardura betetzeaz gain, bilera frankotan parte hartzea egokitu zitzaion Abelinori, beti eskean: "Denboraren poderioz, zenbait gauza lortzen joan ginen. Esate baterako, 21:30etatik 22:00etarako tartea Arraten, entrenatzeko. Edota, kantxako marrak ipini behar ez izatea partida jokatu behar zen aldiro. Azpiegitura (bi ateak, eserlekuak...) gu geu joan ginen osatzen. Egoitzarik ez genuen (baloiak, konparazio batera, etxera eraman behar izaten genituen) eta Arindar tabernan biltzen ginen; azkenean, baina, pilotalekuko azpialdean gela txiki bat eskaini ziguten, Los Rubi taldeak entseaatzen zuen ondoan".
Dirua biltzeko, berriz, dantzaldiak antolatzen zituzten Akelarre edo Egan taldeekin, pilotalekuko azpialdean. Horrela joan ziren, poliki-poliki, eremuak konkistatzen eta eskubaloiaren errealitatea modu naturalean zabaltzen herrian. Auzolean jarduten zuten taldekide guztiek, primeran konpontzen ziren guztiak guztiekin eta aparteko giro hura kantxan islatzen zen. Gainera, jokalari trebeak zirenez garaipenak garaipenen atzetik heldu zitzaizkien, lehen hiru urteetan batik bat.
Entrenatzaile zen Abelino Garciak norgehigokak nahiko aise irabazten zituela gogorazi du, “fisikoki oso ondo prestatuta geunden, eta aurkariek soilik aurreneko zatian egiten ziguten aurre. Bigarrengoan hondoa jotzen zuten eta 30 goletik gora pilatzen genituen, eskandaluzko emaitzak lortuz”.

Arrate, jokaleku beldurgarria
Aurkariei izua eragiten zien Arrateko kantxak, Mitxel Diezen esanetan: “Pedro Rodriguezek aurreneko jokaldian, baloia hartu eta egundoko zartakoa eman zion aurkarien ateko langari. Atea ez ezik atezaina eta jokalari guztiak ere dardarka jartzen zituen. Gainerakoan, Arrate lepo betetzen zuten zaletuek egiten zuten. A ze zalaparta gol bakoitza ospatzeko!”.    
Solasaldia horretara iritsirik, umore puntua gehitu nahi izan dio Jesus Olazabalek: “Jokalariek antzerki puntu bat ere eransten genuen. Zenbait jokaldi eta jaurtiketetan lurrera botatzen genuen geure burua, palomitak etab eginez. Ez zegoen horren beharrik, baina ikuskizun bihurtzen genuen geure jokoa. Egia esan, gauza berria zen eskubaloia Andoainen; futboletik zetozkigun zaletu gehienak, eta gol sortaren aurrean emozionatu egiten zen”.
Herrian, jendearen solasetan hizpide izan ziren Leizaranek asteburuetan jokatzen zituen partidak, eta jokalariek ospea hartu zuten; Antonio Sobradok aitortu duenez, “heroi txikiak sentitzen ginen, jendeak ahotan hartzen baikintuen”.
Bigarren denboralditik aurrera etengabe hazten joan zen Leizaran kluba. Ikastetxeetan eskubaloia sustatzen hasi zen, eta emakumezkoen eta gazteen taldeak sortu zituzten. Hain zuzen ere, hazte prozesu horren lekukotza jasotzen du Allurraldeko erakusketak, egun hauetan ikusgai dagoena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!