Jokin Lizeagak txapelaren beharrik ez du txapeldun handia izateko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 29a, 18:59

Urnietako Mendi Lasterketako antolatzaileek Zegama-Aizkorri lasterketaren biharamunean  idatzia argitaratu zuten, zaletuei eskerrak eman eta urnietarren maila bikaina goraipatzeko.

Bideoa: Jornet, Lizeaga eta konpainia | Kronika:

Urnietako Mendi Lasterketako antolatzaileek Zegama-Aizkorri lasterketaren biharamunean  idatzia argitaratu zuten, zaletuei eskerrak eman eta urnietarren maila bikaina goraipatzeko: “Bikaina hiru urnietarren maila, bikaina ere lasterketan zehar bildutako urnietar piloa. Zegamako irteeran, Otzaurten, Aratzen, Sancti spiritunen, Aizkorriko puntan, Oltzen, Atanabarretan eta helmugan, puntu horietan guztietan urnietarren bat egon zen lasterketa ikusten edo animatzen, ez dago dudarik gure herrian mendi lasterketen afizioa goruntz doala”.
Bereziki aipatu behar da Jokin Lizeagak egindakoa, ondoezik zegoela abiatu zelako. Euskadi Irratian adierazpenak egin zituen eta bertan aurreko orduetako ezustearen berri eman zuen: “Postua alde batera utzita, ni nire lana egitera ateratzen naiz, eta gaurko lana bikainetik gorakoa izan da. Inondik inora ez nuen espero denbora horietan ibiltzea. Gaur zortzigarren izan arren, mundu mailako denbora burutu dugu.
Azken urteetan nire burua dezente kontrolatzen dut, badakit zein den sentsazio onak  ematen dituen nire erritmoa eta gaur ere, postuak atzetik aurrera eginaz, marka  ikusgarria lortu dut. Aurreneko hamar postuetan sartzea lortu dut mundu mailako proba batean. Oso baloratzekoa da hori.
Gainera, atzo egun gogorra izan nuen, arratsaldean pixa egiten ari nintzela barrabil batean pare bat koskor nabaritu eta bi ordu-edo negarrez aritu nintzen. Urgentzietara joan eta amesgaiztoa: ‘hernia inguinal’ bat omen zen. Esfortzurik ez egiteko esan zidaten, baina festa honetan ezin nuen kale egin. Gau gogorra pasa arren, hemen izan naiz. Irteeran ere negarrez nengoen, amaierara iritsiko nintzen ere ez nekien, eta helmugan ere negarra egin dut, baina pozez nengoelako. Min apur bat izan arren, atzoko amesgaiztoa pasa da eta azken 24 ordu hauek bizitza osoan ahaztuko ez ditudala uste dut. Besterik ez, eskerrik asko denei”. Lizeagak urte osoan zehar hainbat probatan irabazleari dagokion hainbat txapela irabazi ditu. Zegoen egoeran egin zuen lasterketa ikusita, Jokin Lizeagak txapelik ez du behar txapeldun handia izateko. Beste bi urnietarren denbora ere kontuan hartzekoa da. Zorionak denei!

Urnieta:
Jokin Lizeaga (8)     3:59:11
Jon Urdangarin (136)    5:01:18
Mikel Legarreta (156)    5:11:18
Andoain:
Oñatz Gonzalez (268)    5:49:35

Sare sozialetan korrikalarien aldeko mezuak zabaldu dira.
Animoak sare sozialetan
Jau Zubel: “Jokin zure kemenak mugarik ezagutzen ez duelako... zorionak! Ea laister osatzen zaren”.
Inma Iturralde: “Zorionak Jokin! Erronka handiei gogor aurre egiteko kemena duzula erakutsi duzulako eta izugarrizko karrera egin zenuelako. Ea orain azkar osatzen zaren”.
Maitane Errazkin: “Aupa Jokin, animo!”.
Iñaki Narbarte: “Izugarria atzoko eguna! Zorionak hiru txapeldunei”.
Jon Urdangarin: “Mila esker animoengatik, asko eskertzen dira”.
Mikel Costas: “Zorionak txapeldunak! Aupa Urnieta!”

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!