Etxeberrietako auzokideek "Udaberria zelaian" festa antolatu dute larunbat honetarako, maiatzaren 31rako. Auzoko belardien erabilera bultzatu nahi dute, eta horretarako, festa giroan eguna pasatzeko afari-merienda antolatu dute. Festa honekin zelaia zapaltzeko dela aldarrikatu nahi dute eta, bide batez, ohitura horri bultxadatxoa eman.
Arratsalde partean, haurrentzako jokoak izango dira eta helduentzat meriendatzeko tea, kafea eta pastak. Oihalak lurrera bota eta elkartzeko, afaltzeko, egoteko eta kontu kontari aritzeko giro aparta izango da, eguraldiak laguntzen badu, behintzat. Gainera, musikaz ere girotuko dute auzoa; piano doinuekin eta Ostruka’s band taldearekin.
Lagunen artean sortutako ideia izaki, jaia auzolanean antolatu dute. Jaia finantzatzeko antolatzaileek laguntza txiki bat jasotzeko urdaizazpiko bat zozketatuko dute. Egun hauetan txartelak herriko hainbat tabernetan salgai dauden arren, egunean bertan ere erosteko aukera izango da.
Zelaia denona denez eta denek dutenez erabiltzeko aukera, horretara animatzeko deialdia luzatu dute etxeberrietarrek. Beraz, egun horretarako arau bakarra jarri dute: belardiaz disfrutatzea. Horrela, espazioa erabiltzeko ohitura sortzen bada, eta larunbateko festaren ondoren zelaia betetzen bada, helburua betetzat joko dute.