Villabona Lantzenen zorra bertan behera geratu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 27a, 16:31

Villabonako Udaleko alkate Galder Azkuek eta Amasa-Villabonako EH-Bilduko koordinatzaile Esti Amenabarrok ondorengo iragarpena egin dute gaur goizean komunikabideen aurrean. “Amaitu da Villabonako Udalak azken sei urte luze hauetan izan duen itzal edo mamurik luzeena: Villabona Lantzen soziedade publikoak Eguzki eraikuntzak enpresarekin zuen zorra bertan behera geratu da. Amesgaizto horrekin amaitu dugula harro esan dezakegu gaur”:

Bideoa

EH-Bildu koalizioko kideak 2011 urtean Udalean sartu zirenean, oinordetzan hartutako arazo horrekin topo egin zutela esanez ekin dio Galderrek bere hizketaldiari. “Krisi garaiari nolabait gehitu egiten zitzaion ezegonkortasun egoera eragiten zigun, izan ere, 2009an Villabona Lantzenek auzitegietan kontrako ebazpen bat jaso zuen, zeinaren arabera ia milioi bat euro ordaintzera kondenatzen zitzaion Eguzki eraikuntzak enpresari. 2011n oraindik ere gai hori argitzeko zegoen eta esan bezala, gaur jadanik, buruhauste eta negoziaketa askoren ondoren, jadanik arazo hori gainetik kendu dugula esan dezakegu. Akordioa lortu dugu, Eguzki eraikuntzak enpresari milioi bat euro zor izatetik Villabona Lantzenek Eguzkiko arduradunekin 500.000 euroko akordioa lortu baitu”. Galderrek azaldu duenez, epaileak bi aldeen arteko akordio hori onartu egin du eta, ondorioz, behin betiko bukatutzat emango dute afera hori. “Izan zitekeena baino askoz hobeto atera dela esan dezakegu, baina ez da debalde izan. 2004an Villabona Lantzen sortu zenetik horrek eragin duen galera ekonomikoa garrantzitsua izan da. Epaitegietan kondenatu zigutena baino nahikoa merkeago atera zaigu azkenean, baina azken finean, 500.000 euro horietatik 350.000 Villabona Udaletik aterako dira, Villabona Lantzenek berak ez baitzeukan zor horri aurre egiteko dirurik. Garesti atera zaigun arren, izan zitekeenarekin konparatuz merke atera zaigula esan beharko dugu. Negoziazio zailak izan dira balaibide urritasuna dagoen ingurumari honetan; beraz, pozik eta harro gaude datozenak datozela ere, guk aurkitu dugun arazoa ez dutelako kudeatu beharrik izango euren egunerokotasunean”.

Amasa-Villabonako EH-Bildu koalizioaren izenean, Esti Amenabarrok, gehiengo absolutuz herria kudeatzeko ardura hartu zutenetik, gai hau euren kezka nagusietako bat izan dela argitu du. “Duela urte batzuk norbaitek erabaki zuen kudeaketa eredu oso berezi bat martxan jartzea. Guk argi eduki dugu Villabona Lantzen egitura bezala, -ez bada dirua ezkutatu eta desbideratzeko-, ez dela inolaz ere egitura baliagarria. Zentzu horretan gaur aurkezten ari garen emaitza, Galderren eta berak zuzentzen duen lantaldearen gestio egokiaren emaitza da. Gogoratu behar dugu, garai hartako EAJko arduradunek, Villabonako herria milioi bat euroko zorrarekin utzi zigutela eta billabonatarrek ordaindu beharreko dirutza zen hori. Garai hartako arduradunek zer pentsa eta zer egina eduki beharko lukete, are gehiago momentu honetan ardura politiko inportanteak dituztenean”.

Gaurko agerraldia igandeko hauteskundetako emaitzen inguruan hitz egiteko ere baliatu nahi izan du Estik. “Guri boza eman ziguten amasar eta billabonatarrak eskertu nahi ditut. Bistan da beste behin demostratuta geratu dela gure kudeaketak herrian baduela oniritzia eta orain arte bezala lanean jarraituko dugula. Baina hemen, kasu honetan, Villabona Lantzen beharrezkoa den edo ez eztabaidatzeaz gain, bistakoa da bi ereduen arteko talka baten aurrean aurkitzen garela. Igandeko hauteskundeen emaitzak ere horren adibide garbia direla uste dut. EAJk planteatzen duen eredua, Villabona Lantzenekin ikusi dugun eredua, alegia; diru publikoa beste helburu batzuetarako desbideratzea eta kasu honetan enpresa pribatuak sortzea, ezkutuko finantziazioak egiteko, edo guk planteatzen dugun eredua: pertsonetan oinarritutakoa. Eredua garbia da, Udal batek dituen aurrekontuak, diru publikoak, herritar denenak baldin badira, herritar denen artean erabaki behar dugu diru horiek nola kudeatu eta ez dugu diruak kudeatzeko inolako enpresa ezkutuko, ilun edota bestelako interesak onesteko erabili behar. Villabona Lantzenek Villabonako herriari fisikoki eraikuntza batzuk ekartzeaz gain ez dio onik ekarri. Beraz, guretzat emaitza positiboa da milioi bateko zorra, gestio on baten ondorioz asko xamurtu dugulako, baino eredua bera ez da egokia eta, dudarik gabe, guk kudeatzen ditugun instituzioetan ez dugu horrelako eredurik planteatuko”. Eurek proposatzen duten ereduaren berri ere gaineratu du, “parte hartzean oinarritutakoa, diru publikoak herritarren parte hartze prozesuen bitartez erabakitzea, aurrekontu garbiak, gardenak eta ahalik eta adostasun sozial eta politiko handienarekin kudeatzeko helburuz eginak. Udal honetan gauden momentutik horrela planteatu ditugu aurrekontuak eta etorkizun batean ere bide beretik jarraituko dugu. Gure eredua Villabonak dituen aurrekontu publikoak pertsonen beharretara bideratzea da eta une honetan ez dugu inolako obra faraonikoren beharrik aurreikusten, baizik eta herritarrek erabaki beharko lukete zer nolako beharrak ditugun eta gure lana horiei erantzuna ematea izango da. Ondo bukatu den arren, ez zuen halakorik gertatu behar, Villabona herriak ez baitzuen Villabona Lantzenen beharrik. Villabonako Udalak badu nahikoa gaitasun eta konpetentzia herri hau bestelako enpresa pribaturik gabe kudeatzeko”.

Galderrek bat egin du Villabona Lantzenek sortu behar ez zuen esanarekin. “Baina behin sortu eta gero obligazio batzuren markoan sartu gaitu Udal bezala. Villabona Lantzenen akziodunen batzarra Villabonako plenoa baita. Hortaz, EH-Bildutik garbi daukagu ahal bezain azkarren desegitea dela gure nahia, baina prozesu judizial batetik gatozenez, hainbat pauso eman beharko dugu oraindik”. Datu garrantzitsu bezala, ondorengo jakinarazpena gehitu du alkateak, “gogoratu behar da Villabona Lantzen sortu zenean, enpresa publikoa izanik ere, ez zela Udaletik bertatik kudeatzen, Esarbe izeneko enpresa pribatutik baizik. Ez zen Villabona Lantzenen beharrik, baina are eta gehiago ilundu zuen gaia enpresa pribatu bat patrimonio publikoa gestionatzera ekartzeak. Guk, Udalean sartu eta egin genuen lehenengo lana Esarberekin geneukan kontratua moztea izan zen eta zuzenean Lantzenen kontrola Udaletik hartzea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!