Asteasu eta Zizurkil parez pare, Gipuzkoako Herriarteko txapelketan gaur iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 23a, 14:42

Gaur, maiatzak 23, iluntzeko 20:15etan hasita, Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren baitan, lehen aldiz Asteasu eta Zizurkil herriak parez pareko aurkari izango dira, Asteasuko pilotalekuan:

Asteasu, azken urte luzeetan talderik atera gabe zenak, aurtengoan taldea ateratzea lortu du eta ez nolanahikoa: kadete eta nagusi mailan pilotari bikainak baitituzte. Lezoren aurka lehen kanporaketa 6-1eko emaitza globalarekin irabazi ondoren, Zizurkilgo herriaren aurka lehiatuko da gaurkoan.

Zizurkilek ondorengo taldea aurkeztuko du aurten: kadetetan Aritz Ezeiza eta Mikel Arrate arituko dira, jubeniletan Mikel Garin, Peru Labaka eta Jokin Arregi eta nagusi mailan  oraindik jubenila den Jon Erasun, Iñaki Lizaso eta Imanol Arruti.

 

Lehen partida honetan kadetetan Ezeiza eta Arratek Asteasuko Elizegi eta Aizpuru izango dituzte aurkari. Asteasuarren Aizpuru, maila honetan Gipuzkoan den pilotari onenatakoa. Zizurkildarrek, lana gogoz egin beharko dute partida aurrera atera ahal izateko.  Jubenil mailakoan, Peru Labaka eta Jokin Arregik jokatuko dute asteasuar bikotearen aurka. Hirugarren eta azken partidan, Iñaki Lizaso eta Jon Erasun ariko dira Zizurkildik eta Xabier Urbieta eta Julen Urruzolaren aurka jokatuko dute. Asteasuarrak GRAVNIKO txapeldunak izan berri dira orain gutxi senior mailan. Erasunek ere jubenil mailan txapelketa bera irabazi berria du. Izan daitekeen txapelketa garrantzitsuena da, selekzioka jokatzen den txapelketa baita Errioxa, Bizkaia, Nafarroa, Araba eta Iparraldeko taldeen aurka. Partida zaila izango dute Zizurkildarrek baina faboritoak diren asteasuarren aurka sorpresa ematen saiatuko dira.

 

Giro bikaina espero da partida hauetarako eta pilotalekua betetzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!