"Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila", horixe da eskualdean antolatutako auzolandegiaren izenburua. 18 eta 30 urte arteko gazteei bideratutako barnetegiak dira; hain justu, gazteak auzolanaren dinamikara hurbiltzea eta Euskal Herriko oroimen historikoa berreskuratzea helburu dituelako. Euskara hutsean dira, gainera. Horrez gain, tokian tokiko bizilagunen testigantzak jasoko dituzte ikus-entzunezko euskarriak erabiliz.
Uztailaren 7tik 20ra bitartean egingo dute Adunan, Asteasun eta Zizurkilen (Gipuzkoa). Gaur egin dute auzolandegien aurkezpen ekitaldia eta Josu Amilibiak, Adunako alkateak adierazi du “orain arte ahaztuta” egon direla hiru herri horietako aztarna horiek, eta tokiko eragileekin batera, “ahanzturan utzitako historia zatia” gaurkotu nahi dutela. Izan ere, lehenengo erresistentziaren gune izan ziren Tolosaldeko hiru herri horietako gatazka guneak Gerra Zibilean.
Mendi aldean geratzen diren lubaki eta aztarnak garbitu eta arkeologikoki dokumentatuko dira. Hori guztiak, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta teknikarien gidaritzapean. Auzolandegiak osatzeko, hitzaldi eta bisitaldi gidatuak izango dituzte gozagarri.
Izena emateko, www.ueu.org gunera jo daiteke, ekainaren 27ra arte.