"Luxua da Bera Bera taldeko jokalari izatea"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 22a, 14:52

Andoaingo Leizaran taldean eman zituen lehen pausoak eskubaloian. Maila gorenean ari da egun Nagore Arizaga andoaindarra. Denboraldi bikaina burutu du Donostiako Bera Bera taldearekin. Erizaintza ikasketak ere amaitzear ditu.

 Lehen mailako Bera Bera taldean zabiltza eskubaloian. Noiz erabaki zenuen kirol horretan aritzea?

Umetan, eskola kirola ekimenean eman nuen izena; ikasturte erdian boleibolean aritzen ginen, eta eskubaloian beste erdian. Asko gustatzen zitzaidan eskubaloian jolastea, eta DBHko lehen mailan ari nintzenean, Leizaran taldean eman nuen izena. Lagun koadrilan joaten ginen eta asko gozatzen nuen. Igeriketa ere egiten nuen garai horretan, baina aukeratzeko garaia iritsi zitzaidanean, eskubaloiaren aldeko hautua egin nuen. Taldeko kirolak bakarkakoak baino askoz ere aberatsagoak iruditzen zaizkit; entrenamendu saioak elkarrekin egitea, partidak, lagunartea..., giro berezia sortzen da.

 

Andoaingo Leizaran taldeak jokalari onak eman ditu...

Bai, halaxe da. Kattalin Olasagasti, esaterako, Bera Bera taldean ibili zen, Itziar Ubillos Leongo talde nagusian ari da, eta Oihana Arruti ere Leizarandik pasatakoa da..., Leizaran taldea oso ezaguna da Euskadi mailan; talde politak ditu nesketan eta mutiletan. Leizaran taldean aritu nintzeneko oso oroitzapen onak ditut; asko ikasteko balio izan zidan.  Kantabriako Corralesera joan ginenekoaz bereziki gogoratzen naiz; irteten ginen lehen aldia zen eta esperientzia berezia izan zen. Gauza horiek, kirolean aurrera egiteko motibazioa ematen dizute.

 

Oso gaztetan jaso zenuen selekzio ezberdinen deia.

Infantil mailan ari nintzenean, Gipuzkoako selekzioak deitu ninduen Hondarribian jokatzekoa zen txapelketa batean parte hartzeko eta Euskadiko selekzioarekin ere aritu nintzen. Jubenil mailan ari nintzenean estatuko selekzioarekin aritu nintzen. Senior mailan, oso zaila da selekzio horretan postua lortzea, oso jokalari onak daudelako. Horietako asko eta asko atzerrian dabil. Hemengo egoera ekonomikoa ez da erraza eta kanpoan diru gehixeago irabazteko aukera dago. Jolasteko modu ezberdinak ezagutzeko modua ere ematen du kanpora ateratzeak. Egoera ekonomikoak beste eragin zuzen bat izan du hemengo taldeengan; atzerriko jokalariak kontratatzeko nahiko dirurik ez dagoenez, harrobikoek aukera gehiago dute. Oso ondo jokatzen duen gazte jendea ari da ateratzen.

 

Nola jaso zenuen Bera Bera taldearen deia?

Kadete mailan nengoenean deitu ninduten eta jubeniletan hasi nintzen taldean. Pozik hartu nuen deia, noski. Jubeniletan nenbilela, astean hiru aldiz lehen taldearekin egiten nituen entrenamenduak. Bi urte pasa nituen horrela eta senior mailara iristean, 18 urterekin, fitxa egin zidaten lehen taldearekin. Hasieran oso gutxi jokatzen nuen, baina pixkanaka, taldean sartzen joan nintzen.

Luxua da Bera Bera taldeko jokalari izatea. Etxetik mugitu gabe eta ikasketekin jarraituz, maila handiko talde profesionalean ari naiz eta hori izugarria da.

 

Bera Bera taldearen azken bi denboraldiak ikusgarriak izan dira. Nola bizitu dituzu?

Erreginaren kopa, superkopa eta liga irabazi genituen iaz. Aurten, horiez gain, Euskadiko kopa etxeratzea ere lortu dugu. Oso denboraldi beteak izan dira; irabazi daitekeen guztia irabaztea lortu dugu. Iazko denboraldia hain ona egiteak presio gehixeago sentiarazi digu aurtengoan; emaitzak errepikatu nahi genituen. Beste taldeak presiorik gabe ateratzen dira gure aurka jolastera, guri tokatzen zaigulako faborito papera. Horrelakoetan, ez bazara kontzentratuta ateratzen, partida joan egiten da. Denboraldia luzea da eta azkeneko partidetan nekea pilatuta izaten dugu. Ahalegin berezia egin behar izan dugu urte osoko lanari eusteko. Azkenean, helburu guztiak betetzeko moduan izan gara eta orain, ospakizunetan murgilduta gabiltza. Irabazteko presioa izatea, nolanahi ere, oso presio ona da. Selekzioarekin jokatu beharreko partidaren bat geratzen zaigu eta entrenamenduak ere egiten ditugu, baina oporren atarian gaude dagoeneko; pozik eta gustura.

Oso talde polita dugu; giro ederra dugu gure artean eta hori oso aberasgarria da. Eskubaloiak eman didan gauzarik onena horixe izan da; horrenbeste jende ezagutu eta lagunak egiteko aukera. Taldekideen artean horrenbeste denbora pasatzen dugunez, familiartekoak bagina bezala elkar ezagutzen dugu. Momentu txarretan elkarri laguntzen eta bultzatzen saiatzen gara eta oso garrantzitsua da hori.

 

Zer nolako zalegoa du Bera Bera taldeak?

Zaletu talde fidela badugu, baina zaila da kiroldegia beteta ikustea. Galizian, esaterako, jende asko joaten da partidak ikustera. Aurten ekimen ezberdinak jarri dira martxan jendea erakartzeko baina hala ere, lan handia dago egiteko. Eskubaloia oso kirol polita da ikusteko, ikusgarria. Partidak, gainera, ez dira luzeegiak izaten. Ziur nago partidaren bat ikustera gerturatzen denak, errepikatu egingo duela.

 

Eskubaloiak ez du beste kirol batzuek adinako oihartzunik. Nahikoa kontuan hartzen al da zuen lana?

Amorru pixka bat ematen du. Nahiz eta soldatak ez diren oso handiak, kirolari profesionalak gara eta egunero entrenatzen dugu, baina gure lana ez da oso kontuan hartzen. Denboraldi honetan, adibidez Champions-era joan gara, baina ezin da konparatu guk izan genuen oihartzuna edota Errealak izan zuena. Momentu puntualetan lortzen dugu prentsaren arreta geureganatzea, baina egunerokotasunean inork gutxik egiten digu jarraipena. Gutxiengo batek egiten eta jarraitzen duen kirola da eskubaloia eta nesken taldea izanik, oraindik zailagoa da jarraipen hori lortzea.

 

Champions txapelketa aipatu duzu. Zein bizipen izan duzue Europan barrena jokatu duzuenean?

Oso zaila egiten zait hitzez azaltzea. Danimarka, Norvegia edota Hungrian..., beste modu batera bizi dute kirol hau. Jarraitzale asko dituzte eta giro beroa sortzen da kiroldegietan. Oso esperientzia polita izan da. Champions-a irabazi duen taldearen aurka lehiatzea egokitu zitzaigun. Joku maila izugarria dute; hemen futbola bizi dugun modura bizi dute han eskubaloia eta oso txikitatik hasten dira jolasten. Askoz ere modu profesionalagoan egiten dituzte gauzak eta jokalariek diru polita irabazten dute.

 

Aurten ere Championes-ean aritzeko txartela lortu duzue...

Bai, baina ez da ziurra jokatu ahal izatea. Gastu handia sortzen dio taldeari eta babesle pribaturen baten premia dugu. Erakunde publikoen babesa badugu, baina laguntza ekonomiko handiagoa behar dugu Champions-erako. Pena izugarria litzateke kantxetan lortutakoa ezin gauzatzea, ekonomia arazoak medio. Iaz ere arazo bera izan genuen eta azken momentura arte ez genuen jakin jokatzeko modua izango genuen edo ez. Ez dugu dirutza handirik behar; bidaiak, hotelak eta antzeko beharrak ordaintzeko adinakoa bakarrik, baina momentuz ez dakigu zer gertatuko den.

 

Parekidetasunaren aldeko lanik egiten al da kirolean?

Lan asko egin behar da berdintasuna lortzeko. Pixkanaka, gauzak hobetzen ari dira, baina oraindik ez dira berdin baloratzen mutilen lorpenak eta neskenak. Gure lana kontuan hartzea nahi dugu, baina ez da erraza.

 

Inoiz pentsatu izan duzu atzerrira jolastera joatea?

Noizbait pasa izan zait burutik, baina beste ezerren aurretik, erizaintza ikasetak amaitu nahi ditut. Kirol bizitza oso laburra da eta garrantzitsua da ikasketak egitea. Futbolari bat 35 urterekin erretiratzen denean, bere bizitzako premia ekonomikoak ziurtatuta izaten ditu baina eskubaloian hori ez da horrela. Hemen oso gustora nabil, baina nolanahi ere, ez dut ezer baztertzen kanpora joateko aukera hori, noski.

 

Erizaintza ikasketak egiten ari zarela aipatu duzu. Nola lortzen duzu kirol profesionala eta ikasketak bateratzea?

Fakultatean horretarako erraztasunak eman dizkidate; azterketen datak aldatuz, etab. Orain, praktikak egiten ari naiz eta horretan ere txandak aldatzeko modua eman didate. Izan ere, egunero izaten ditut entrenamenduak eta bi asteburuz behin, kanpora joaten gara partidak jokatzera. Beharrezkoa da erraztasunen bat izatea. Ikastea gustatu egiten zait eta hasieran espero baino hobeto ateratzen ari naiz karrera. Izan ere, hasi nintzenean ez nuen uste lau urtean amaitzea lortuko nuenik. Izugarri gustatzen zait erizaintza eta datorren urtean, bi lanbideak bateratzeko saiakera egin nahi nuke, nahiz eta badakidan ez dela erraza izango ordutegi kontuak lotzea.

 

Orain arteko kirol bizitzan, lesio larririk izan al duzu?

Sorbaldan izandako lesioa izan da larriena. Lesio gehienak bezala, oso momentu txarrean etorri zen. Jubenil mailan ari nintzen eta apirilean eskuineko sorbalda hautsi nuen. Hurrengo denboraldiak lehen taldearekin jokatzen hastekoa nintzen eta lesio hura kolpe gogorra izan zen niretzat. Selektibitateko azterketa ere egin behar nuen eta ekaina arte atzeratu genuen ebakuntza. Errehabilitazio luzea eta gogorra izan zen. Zortzi hilabete pasa nituen batere jokatu gabe. Urtarrilean itzuli nintzen entrenamenduetara eta pixkanaka, partidetan parte hartzen hasi nintzen.

Aurrerago, meniskoan izan nuen haustura, baina lesio hura ez zen aurrekoa bezain larria eta ebakuntzaren ondoren, hiru aste bakarrik behar izan nituen jokora itzultzeko.

 

Goi mailako kirolari izateko, beharrezkoa al da etxekoen babesa?

Ezinbestekoa. Txiki-txikia nintzenetik etorri izan dira etxekoak partidak ikustera. Egun txarra dudanean beti daude laguntzeko eta egunerokotasunean ere haien babesa eta laguntza dut. Entrenamenduak, partidak, ikasketak, praktikak..., hori guztia bateratu ahal izateko, haien laguntza izaten dut.

Bestalde, taldeko kideen gurasoen arteko harremana ere oso polita da. Guztiek antzeko bizipenak izaten dituzte, eta gustura elkartzen dira. Gure pozak nahiz urduritasunak beraiek ere bizi egiten dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!