"Bertsoarekin euskaldun ateratzen gara mundura"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 22a, 14:03

Oiartzuarra jaiotzez, Saran bizi da egun Karlos Aizpurua Etxarte. Ekonomia eta Euskal Filologiako ikasketak egindakoa, bertsolaritzarekin lotuta curriculum luzea egina du. Mintzola Fundazioko ikerkuntza eragilea da, Amasa-Villabonako Subijana etxean:

Hasteko eta behin, zein bi adar lantzen ditu Mintzolak?

Batetik, bertsolaritzaren ikertegia eta, bestetik, ahozko generoen sorkuntza biltzen duen elkargunean eragiten du. Ikertegiak, era berean, beste hiru adar ditu bere baitan: bertsolaritzaren ikerketa, munduko kantu inprobisatua edo kulturartea deitzen duguna eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Altxor asko gordetzen da dokumentazio zentroan eta oinarrizkoa iruditzen zaigu bertsolaritza garatzeko eta geroratzeko ikerlarien bidez bereziki. Ikerlarientzat mauka ederra da XDZ, bazterrik bazter bilketa lanetan ibili beharrean, mesede handia egiten baitiegu, hainbat bertsozalei esker bildu, eta dokumentalisten lanari esker txukun eskura emanez ikergaia. Azpimarragarria iruditzen zait dohaintza asko izaten dela aipatzea; jendeak borondatez gauza asko ekartzen du edo saioak grabatu ere bai. Jarrera hori, oraindik ere gure bertsozale komunitatean indarrean dagoen perla bat da. Jendea txapelketan edo herriko saioetan aulkiak jartzeko prest dagoen bezala, bestelako materialarekin batera, prest baitago saioak grabatu eta guri ekartzeko ere.

Bestalde, Elkargunean, ahozko generoen sorkuntzaren esparruan, ipuingintza, kantugintza, antzerkigintza eta bertsogintza lantzen duten pertsona, erakunde nahiz elkarteekin harremanetan gabiltza. Esperientziak partekatzen ditugu, elkarrengandik ikasi eta aurrera begira sor daitezkeen proiektuak elkarrekin bideratzeko. Bertsolaritza ahozko generoen ekosisteman kokatzen da eta zenbat eta indartsuago egon bakoitza, ondokoarentzat hobeto. Izan ere, euskararena ez da egoera normalizatua eta helburu traszendente hori dugu: ez gara bertsolaritzarengatik bakarrik ari, ezta bertsolaritzarentzat bakarrik ere transmisio, ikerkuntza eta sustapen lanetan.

Zein eginbehar duzu zuk, zehazki, Mintzolan?

Mintzolako zuzendaritza kolegiatua da eta bakoitzak bere zereginak ditu: Aritz Zerain (koordinatzailea), Nere Erkiaga (Xenpelar dokumentazio zentroko arduraduna), Maider Garaikoetxea (administraria), eta neroni (ikerkuntza eragilea). Nire lana, gainerako lantaldearekin batera, ekimen ezberdinak kudeatu eta koordinatzea da.

Berriki Sardinian ibilia zara, Andoni Egaña eta Arrate Illaro bertsolariekin batera. Bertsolaritzari buruzko hitzaldiak eta saioak eskaini dituzue bertan. Nondik nora sortu da ekimen hori? Zein egoerarekin egin duzue topo?

Ikertegiaren saileko kulturarteko ekimenen baitan kokatu dira Sardiniako topaketak. Bertsolaritzaz gain, badakigu munduan zehar kantu inprobisatu espresio gehiago eta haien ikerketa gehiago ere badagoela. Horiek ezagutzearekin batera, beraz, gurea ere munduan ezagutzera eman nahi dugu. Ez bertsoa bakarrik; bertsoa, euskara eta baita gure herria ere. Guk ez dugu estaturik, baina kultura bat gehiago gara. Bertsoarekin euskaldun ateratzen gara mundura, ez frantses eta ez espainol. Euskaraz egiten dugu gure kulturaren espresioetako bat eta hori du bakan eta interesgarri era berean, besteak beste, euskararen normalizaziorako: euskararik gabe ez baitago bertsoaz gozatzerik.

Sardiniari dagokionez, sardiniarrekin 2003az geroztik dugu harremana. Duela hamar urte, Andoni Egaña, Xabi Paya eta Jon Maia izan ziren bertan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalera etorri ziren, beste hainbat herrialdetako kideekin batera.

Sardiniera edo sardoa %60k ezagutzen du Sardinian. Hizkuntza ofiziala da, baina diglosia bete-betean bizi dira, familietan transmisioa eten egin delako, hezkuntzan ez delako sardineraz ikasten eta hedabideetan programa gutxi batzuk soilik dituztelako. Ez dute irratik katerik, ez prentsa idatzirik, ez telebista katerik sardinera hutsean ari denik. Ez daukate estandarrik, bi dialeko nagusi dituzte eta inprobisatzen ere bi estilo diferentetan inprobisatzen dute, bakoitza dialekto horietako batean. Momentu honetan eztabaida handia dute eta, sutsu aritzen dira gainera; estandarrik behar den edo ez. Inprobisazioari buruz, gure proiektu kulturalarekin txoke egiten dute, transmititzeko egin behar duten lehen gauza eskola martxan jartzea dela esaten baitiegu. Haietako batzuk, ordea, ez dute ondo ikusten tarta gehiagoren artean banatu beharra, inprobisatzaile profesionalak dituztelako. Ez dute dokumentazio zentrorik, bakoitzak bere altxortxoa etxean gordea du. Bost elkarte daude, baina ez dute harreman estuegirik. Bertsogintzan alderatuta, gaiei dagokionez terrenalak baino, zerutiarrak dira gehiago.

Gure bertsolaritza sozialagoa da; denari buruz hitz egiten da, kritikatzeko aukera ere bada. Ez bada folklorizatuko, Sardinian dena garatu behar da: tematika nahiz bertso saioen egitura modernizatu, herrikoiago bihurtu, elkarte baten bidez proiektu kulturala bideratu… Helburua hango kantu inprobisatua garatu eta transmititzea da, hurrengo belaunaldiek ekimen moderno bezala bizi dezaten. Emakume inprobisatzaileak bizpahiru besterik ez dira, amateurrak. Hori sardoaren prestigioarekin zuzenean lotuta dago; emakumeek ez baitute sardinieraz hitz egin nahi, hitz egitea itsusia delako. Harrigarria da, baina halaxe da. Emakumeak amak diren aldetik, transmisioan eragin handia du horrek. Bidaia interesgarria izan da oso. Bertsolaritzari bezainbeste, politika linguistikoari buruz, estandarizazioari buruz edota ikastolen mugimenduari buruz hitz egin dugu. Euskararen enbaxadore izan gara.

Sardinia bezala beste hainbat lurraldetara egin dituzuen irteeratan bertsolaritza ondo errotuta eta bideratuta dagoela konturatu zarete, beraz…

Berriki Sardiniara bezala, iaz, esaterako, Kataluniako kideekin elkartrukea egin genuen, eta halakoetan, eredu garela sumatzen dugu; batzuetan hanka sartu dugulako, baina beste batzuetan asmatu egin dugulako. Oro har, indartuta etortzen gara antzeko topaketetatik, Mintzolaren bidez zer edo zer ondo egin dugun sentipenarekin. Era berean, baita besteari lagundu izanaren sentsazioarekin ere, eta gauza ederra da hori.

Kanpora atera gabe ere, atzera begiratuz gero, agerikoa da Bertsozale Elkartearen 27 urteetan gauza askotan asmatu dela. Herri honek ikastolen, kooperatiben edota bertsolaritza bezalako adierazpen kulturalarekin asmatu egin zuen. Bertsolaritzaren kasuan, ez ongi pasazeko bakarrik: hizkuntza normalizatzeko edota komunitate sentipena handitzeko ere bai.

Alor horretan, ekimen gehiago ere baduzue eskuartean. Zer aurreratuko zenuke?

Urtean zehar topaketa puntualak eragiten ditugu. Une honetan, 2016ari begira, Donostia Kultur Hiriburu izango dela baliatuta, elkarlanean, munduko, baina batez ere Europako espresio ezberdinen topaketa antolatzen ari gara: kantu inprobisatuari buruzko ikerketen hitzaldi eta mahai-inguruak antolatuko dira, baita bertso / trobadore /  kantadore / glosadore saioak ere. Kulturartearen baitan, bestalde, Unesco etxearekin batera, bertsolaritzaren ondare ez materiala izendapena lantzen ari gara. Oso bide luzea, zaila eta konplexua da. Helburua ez da etiketazko trajea janztea; bertsoa, euskara eta Euskal Herria mundura ateratzea baizik. Beharbada, paradoxikoki, kanpoko mundura ez ezik, barruko mundura ere bai: Euskal Herrian, zoritxarrez, oraindik bai baitaude kristalezko paretak ere. Jende batek ez gaitu ikusten, ez du ikusten euskaraz egiten den edozer gauza. Komunitateen artean badago lubakirik.

Zein ikerkuntza nabarmenduko zenuke ikerketa sailaren lanen artean?

Ikerketaren barruan, formazioa deitzen dugun alorraren baitan, aholkularitza lantzen dugu, ikerlari nahiz ikerketa taldeei luzatuta. Epe luzera, ahozkotasunari buruzko graduondokoa egin nahi dugu, bost ardatz lituzkeena: Bertsolaritza bera, beste ahozko generoak, kantu inprobisatua munduan, bertsolaritza ikertzeko metodologia diferenteak eta ahozkotasuna edo gaurko beharrei nola erantzun tradizioa ikertuz. Bestalde, ikerketaren baitan, Euskal Herriko bertsozaleekin tailerrak egin genituen urtebetez, bertsolaritzan zer ikertu beharko litzatekeen galdetuz. Gerora, hamabi ikertzaile aditurekin ere bildu ginen bertsozaleek aipatutako gaiez gain, zein hutsune sumatzen zuten ikusteko. Denen artean lehentasunak finkatuta, hamaika iker-lerro atera ziren, guk ikertu nahi genituenetatik kanpo, eta EHUrekin ateratako ikerketa kontratuan hamaika horietatik lau jarri genituen. Horietako bat, Miren Artetxe aztertzen ari dena: zein onura ekartzen dizkion bertsolaritzak euskararen normalizazioari.

Beste ikerketa aipagarri bat, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) lantzen ari dena: Bertsolaritzak zein onura ekartzen dion norbanakoaren memoriari. Ikerketa horretarako, 51 pertsona pasa da eskanerretik: punta-puntako 17 bertsolari, bertsotan dakiten 17 pertsona eta sekula bertso bat egiten saiatu ez diren beste 17. Uda honetarako agindu zizkiguten emaitzak eta badirudi deigarriak izango direla. Prestigio handiko aldizkari zientifikoren batean argitaratuko dira eta, dirudienez, ikerketa gehiago ekarriko ditu. Ikerlariak asko interesatu ziren bertsolariek memoria erabili eta handik hainbat datu erreskatatzen dutela jakin zutenean, alzheimer edo parkinson eritasunak gogoan. Zaharren muskuluak errekuperatzeko gimnasia egiten badute, agian, memoria lantzeko, kopletan hasi beharko dute zaharren egoitzetan…

Ahoa bete hots jardunaldien bosgarren edizioa izango da uztailean. Aurreko urteetan harrera beroa izan du ekimenak. Aurtengoaz ezer aurreratzerik bai?

Egitaraua lotuta badugu ere, oraingoz ezin dugu horri buruz ezer aurreratu. Soil-soilik, gai nagusia transmisioa izango dela.

Gipuzkoan bezala Iparraldean urte luzetan aritu zara bertso irakasle. Bertsolari ezagun asko abiarazi duzu…

Gipuzkoan, Donostian nahiz Oarsoaldean…, leku ezberdinetan aritu nintzen bertso irakasle eta Iparraldean ere bai, 1998tik 2010era. Egun Sarako bertso eskolan jarraitzen dut eta tarteka, jada bertsotan ari den jendeari ikastaro trinkoren bat ematea ere egokitzen zait. Iparraldean 1998 urtean ez nuen pentsatzen orain helduen txapelketarik antolatuko zenik. Amets Arzallus, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Jon Martin, Arkaitz Goikoetxea edota azken urteetan Maddi Sarasua eta Eneritz Zabaleta izan ditut taldean, beste askoren artean. Hainbeste urteren poderioz, ondo ezagutzen ditut.

Bertsotan taula gainean aritutakoa izanagatik, egun plazak guztiz utzita al dituzu?

Tarteka Irungo Irunabar bertso eskolara joaten naiz. Lagunartea eta katxondeoa dira bertsolaritzaren esentzia niretzat eta oso giro jatorra sortzen da bertan. Irun eta Oiartzungo jendea biltzen gara. Bertso eskola horrek garapen handia izan du eta urtean zehar dinamika txiki bat jartzea lortu du. Hilabetero Kabigorri ostatuan bertso saioa antolatzen dute eta hantxe aritu nintzen duela gutxi. Gustura.

Baina aspaldi utzi nituen plazak, nahiz eta gero Iparraldeko txapelketan parte hartu nuen. Maila apala izanagatik, nire onena ematea gustatzen zait eta ongi aritzeko moduan ez banaiz, nahiago dut jendaurrera ez atera.

Gaztetxotan hasi eta bertsoaren inguruan zabiltza geroztik. Zerk erakarri zintuen?

Giroak, lagunarteak eta literaturak (emozioak). Bertsoak badu literaturatik, eta bat-batekoak izanagatik, askotan oso kalitate oneko bertsoak izaten dira, idatzita ere hobetu ezingo liratekeenak.

18-19 urterekin, unibertsitatean hasitakoan, ia utzita banuen ere, Oiartzungo bertso eskolako irakasle izatea eskaini zidaten eta geroztik bertsolaritzan nabil, oso gustura. Nire bokazioa bertso irakasle izatea da, ahozko literaturatik eta jendearengandik oso hurbil zaudelako: gazteek ikasten dutela eta maila ona edo oso ona ematen dutela ikusteak, nahiz haien arteko giro onak asko asetzen zaituelako. Bestalde, herriarekin, jendearekin nahiz ilusioarekin kontaktuan jarraitzen duzulako. Iparraldeko kasuan galbidean egon da euskara, eta bertsolaritza arnasgunea izan da eta da euskararentzat. - Nahiz une latzak bizitzea egokitu zitzaizkidan, Iparraldeko txapelketa nahiz aurrez sortu ziren Iparraldeko bertso eskolen kopurua ikusita, oso pozgarria da orduko ahaleginak zer ekarri duen ikustea, ametsa egi bihurtu baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!