Antia literatur sariketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 22a, 13:31

On Manuel Antia 1830ean jaio zen urretxuarra, Urnietako apaiz lanetan aritu zen. Idazle bezala poesia, ipuinak, eliz-liburuak, eleberriak eta hainbat artikulu idatzi zituen euskaraz. Euskararen bultzatzaile eta sustatzaile izateagatik, Udalak bere izena daraman lehiaketa antolatu zuen orain hogei urte.

Antia Literatur lehiaketaren XX. edizioko sari banaketa ekitaldia izan zen maiatzaren 16an, ostiralean, Urnietako Gaztelekuan. Aurten, beste behin ere, jende askotxo bildu zen irabazleen izen-abizenak jakiteko asmoz. 
Bi kategoria egon ziren lehiaketan; batetik, haurren kategoria, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat eta, bestetik, gazteen kategoria, 12 urtetik 16 urte bitartekoentzat. 
Haurren kategoriako irabazlea Maitane Arretxe izan zen, “Heriotzaren bidea” idazlanarekin. Bigarren saria Olatz Gorroñoren “Begira ezazu aurrera” idazlanak jaso zuen eta, azkenik, hirugarrena Gorane Cobasen “Mundu hobeago bat” lanak. 
Bestalde, gazteen kategorian, Naroa Agirreren “Maitasunetik maiteminera” izendatu zuten irabazle.  600 euroko saria jaso zuen. Bigarrena Aritz Lekuona izan zen, “Bihurgune Biziduna” idazlanarekin. 360 euro irabazi zituen. Azkenik, 180 euroko saria eta hirugarren postua Olatz Goyak lortu zuen “Bizitza aldatu zion begirada” lanarekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!