Antzinakoa zen Larrunbide-Etxeberri baserriaren alboan kokatzen zen bolatokia. Antselmok ez daki ziur noiz eraiki zen jolasleku hura, baina oso aspaldikoa zela adierazi du gurasoek ezagutu bakarrik ez, aitak jolastu ere egiten zuela aipatu baitu, gero semeek egin zuten bezalaxe. Larrunbide-Etxeberri baserriko kideez gain, inguruko gazteak biltzen ziren bertan. Ez zen girorik falta izaten, nonbait. “Bolatokiaren ondoan bazen berezko zuloa zuen pago bat. Zulo hartan txanpona jarrita, partida irabazten zuenarentzat izaten zen han bildutako dirua”, azaldu du Antselmok. Era berean, etxe inguruko bolatokiak ezaugarri bat bazuela argitu du, “bola botatzean, aurrena brillak jotzen zituen, baina haien segidan, baita atzeko pagoa ere. Urtean bazen, zuhaitzak golpea hartuz gero, azala zauritzen zitzaion garai bat. Zaurien eraginez, zuloa egin zitzaion zuhaitzari. Sendatu bezala, zuloa tapatu egin zitzaion arren, oraindik ere nabari ditu bolaren eraginak”. Intxaurrondotik hasi eta pago eder batera bitarte, Larrunbide-Etxeberri ondoko bolatokiak 25 metroko luzera zuen gutxi gora-behera. Intxaurraren ondoan jarrita, baserriaren norabidean botatzen zuten jokalariek bola. Behin jaurtitakoan, hurrengo jokalariari bide emateko, atzera hari itzultzen zitzaion berriz ere bola. Bada, lan haietan izandako gertaera baten ondorioz, bertan behera geratu zen bolatoki haren erabilera. “Hemen ibiltzen ginen aurrera eta atzera. Behin bolotan jolasten genbiltzala, bola bueltan hurrengo tiratzaileari bota eta maldan behera alde egin zuen. Bila ibili ginen arren, ez genuen aurkitu. Gero, handik urtetara, basoan lanean ari ginela, ustelduta topatu genuen oso behean, ia errekan. Geroztik ez genuen bolarik izan orain gutxira arte”. Bola galtzearekin batera galdu zen bolatoki hartan jolasteko ohitura. Hala ere, Antselmok antzinako bolatokia berreskuratzeko gogoari eusten dio oraindik orain, “beti eduki dut bolatokia berriz jartzeko gogoa eta egun batean Donostiako bolo eta tokako federaziora joan nintzen laguntzarik ba ote zegoen galdetzera. Berehala, lehendakaria eta idazkaria etorri ziren lekua ikustera. Nola jar nezakeen erakutsi eta bola botatzeko ohola emango zidatela esan zuten. Gero zertxobait atzeratu egin nintzen, inguruan mugimendu handiegia sortuko ote zen beldurrez. Geldirik nago oraindik, baina denborarekin ekiteko asmoa dut. Bizi naizela jarri nahiko nuke”. Bolatokia ondo jartzeko, kamioika hondar besterik beharko ez lukeela argitu du Antselmok, ez lukeela eskabadoraren beharrik ere.
Mendi aldean, ezkutuan
Larrunbide-Etxeberriko bolatokiaz gain, mendi aldera, Larraulen bazen beste bolatoki bat ere, “azken etxeetatik gertu zegoen bigarrena, Murgil Larrain izenekoa, bidearen ondo-ondoan. Goiko hark ez zuen hondarrik ere izango, lurra bakarrik. Eguraldi onarekin primeran, bola botatzeko ohola jarri eta kito! Han jolaserako erabiltzen zen bola Larraulgo museo etnografikoan egongo da oraindik ere. Aurrez Alkizako etxe batean omen zeukaten jasota”. Bolatoki hura inguruko gazte koadrilaren batek egingo zuela azaldu du Antselmok, herriak ez zituela halako lanak egiten orduan. “Hura ere oso aspaldiko bolatokia zen, gu baino lehenagokoa. Nik ez nuen bertan jolastu. Mutil kozkorretan, etxe ondoko bolatokian ibiltzen ginen gu”. Larraulgoez gain, Alkizan ere antzinako bolatoki bat baino gehiagoren aipamena entzun izan du Antselmok, “gure etxearen pare-parean bat, basoan bestea. Dudarik gabe, gehiago ere baziren; nolabaiteko bolatoki ugari zegoen garai hartan, ez baitzegoen beste jolasteko lekurik”. Alkizako bolatokian aitak bizitutako pasarte bitxia ez du ahaztu Larrunbide-Etxeberrikoak: “Gure aitak esaten zuen, jai arratsalde batean eskopetadun ezagun batekin topo egin zuela Alkizako bolatokian. Gure aitak eskuz eta besteak eskopetaren tiroarekin, zeinek brilla gehiago bota egin zuten jokoa, 10 zentimo jokatuz. Gure aita zena aurrena zen botatzen eta asko ibilitakoa zen hura. Besteari asko bota zituela iruditu zitzaion eta haren txanda iritsi zenean, brillak elkarren ondoan jartzen hasi omen zen, tiroarekin gehiago botatzeko. Baina aitak ez omen zion utzi”. Antzina, mendi inguruan egiten zituzten bolatoki gehienak, ezkutu antzera. Horrek, noski, bazuen bere arrazoia. Halaxe azaldu du Antselmok: “Bolatokia mutilen jokoa zen orduan, mutilena edo gizonena. Baina mutilak joaten ziren tokira neskak ere joan egiten ziren. Eta apaizak indarrean orduan ere, bolatokiak galarazten. Arrazoi horregatik, ahalik eta leku gordeenetan egiten zituzten bolatokiak”. Jaietan biltzen zen jendea bolatokien inguruan, “gazte jende handia, baserrietako morroiak… Etxe gehienetan zeuden morroiak orduan eta jaietan izaten zuten libertade pixka bat. Baino badakit apaizek gogor jotzen zutela; ez mutilek bertan jokatzen zutelako, neskak joaten zirelako baizik. Hori bai, ez ziren Ostiral Santu moduko egunetan jolasean arituko. Egun haiek sakratuak ziren, idiak ere ez zituzten uztarrian lotuta ibiltzen Ostiral Santu egunean. Orduan, noski, ez zegoen bolo jolasean ibiltzerik, ezta beste jolasetan ere”.
Geroago eta herrian bertan izanagatik, Asteasun bolatoki dotorea jarri zutela ekarri du gogora Antselmok, “gu sasoi onekoak ginela, Sabino Jauregik egun Coviran janari-denda eta ondoko etxearen artean jarri zuen bolatokia. Taberna zuen etxe azpian eta tabernara jende gehixeago biltzeagatik jarri zuen. Larraul, Asteasu nahiz inguruko leku gehiagotatik ere etortzen zen jendea. Hiruzpalau urtean behintzat jende asko ibili zen Asteasuko bolatokian. Hormigoiz, ondo egindako bolatokia zen hura. Ez naiz seguru gogoratzen, baina ez zuen teilaturik izango. Erabateko irekia zela uste dut”.
Indarra baino, manejua
Egun Antselmok baserrian duen bola, araudiak eskatzen duena baino txikixeagoa da. Baina, dioenez, oso bola ona du, kapritxozkoa. “Hondarribiako azokan erosi nuen. Ederra, intxaur beltza. Aurrekoa pagoa zen. Gustura nago; ez dut uste halakorik beste inon topatuko dudanik”. Bolak, eskuarekin eusteko bi zulo izaten ditu, “ia elkar jotzen dute bi zulo horiek. Alde batean lau behatzak sartzeko esku-zuloa eta bestean, behatz potoloarentzat”. Brillarik ez du orain, baina haiek ere egurrezkoak izaten zirela argitu du, “12 zm inguruko lodiera eta 40 bat zentimetroko altuera zutenak”.
Bolotan jolasteko hamar brilla eta bola behar izaten zirela azaldu du larrauldarrak, “hamar brilletatik bederatzi jartzen ziren bolatokiaren amaieran; hamargarrena, txaparro esaten zitzaiona, erdi bidean”. Oro har, joko edo apustu ezberdinak egiten ziren txanda bakoitzean; azken batean, lau, hiru edo bi tiralditan, zenbat brilla bota. “Bolatokiko bidearen amaierako bederatzi brilletatik ahalik eta gehienak bota behar ziren, txaparroa ukitu gabe; gainerakoan, nulo izaten zen jokoa”. Bolak botatzeko trukuaz galdetuta, manejuari indarrari baino garrantzia handiagoa eman dio Antselmok, “askok pentsatzen zuen bolari indarra eman eta abiadura bizian botatzea zela onena, baina ikasitakoak suabe-suabe botatzen du bola. Txapelketak izaten direnean ikusten da hori oraindik ere. Zeraingo bolatokian bertan, onenentsuenek suabe askatzen dute bola”. Larraulen eta inguruan bola jokoan nabarmendu zen tiratzailerik ez du gogoan Antselmok, “nik dakidala ez zen inor nabarmendu inguruan. Aurrez izango ziren, baina gure garairako moda hori pasata zegoen. Donostian, esaterako, bazen txapelketa guztiak irabazten zituen bolari famatu bat”.
Ezbeharra bolatokian
Dina7 elkarteak bideratzen duen Larraulgo Ekomuseoaren albo batean egun bada bolatokia, museoa bisitatzera gerturatzen diren talde eta norbanakoei antzinako jokoa erakusteko baliatzen dutena. Antselmo umetxo zen garaian, ordea, egun udaletxea dagoen tokian jarri zuen apaizak bolatokia, “jai arratsaldea etorri eta gazteak biltzen zirenean ez zegoen jolasteko ezertxo ere. Jose Damian Etxeberria apaizak auzolanean jarrarazi zuen bolatokia, bolak eta brillak nonbaitetik sortuz. Aurreneko edo bigarren jaian, ordea, ezbeharra izan zuten bertan. Bola bota zuenak parean pasatzen ari zen neska hankean jo eta hanka elbarritu zion. Handik aurrera ez dakit askorik ibili ziren. Hala bukatuko zen orduko bolatokia”.