"Arbitroaren lanik garrantzitsuena partida gobernatzen jakitea da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 22a, 12:51

Ingeneritza amaitu eta masterrarekin buru-belarri badabil ere, zaletasuna baino zerbait gehiago da Ibai Rezola Etxeberriarentzat epaile lana. 22 urterekin bigarren B mailako partidak arbitratzen ditu dagoeneko:

Zergatik aukeratu zenuen arbitro izatea?

Nik lehen futbolean jolasten nuen, beste arbitro askok bezala. Jende asko ezagunen bat duelako-edo hasi izan da epaile lanetan. Nik ez nuen inor ezagutzen, baina arbitro hasi behar nuela bururatu zitzaidan eta, gaur arte. Beti esaten dut gurasoei eskertu beharrean nagoela, 15 urterekin haiengana ‘arbitro izan nahi dut’ esanez joan eta nire aukera onartu egin zutelako, ideia burutik kentzea errazagoa zenean. Haien babesik jaso ez banu, gaur seguru ez nintzatekeela epaile arituko.

Noiz eta non hasi zinen arbitro gisa hezten?

15 urterekin hasi nintzen eta 22 urte ditut orain. Formakuntza eskolak jaso nituen hasieran, baina benetan formatu, partidetan formatu naiz. Kategoria baxuak arbitratzen hasi nintzen aurrena eta pixkanaka egin dut gora. Kategoria ezberdinak gaindituz gero gora egiten dugu; behera, gainerakoan.

Oso ondo zabiltzala esan daiteke, beraz; oso azkar egin baituzu goranzko bidea. Dagoeneko 2B mailako partidak arbitratzen ari zara!

Orain artean oso ondo eta gustura ari naiz. Egia da, 2B maila goi maila dela eta nabari da diferentzia: asteburuetan bidaiak, partidak, entrenamenduak…, denbora asko eskaini behar zaio, baina gustuko dut eta pozik nago.

Goranzko bidea hain azkar egiteak, arbitro ona zarela esan nahi du. Izan ere, oro har, goranzko bidea ez da hain azkarra izaten, ezta?

Oro har, ez dago hain gazte den arbitro askorik. Estatu osoan 2B mailako 120 arbitro gara eta gazteenetarikoa izango naiz.

Kontaiguzu orain arte egin duzun bidea…

Lehenik eta behin aspirante eta erregional mailetatik pasa behar da. Futbolariekin alderatuta, epaileok badugu ezberdintasun bat: kategoria guztiak pasa behar ditugula. Jubeniletan dabilen futbolari bat bi urtera lehen mailan aritu badaiteke ere, gure kasuan ezin da halako saltorik eman; mailaz maila egin behar dugu gora. Arrazoi horregatik zaila da epaileok bidea egitea, gero eta gorago egon, orduan eta konpetentzia handiagoa delako. Erregionalak pasata, iaz hirugarren mailako partidetan aritu nintzen eta aurten igo naiz bigarren B mailara.

Zein zelaietan arbitratzea egokitu zaizu aurtengo denboraldian? Zein talderekin aritu zara?

Asko ibili gara Katalunia aldean eta baita Asturiasen ere. Gainerakoan, Kantabria, Errioxa edota Gaztela Leon ingurura ere joan gara. 2B mailan arbitratzen badut ere, laugarren arbitro modura ere joaten naiz bigarren mailako hainbat partidatara. Talde askorekin ibili naiz eta ilusioa egiten du gero eta gorago egon, ezagunak diren jokalarien ondoan edota futbol zelai handiagoetan aritu beharrak.

22 urte dituzu. Hain gazte izanik, zu baino jokalari zaharragoak arbitratzea egokituko zaizu sarritan. Eraginik ba al du adinak zure langintzan?

Ohituta nago dagoeneko horretara. Lehenengo urtean ez, baina bigarren edo hirugarren urtetik aurrera, erregionalak arbitratzen hasitakoan, -senior mailako jokalariak direnez-, jada jende heldua aurkitzen baitugu jokoan. Normaltasunarekin bizi dut gai hori eta ez dut arazorik izan. Hasiera guztiak bezala, arbitroarena ere ez da erraza, baina denborarekin ikasten da honetan ere.

Eta zelaian, izan al duzu inoiz arazorik?

Badakigu arbitroak nola ikusita gauden. Oso momentuan hartu behar ditugu erabakiak eta ez da beti asmatzen. Askotan, telebistan partida esatariak jokaldiak errepikatu eta errepikatu aritu ondoren ere ez dira ados jartzen. Baina jendeak ez du planteatzen akatsak ere jokoaren parte direla eta naturaltasunez ikusi behar direla. Jokalari batek penaltian huts egin eta ondorioz liga galtzen badu ere, animoak ematen zaizkio, baina epaileok akatsen bat eginez gero, ez dago onartuta edo ondo ikusita. Gero eta gorago egon, gero eta errazago ikusten dira akatsak, medio eta kamera gehiago baitago horretarako. Beraz, exigentzia ere gero eta altuagoa da.

Suertea izan dut eta oraindik behintzat ez dut arazorik izan zelaian. Batzuetan entzuten dira arbitroak zelaitik babestuta atera behar izan duten kasuak edo erasoak jaso dituztenenak. Erasoei dagokionez, Gipuzkoa aldea, esaterako, beste hainbat leku baino seguruagoa edo lasaiagoa dela esango nuke.

Batzuetan izugarria da jendeak futbola nola bizi duen ikustea. Batzuek asteko tentsioak askatzen dituzte estadioan eta ez dira konturatzen zein itxura ematen ari diren, animatzera joan diren seme-alabaren partidan.

Esker onekoa baino esker txarrekoa al da gehiagotan zuen lana?

Askok pentsatzen du esker txarreko lana dela gurea, baina nik ez dut uste. Badago gure lana jarraitzen, baloratzen eta eskertzen duen jendea ere. Esker oneko lana ere bada gurea eta polita da hori ikustea.

Zure ustez, zein ezaugarri behar ditu epaile on batek?

Azken boladan asko aipatzen da arbitroaren fisikoa. Futbola aldatu den bezala, asko aldatu da alor hori ere. Futbolariak askoz azkarragoak dira eta, ondorioz, guk ere halaxe izan behar dugu.

Baina arbitroaren lanik garrantzitsuena partida gobernatzen jakitea da. Psikologikoki burua ondo prestatuta edukitzea ere oso-oso garrantzitsua da, kontzentrazio maila oso altua mantendu behar baitugu 90 minututan zehar. Ezin dugu une txiki batean ere despistatu, edozer gauza gerta baitaiteke uneoro. Eta noski, joko arauak ere ondo ezagutu behar dira gero zelaian ondo erabiltzeko.

Futbolariek bezainbeste entrenatu behar al duzue, egun, epaileok?

Bai, dudarik gabe. Orain artean ez gara kirolari gisa ezagutu, lehen tripa koskorra zuten arbitroak ere ikus zitezkeen. Baina orain jendea konturatzen hasia da arbitroak fisikoki prestatuta gaudela. Lagunartean nahiz etxean ere entzun izan dut ‘begira nola egiten duen korrika arbitro horrek’. Asko entrenatzen dugu, jokalariek bezala, astean bost egun eta asteburuan partida. Deskantsurako egun bat izaten dugu. Dedikazio handia da gurea ere, ordu asko.

Astean bi egunez Donostian entrenatzen dut nik eta beste hiru egun nire kabuz aritzen naiz. Entrenatzailea dugu eta hark emandako plana jarraitzen dugu.

Ba al duzu gustuko epailerik?

Bai, baina azken batean, bakoitzaren alderdirik onena hartzen saiatzen naiz: jokalariengana zuzentzeko modua batengatik, txartelak ateratzekoa modua bestearengatik… Gure lanak duen gauzarik politena, 20 urtez aritu arren, partida bakoitzean ikasteko aukera izatea da. Egoera ezberdinak eta berriak suerta daitezke partida bakoitzean eta haiei aurre egiten ikasi behar dugu.

Gustuko zelairik?

Gijongo Molinon futbol zelaian debutatu nuen bigarren mailan, laugarren arbitro gisa. Oso oroitzapen onak gordetzen ditut eta zelai berezia da hura niretzat.

Etorkizunera begira zein helburu duzu?

Helburua mailaz igotzea litzateke, noski. Baina, errealista naiz eta badakit zein den egoera. Hori bai, nire esku dagoen guztia egiten ahaleginduko naiz lanean ahalik eta ongien jarraitzeko. Gogoz eta ilusioz nago etorkizunera begira.

Aholkatuko al zenioke jende gazteari arbitro izatea?

Esperientziak asko laguntzen duen ofizioa da gurea eta lehen bi urteak ez zitzaizkidan batere errazak egin. Ez nuen orain bezala disfrutatzen. Arbitro sartu aurretik, norberak bere erabakia hartzeko askatasuna izatea gomendatuko nuke; alegia, gurasoen edo ingurukoen nahia ez izatea. Gustura egin behar den bidea da.

Egoera asko aldatu da orain. Ni hasi nintzen garaian, Gipuzkoa mailan 150 arbitro izango ginen guztira. Orain 340 inguru gara eta itxaron-zerrendak ere badaude. Arbitroentzat eta batzordearentzat hobea da hori; gero eta kantitate gehiago, kalitate hobea izateko aukera ere bai baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!