Andoni Mendizabalen behorra izan zen plazaratzen lehena. “Duela lau urte inguru hasi nintzen abere-proben giroan murgiltzen. Villabonan bizi izan naiz beti, baina kalea ez zait batere gustatzen. Asteasura etorrita, mundu hau ezagutzeko aukera izan nuen. Duela urtebete erosi nuen Sanisidroetan plazara ateratako behorra. Zazpi urte inguru ditu eta nik hartu aurretik ere plazetan ibilia zen”.
Andoniri ez zaio gogorra egiten behorraren zaintza: “Iluntzetan, lanetik etorritakoan egiten ditut lanak eta bi egunez behin entrenatzera ateratzen dut. Nik neronek ez daukat horretarako toki egokirik eta Gorua Goiena edota Arretxe baserrietan ematen didate horretarako aukera. Oso garrantzitsua da behorraren alderdi fisikoa zaintzea”.
Zaldi gaztea ere badu Andonik. “Neroni ari naiz zaldiari erakusten. Mundu honetan berri xamarra naiz eta horregatik, plazetan ibiltzen bazekien behorra erosi nuen aurretik, pixkanaka ni ere ikasten joateko. Garai batean pertxeroiak ibiltzen ziren harriari tiraka; gaur egun, ordea, monturako abereak ateratzen dira plazara eta odol beroak izaten dira. Ohitu arte, gehiago beldurtzen dira”.
Langile fina
San Isidro egunean plazaratutako behorra “lanean oso fina da. Ez da bereziki indartsua, baina gustuko dut. Iaz, Ispasterko probetan atera nuen eta Asteasun ateratzeko deia jaso nuenean, ez nuen zalantzarik egin. Festa jartzea da helburu nagusia”, azaldu du asteasuarrak.
Zaldi gaztearekin ere badu esperantza Andonik: “Indar handia du, baina ez dakit plazan nola erantzungo duen. Zaldiak ez daki zer den irabaztea edo galtzea eta plazan ikusi behar da zenbateko gogoarekin hasten den”.
San Isidro egunean, Hernaniko Imanol Fagollaga atera zen behorra gidatuz, eta Andoni bera ibili zen atzetik. 20 minutuko saioan, 44 plaza egin zituen 1200 kiloko harriarekin. Lan bikaina.
Itxaso Arrutiren zaldi ikusgarriak ere lan bikaina egin zuen, baina ezin izan zuen behorraren lana berdindu. Itxasok betidanik ezagutu izan ditu probalekuak. Joxe Antonio aitagandik jaso zuen zaletasuna. San Isidro egunean, Itxasoren izenean atera zuten zaldia.
Zaletasuna
Joxe Antonio Arrutik zaletasun handia izan du beti abere probekiko eta bere alabek, txiki txikitandik ezagutu izan dute mundu hori. “Hiru urte genituela, probatokira joaten ginen aitarekin. Betidanik ezagutu izan dugu giro hori etxean. Gustatu egiten zait mundu hori, nahiz eta ez dudan oso gertutik jarraitzen”, azaldu du Itxasok.
Baziren zenbait urte Itxasoren etxean abererik ez zegoela. “Gu umeak ginenean astoa edota mandoa edukitzen zituen aitak, plazan ibiltzeko. Ondoren, uzteko erabakia hartu zuen eta zenbait urte pasa ditu horrela. Duela bi urte, ordea, berriz ere gogoa piztu zitzaion, eta zaldia ekarri zuen etxera”.
Joxe Antoniok zaintzen du zaldia egunerokotasunean: “Ukuiluan edukitzen dugu zaldia urte guztian eta aitak egiten ditu lan guztiak. Bera arduratzen da jaten emateaz eta baita eginbeharreko entrenamendu guztiez ere. San Isidro egunerako, ordea, nire izenean ateratzea gustatzen zaio”. Itxasok atera zuen zaldia Asteasuko probalekura, baina ez zen plazan ibili: “Garaialde eta Matxain ibili ziren zaldiarekin. Iazko San Isidro eguneko proban ere, haiek ibili zuten zaldia eta emaitza oso ona izan zen”.
Jai giroa
Gustura onartu zuten San Isidro eguneko festan parte hartzeko gonbita: “Jende asko etortzen da plaza ingurura baserritarren eguna ospatzeko, eta festa pixka bat jartze aldera, parte hartzea erabaki genuen. Iaz ere deitu ziguten, eta oso gustura aritu ginen. Idi parearen aurka aritu zen gure zaldia eta oso lan ona egin zuen”.
Lasai zegoen Itxaso maiatzaren 15eko probaren aurretik. “Herrian festa giroa piztea da helburu nagusia, ikuskizun pixka bat sortzea. Ez dago ezer garrantzitsurik jokoan eta horrek lasaitasuna ematen du. Aitak urduritasun handixeagoa izaten du normalean. Ordu asko eskaintzen dizkio zaldiaren prestakuntza eta zaintzari eta paper ona egin dezan nahi izaten du”.
Zaldiaren saioa oso modu ikusgarrian hasi zen. Harriari tiraka hasi eta metro gutxi batzuk eginak zituenean, oreka galdu eta zaldia erori egin zen. Ez zuen altxatzeko arazorik izan, eta ondo ekin zion berriz ere probari. 37 plaza eginda, lan ona egin zuen zaldiak ere.
Entrenamenduak
Bi egunez behin egiten ditu entrenamenduak Itxaso eta Joxe Antonioren zaldiak. “Aita arduratzen da. Errepideko eremu batean aritzen dira eta ordubeteko saioak egiten dituzte, bataz-beste. Pisua eramateko ohitura hartu behar du zaldiak eta bestalde, aberea fisikoki ondo egon dadin, oso garrantzitsua da entrenamenduak ondo egitea. Proba edo erakustaldiren bat egin behar duenean, bereziki zaintzen du hori aitak, nahiz eta urte osoan zehar ere aritzen den”. Asteasuko Goibailarako Inkilisagasti berri baserrian bizi dira Itxaso eta bere sendiko kideak. “Urtean zehar zenbait erakustaldi eskaintzen ditu zaldiak harriarekin eta Bizkaiko plazaren batera ere joan izan da proba egitera. Oso ondo dabil eta gustura gaude egiten duen lanarekin”. Proba amaituta, San Isidro egunaz gozatzen jarraitu zuten.