“Tronpeta jotzetik bizitzea ia ezinezkoa da Euskal Herrian”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 22a, 10:18

Ez du gogoan tronpeta bat eskuan hartu zuen lehen aldia. Javi Perezen aita, Pako, musikaria da eta mundu horretan murgilduta hazi dira hiru anai-arrebak. Tronpeta irakaslea da orain Javi, eta hainbat saio eskaintzen du urtean zehar.

Noiz hasi zinen musika munduan murgiltzen?
Aita musikaria da eta gure etxean bazen tronpeta bat. Ez dakit noiz hartu nuen lehendabiziko aldiz. Niretzat jostailu baten gisakoa zen; helduek egiten zutena egin nahi nuen nik ere. Ia ziur esan dezaket bi urte nituela tronpeta jotzen aritzen nintzela. Etxean dauden tronpeta guztiak kolpatuta daude hori dela eta. Egia esan behar badut, nik ez nituen aukeratu ez musika, ezta tronpeta ere; halaxe egokitu zitzaidan. Nik bezalaxe, nire bi arrebek ere musikarekiko zaletasuna jaso zuten eta baita gure azpian bizi zen bizilagunak ere, aitaren zaletasunak kutsatuta.

Noiz eta non ekin zenien musika ikasketei?
Zazpi bat urte nituenean Donostiako kontserbatorioan hasi nintzen. Kontserbatorioko ikasgaiak, ordea, geroz eta gehiago ziren eta joan-etorri asko egitea eskatzen zuen. Horregatik, Andoaingo musika eskolan izena eman, eta bertan aritu nintzen denboraldi batez. Villabonako Jesus Mari Beristain izan zen nire tronpetako irakaslea garai hartan. Donostiako kontserbatoriora itzuli nintzen aurrerago, eta klase partikularrak ere jasotzen nituen. Azkenik, Musikenen osatu nituen goi mailako ikasketak. Gaur egun, tronpeta irakasle naiz Donostiako eta Pasaiako musika eskoletan. Musika ikasketak osatzeko ez dago kanpora joan beharrik, oso kalitate oneko musika hezkuntza dugu hemen eta oso maila altuko musikariak ateratzen dira bertatik. Musikan lan egiteko, ordea, ateratzeko premia handiagotu egiten da.

Musika ikasteko bide hori gogorra da. Nola bizitu zenuen zuk?
Musika ikasten duten gaztetxo gehienek bezala, ohiko ikasketekin bateratu nituen musika ikasketak. Horrez gain, hamahiru urterekin, jendaurrean jotzen hasi nintzen aitarekin; ezkontzatan, ekitaldi ezberdinetan, erromeriatan... Horrek asko lagundu zidan musika ikasketak egiteko garaian; esperientzia eman zidan. Ez dut sakrifiziorik egin behar izan musika ikasteko; ez kontserbatorioan nenbilenean ezta Musikenen ere. Musika gozamena izan da beti niretzat.

Aitaren bideari jarraitu diozu. Ordu asko pasa al duzu berarekin musika jotzen?
Bai, oso maiz jotzen dugu hiru anai-arrebok eta aitak, familia giroan. Pianoa eta biolina jotzen ditu arreba batek eta akordeioa eta tronpeta beste arrebak. Elkarrekin jotzen pasatako ordu horiek asko ikasteko balio izan digute. Esaterako, aitari asko gustatzen zaio inprobisatzea eta nik ere berarengadik jaso nuen ohitura hori.

Zure musika jendaurrean erakusteko aukera ere izan duzu...
Bai, mota guztietako taldeekin batera aritu izan naiz. Aitarekin Los Rubi taldean aritu nintzen denboraldi luze batean. Txarangekin ere batera eta bestera ibili naiz eta estilo ezberdinetako taldeekin aritu naiz nire ibilbidean zehar. Oraintxe bertan jazz musika eta musika garaikidea dira gehien jotzen ditudanak. Nik aukeratu nuen jazz-a egitea eta gustura nabil, nahiz eta beste musika estilo asko ere gustatzen zaizkidan. Musika klasikoa, adibidez, geroz eta gehiago gustatzen zait. Izan ere, musika gustuak aldatuz joaten dira bizitzan zehar, zikliko samarra izaten da.

Los Rubi taldeko kideek omenaldia jaso berri dute Andoaingo Santakrutzetan. Nola bizitu zenuen ekitaldi hura?
Nik ez nuen gehiegi ikusteko aukerarik izan. Los Rubi taldeko kide izan direnentzat, elkartzeko eta ondo pasatzeko aitzakia polita izan zen. Eskertzekoa da omenaldi hori antolatzeko ahalegina egin izana. Nire aita taldeko kide da sortu zenetik, eta gustura ibili zen Andoaingo omenaldian. Urteak aurrera, Los Rubi taldea desagertu egin zen eta Rubi Berriak taldea jarri genuen martxan aitak, arrebak eta hiruok.

Nola sumatzen duzu musikaren egoera gaur egun?
Ez da erraza lan egiteko aukera izatea. Pixka bat jo ahal izateko, talde askotan eta proiektu ezberdinetan sartuta egon beharra dago. Lan karga handiagoa eskatzen du horrek; gauza ezberdinak prestatu behar direlako. Garai batean, ohikoa zen talde bakarrarekin edo toki finko batean lan egitea. Gaur egun, lan gutxi dagoenez, asko mugitu beharra dago; estilo ezberdinetako proiektuetan sartu. Tronpeta jotzetik bizitzea ia ezinezkoa da Euskal Herrian, eta oraindik zailagoa Gipuzkoan. Horretarako modu bakarra orkestra bateko kide izatea litzateke, langile publikoa, alegia. Baina gaur egun ez dago horretarako aukerarik tronpetarekin, oso jende gaztea ari delako orkestran. Beraz, beste modu batera moldatu beharra dago eta pixka bat jo ahal izateko, beharrezkoa da Gipuzkoatik ateratzea. Krisialdiak eragin handia izan du, baina orokorrean, jendea ez da kontzertuetara joaten. Donostiako Jazzaldiak badu bere indarra, baina hortik kanpora, ez dago mugimendurik. Madrilera, Bartzelonara, Andaluziara..., atera egin beharra dago.

Zein izan daiteke horren arrazoia?
Faktore ezberdin asko sartzen da jokoan. Esaterako, musikaz inguratuta bizi gara egun; telebistan, erosketak egitera joaten garenean, trenean, mp3an..., jendeak ez du sentitzen zuzeneko musikaz gozatzeko beharrik. Gazte jendea musika jaialdi handietara joaten da, baina orokorrean, parranda egiteko aitzakia direlako. Ez zaie gehiegi axola zein talde ari den jotzen. Tarteka, zuzeneko musika entzuten dutenean, harritu egiten dira eta gozatu egiten dute, baina kasu banaka batzuk izaten dira.  

Zein ekimenetan zabiltza egun?
Iban Gurrutxaga gitarra jotzaile amezketarrarekin batera landutako ekimen bat dut martxan. Euskal musika eskaintzen dugu, baina jazz ukitua emanda. Inprobisazioari tartea egiten diogu  eta piezak jotzeko modu libreagoan aritzen gara. Horrez gain, Soul Bross taldearekin ere ari naiz, ikaskideak izandako lagun batzuen artean sortutako jazz talde tradizionalagoa da. Bizkaiko zenbait taldearekin ere ari naiz; Travelling brothers, The Rubies..., eta niregana jotzen dutenekin. Gauza ezberdinetan ari naiz, eta oso gustura nabil horrela.

Diskorik grabatu al duzu?
Talde askoren diskoetan hartu  dut parte; Rubis, Travelling brother, Xabi Aburuzaga... Baina nire izenean ez dut diskorik  momentuz.

Tronpetak hautatu zintuela esan duzu. Egun, haur askok aukeratzen al dute instrumentu hori?
Nire garaian bitxia zen haur batek tronpeta jotzea. Gaur egun, ordea, boladan dago. Musika latinoak zerikusi handia izan du horretan. Tronpeta asko ageri da musika mota horretan eta modan jarri da. Umea nintzeanean aldizkarietan ageri ziren modeloek gitarra izaten zuten eskuartean eta gaur egun, askotan agertzen dira tronpeta bat hartuta. Harrigarria egiten zait hori.

Tronpeta irakasle zarela aipatu duzu. Nolakoa da zure lana?
Guztira 50 bat ikasle ditut, haur eta heldu. Geroz eta heldu gehiago gerturatzen da musika mundura. Gehienek, umetan ikasi zuten eta urte askoz utzita eduki ondoren, zaletasun hori berreskuratu nahi izaten dute. Badaude, baita ere, berandu hasten direnak. Ezberdina da  haurrei edo helduei erakusteko modua. Helduek errazago ulertzen dute esandakoa, nahiz eta beti ez ditugun nahiko genituzkeen emaitzak lortzen.

Kantujiran ikusi izan zaitugu...
Bai, eta asko ikasteko balio izan dit. Kantujiran parte hartzen hasi aurretik ere ezagutzen nuen euskal musika, baina kantujirako kideek ahalegin berezia egin dute betiko errepertoriotik ateratzeko. Abesti asko ikasi dut haiei esker. Gainera, asko gustatzen zait musika gertuko zaizkidan tokietan jotzea; herrian, lagunartean, etxean... Horrez gain, kantujirak jendea ezagutzeko aukera ere eman dit; ekimen horregatik ez balitz, ezagutuko ez nukeen jendea ezagutu dut. Oso ondo pasatzen dugu beti.

Zein toki edo inguru gustatzen zaizu gehien musika saioa eskaintzeko?
Urkamendi elkarteko bazkidea naiz, eta oso gustura aritzen naiz bertan. Baita sagardotegietan ere. Izan ere, etxekoekin eta lagunekin jotzea baita gehien gustatzen zaidana. Jotzen ari naizenean, inguruko jendea gozatzen ari dela ikustea gustatzen zait. Askoz ere gustagarriagoa egiten zait ezkontza batean ‘Paquito el chocolatero’ joz jendea pozik dabilela ikustea, musika sofistikatuagoa eginez asperdura aurpegiak ikustea baino. Nahiz eta jotzen ari zaren musika horretan sinestu, jendeak ulertzen ez badu eta arretarik jartzen ez badu, zentzua galtzen baitu.
Horrez gain, askotan egokitu zait Donostiako Altxerrin jotzea. Toki erosoa da, oso ondo prestatua eta gustura aritzen naiz han ere.

Etorkizunari begira, zein asmo duzu?
Aurten egindakoaren bidetik jarraitzea izango da helburua. Udaran lan egitea, batetik bestera ibiltzea, musika eskaintzeko aukerak izatea... Horixe da gustatzen zaidana eta horretan jarraitu nahi nuke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!