Komunikatzea helburu: webgunea eta buletina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 21a, 15:34

Asteasuko Udalak urteak daramatza herritarrengana modu zuzenean iristeko eta komunikazio lan eraginkorra gauzatzeko ahaleginetan. Horren lekuko ditugu, batik bat, bi tresna berezi: batetik, buletin bihilabetekaria, Udalarekin lotutako informazioa herritarrei maizago helarazteko tresna zuzena. Eta webgune berritua www.asteasu.net,  bestetik; Asteasu udalerriaren beraren ispilu izango dena, bertan baitaude jasota, besteak beste, herriari buruzko hainbat datu, Udalaren egitura eta beronen funtzionamenduari buruzko informazioa, parte hartzeko atalak, herriko hainbat talde eta elkarteren jarduna eta aipatutako guztiekin harremanetan jartzeko modua:  

Udaleko kideek jakinarazi dutenez, “tresna hauekin, herritarren eta Udalaren beraren arteko feedbacka edo elkartrukea bultzatu nahi du Udalak, herritarrek entitate hau gertuagoko senti dezaten. Azken batean, komunikazio prozesu honetan, herritarrak hartzaileak izateaz gainera, berri sortzaileak ere bai baitira. Horregatik guztiagatik, Udalak martxan dituen komunikazio tresnek baliagarriak izan behar dute parte-hartzea sustatzeko eta komunikazio kanalak zabaltzeko”.

Buletinari dagokionez, bi hilean behin Asteasuko etxe guztietara iristea da asmoa, herritarrek bertatik bertara jaso dezaten Udalaren eta herriaren bueltan gertatzen den guztiaren berri. Alderdi politikoek ere euren gunea izango dute buletinean, herritarrei esan beharrekoak zuzenean adierazteko. Azken batean, guztiek merezitako hitza eta oihartzuna edukitzea baita xede nagusia.

 

Demokrazia digitala

Webgunea dute bigarren tresna; eguneratua eta berritua datorrena: www.asteasu.net. “Udal Gobernuak berebiziko ahalegina egin du komunikazio bide honi behar adina garrantzi emateko. Izan ere, une oro, herritarren parte-hartzea bilatu du, eta horregatik, webgune horizontalagoa egin du, sakelako telefonoetara egokitutakoa, administrazio eta administratzaile aniztasuna ahalbideratzen duena, sare sozialetarako jauzia eginda; azken batean, demokrazia digitalerako bidean jartzeko pausoa eman du”.

Garrantzitsua da, beraz, webgunea dinamikoa izatea eta herritarrekin elkarreragina sustatzeko bitartekoak edukitzea, alde bietako komunikazioa sustatu ahal izateko; “hau da, webguneak Udalean sortzen den informazioa herritarrei helarazteko balio beharko du, baina era berean, herritarrei parte hartu eta Udalarekin nahiz herriko elkarte eta eragileekin elkarreraginean jarduteko aukera eskaini behar die. Azken batean, asteasuarrek ere nolabait webgunean parte hartzea, euren iritzia ematea eta guztion artean sareko komunitate bat osatzea baita helburua.

Horrenbestez, nabarmentzekoa da Udalak aratz jokatzeko eta herritarrengana hurbiltzeko emandako pausoa. Parez pare jarri, eta komunikatzea bilatu du; alegia, asteasuarrei Asteasuren berri ematea. Finkatutako helburua lortzea beste ametsik ez du orain”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!