Gure Esku Dago Urnieta: oharrak ekainaren 8ra begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 20a, 19:50

Ekainaren 8ko giza katerako autobusetan izena emateko epea ireki da. Xauxar, Kantoi, Trazos eta Muazpin eskuratu ahal izango dira txartelak, ekainaren 5a arte, sei eurotan.

Oharrak eta ordutegiak:

“Ekainaren 8ko giza katerako autobusetan izena emateko epea ireki da. Xauxar, Kantoi, Trazos eta Muazpin eskuratu ahal izango dira txartelak, ekainaren 5a arte, sei eurotan.
Bi aste eta erdi falta dira ekainaren 8ko giza katerako. Urnietari, Astigarraga, Goizueta eta Aranorekin batera, 102. kilometroa egokitu zaio, Nafarroako Etxarren herrian (Irurtzundik hiruzpalau kilometrora). Urnietako Gure Esku Dago taldeak hara bertaratzeko autobusak erreserbatu ditu, dagoeneko, eta txartelak eskuratzeko deia egin urnietar guztiei. Kantoi eta Xauxar tabernak, Muazpi harategia eta Trazos ileapaindegian eros litezke ekainaren 8an Etxarrenera joateko txartelak, sei euroko prezioan. Bi urtetik gorako umeek ere txartela erosi beharko dute, eta gurasoren bat bi urte baino gutxiago dituen haurren bat eramatekoa bada, antolatzaileei jakinarazi beharko die, autobus gidariak aulki berezia egokitzeko. Txartela eskuratzeko azken eguna ekainaren 5a izango da, osteguna.
Asmoa goizeko 9etan abiatzea da. Horretarako, 08:30an egin da hitzordua, anbulategi zaharreko biribilgunean, autobusek arazoak izan ez ditzaten. Goizeko hamarretarako jendea dagokion kilometroan egoteko eskaera egin dute antolatzaileek, eguerdirako giza katea arazorik gabe antolatu ahal izateko. Giza katea bera ordu erdikoa izango da, egurdian hasi eta 12:30ak arte. Ondoren, autobusak Arbizuraino joango dira, han elkartuko baitira Sakanara bertaratutako herritar guztiak, eguna jai giroan ospatzeko. Urnietara buelta arratseko 6-7ak alderako iragarri da.
Autoetan joateko aukera ere badago. Lekua soberan dago Etxarren eta inguruko belazeetan, baina autoan doazenek garbi eduki behar dute lehentasun osoa autobusek izango dutela. Alegia, agian espero baino bide luzeagoa egin beharko dutela oinez, dagokien tokiraino iristeko. Otorduaren inguruan, antolatzaileek norberak bere janaria eramateko gomendatzen dute, Etxarrenen eta Arbizun zer jan eta edana lortzeko aukera egongo bada ere. Bestalde, herritarrek Etxarrengo egonaldia girotzeko ekimenak antolatzeko deia ere egin du GED Urnietak.
GED Urnietak mahai pare bat jarriko ditu datorren larunbatean Guria taberna ondoan, kamisetak saltzeko. Autobusetan izena emateko aukera ere egongo da, goizeko 11:00ak eta eguerdiko 13:00ak bitarte”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!