Lanbide Heziketa euskaraz, aukera bizia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 15a, 19:29

Buruntzaldean Lanbide Heziketa euskaraz ikasi duten Andoni Urdanpilletak, Jon Urretabizkaiak, Eneko Elosegik, Idoia Iribarrek eta Beñat Esnaolak euskaraz formatzen jarraitzeko aukera ezin hobea dela azaldu dute eskualdeko hedabideekin izandako solasaldian.

Bideoa | Artikulua:

Andoni Urdanpilletak goi-mailako Mekanizazio zikloa egin du La Salle-Berrozpe ikastetxean, Jon Urretabizkaia eta Eneko Elosegi Urnietako Salesiarrak ikastetxetik datoz eta, azkenik, Idoia Iribar eta Beñat Esnaola Zubietako ikasleak dira, lehenak goi-mailako Administrazio zikloa egin du eta bigarrenak goi-mailako Mekanizazioa.
Ziklo guztiak euskaraz egiteko aukera eskaintzen dela adierazi dute, D ereduan ez bada, B ereduan bi hizkuntzetara ikasi daitekeelako. Gauzak horrela, guztiek euskaraz ikastearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak horrela egitera animatu dituzte. Izan ere, gaur egun eskaintza zabala egoteaz gain, bi hizkuntzak menperatzen dituen profesionala baliagarriagoa dela azaldu dute; gero eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta aberatsagoa izango baita langilea. “Bi aukerak izanda, dudarik gabe, euskaraz egitera animatuko nuke jendea”, azaldu du Idoiak.
Hala eta guztiz ere, bi esparru bereiztu dituzte; batetik, ikasgela eta, bestetik, tailerra edo laneko esparrua. Ikasgelari dagokionez, euskarazko ikasgaietan azalpenak euskaraz jasotzen dituztela eta material gehiena ere euskaraz dutela azaldu dute. Hala ere, egoerak hala behartuta, kasu zehatz batzuetan irakasleak azalpen batzuk gaztelaniaz azaltzen dituela eta zenbait eduki, euskarara itzuli gabe egoteagatik, erdaraz jasotzen dutela aitortu dute; programazioko jarraibideak eta Espainiako Konstituzioa, besteak beste. 

D EREDUKO TALDEA OSATZEAREN GARRANTZIA
Garrantzitsuena D ereduko taldea ateratzea dela esan dute, euskara ez dakien jendea gelan tokatuz gero, ikasgaia gaztelaniaz egitera behartuta daudelako. Kasu horretan, irakasleek arreta berezia jartzen dutela eta gaztelaniaz eroso sentitzen ez direnei euskarazko azalpenak ematen dizkietela azaldu dute. Hau da, irakasleek ahalegina egiten dute behar guztiak asetzeko eta denei ahalik eta ondoen erantzuteko. Beñat Esnaolak dioenez, irakasleen jarrerak pisu handia dauka: “Gure ikastetxeko makina eta erreminta guztiak euskaraz izendatuta daude, eta bertako azalpen guztiak irakasleak euskarara itzuli ditu”. 
Bestalde, lan esparruari dagokionez, hitz teknikoak erdaraz erabiltzen dituztela, eta euskaraz jakin arren, praktikan jartzerakoan gaztelaniara jotzen dutela aitortu dute. Euskaraz erosoago sentitzen diren arren, hiztegi teknikoa erabiltzeko unean gaztelaniara jotzen dute, denek azkarrago eta errazago ulertzen dutelako. Azken finean, hitz teknikoak egunerokotasunean errazago eta ondo ulertzeko kodigoak direla diote, eta, beraz, lan orduetan gaztelaniazko hitzak txertatzen dituzte.
Gainera, euskararen erabilera enpresaren araberakoa dela uste dute; izan ere, batzuk euskara plana duten arren, beste askok ez dietela hizkuntzari horrenbeste garrantzia ematen azaldu dute. “Ez da berdina enpresa zaharra edo gaztea den, bezeroak hemengoak edo atzerrikoak diren... Hori guztia kontuan hartu behar da”, dio Andoniren irakasle den Iñaki Aranburuk. 
Gaur egun euskara erabiltzeko zailtasun askorik ez dagoen arren, bi hizkuntzak erabiltzera ohitu behar dutela diote. Zaila iruditzen zaien arren, garaiak eta belaunaldiak aldatzen doazen heinean euskara lan esparruan pixkanaka normalizatuko dela eta euskaraz lan egiteko joera barneratzen joango dela sinesten dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!