Kantoiko Mari Karmenen azken lan eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 15a, 19:27

Hogeita bost urtez Urnietako San Juan plazako Kantoi tabernaren ardura izan ondoren, joan zen asteazkenean esan zuen agur Mari Karmen Astiasaranek.

Mari Karmen ohiko tabernari bat baino askoz gehiago izan da bere bezeroentzat, eta oro har, herritarrentzat. Bere umore ona eta bezeroak "manejatzeko" ezker esku aparta izateaz gain, hainbat bezerorentzat, besteak beste, erizain edo psikologo lanak egin izan ditu.
Herriko elkarteentzat eta edozein ekitalditarako sarrerak saltzeko gunea izan da Kantoi taberna, eta horrez gain, apaizarentzako errekaduak jaso eta herritarrek beraien arteko harremanetarako erabili izan duten gunea. Urnietar askok zenbat alditan esan ote du, gauza baterako edo besterako "Kantoi tabernan utziko diat hire izenean".
Azken egunetan, ez da esker oneko hitzik eta lore sortarik falta izan Kantoi tabernan. Aiurri eta Iñistorra elkartetik bere eskuzabaltasuna eskertzeaz gain, Mari Karmen Astiasarani etorkizunean onena opa diogu.

Mirian Carro Arduradun berria
Aurrerantzean Kantoi tabernak arduradun berria izango du, Mirian Carro hernaniarra hain zuzen. Ostegun honetan bertan inaugurazio ekitaldia egingo dute, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!