Urnietan Gure Esku Dago ekimena sasoiko dago. Aurreko larunbatean kultur jaialdia antolatu zuten eta asteazken honetarako mahai-ingurua deitu zuten. Ekimenarekin bat egiten ari diren herritarrak ere geroz eta gehiago dira. Ehunka joango dira, beraz, ekainaren 8ko giza-katera. Sakana aldera egokitu zaien tokira, Buruntzaldeko gainerako herrikideekin batera.
Ohiko agerraldi edota argazki erraldoiez haratago, ez ohiko ekitaldiak antolatzeak meritu handia du. Aurreko larunbatean herriko kulturgileek erakustaldia eskaini zuten herritarren aurrean, erabakitze eskubidearen alde. Txalaparta, musika, antzerkia, dantza..., Urnietako kultur jardueren oparotasunaren adierazgarri izan zen Sarobeko ikuskizuna.
Esker ona
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete jaialdia egin ahal izateko laguntza eman dieten hainbat lagunei: Urnietako Udalari, Sarobeko langileei, Muazpi harategiari, Trazos ileapaindegiari, Kantoi, Amailur eta Xauxar tabernei. Urnietarrak izan gabe, ekitaldiarekin bat egin zuten, Xabi San Sebastian abeslariari eta Monika Redondo biolinjoleari.
Eta baita musutruk ekitaldian parte hartu zuten berrogeitik gora herritarrei ere.