Loatzo musika eskolako kideak gustura, elkartrukearen bigarren zatian ere

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 13a, 12:50

Joan zen ostegunean abiatu eta igandera arte, musikarien elkartrukearen bigarren zatia burutu dute Loatzo musika eskolako kideek Penedesko Villafancan (Katalunia). Egonalditik bueltan, asteburu zoragarria izan dela azaldu dute eskualdeko musikariek igorri duten idatziaren bidez:

Argazkiak

“Vilafrancatik bueltan goazen honetan, asteburu zoragarria izan dela kontatu nahi dizuegu!!
Ostegun arratsaldean Villafranca ezagutu eta ardo museoa bisitatu genuen. Ostiral goizean hiru institututan euskal dantza eta musika erakutsi genuen azalpenak emanez eta bertako gazteria dantzan jarriz. Arratsaldean, berriz, auditorio handi eta eder batean eskaini genuen emanaldia. Ondoren, oso afari ona eman ziguten bertako casteller-en lokalean, afalondoan beraien entsaio bat ikusteko aukera izan genuelarik. 200 pertsona ingururen entsaio ikusgarria izan zen eta batzuok gaztelu batean ere parte hartu genuen. Bitartean bi eskoletako ikasleak elkarrekin jolasean, lagunak egiten, oso polita!!

Larunbatean Sitges-era joan ginen goizean; hondartzara, herria ezagutzera…, baina instrumenturik gabe. Deskantsua hartu genuen.

Arratsaldean, martxoan Villabonan eta Iruran egin genituen bezalako kalejira handia egin genuen bi eskoletako kideok elkarrekin eta herriko plazan dantzaldi ederra eskaini genuen. Jende asko gerturatu zen eta ederra izan zen.

Gauean, Falcons izeneko beste lokal batean eman ziguten afaria, eta jam sesion  batekin bi eskoletako ikasleek oholtzara igo eta parranda musikala egin genuen denok elkarrekin. Musika, dantza herrikoiak, barre asko...

Igandean beste emanaldi bat eskaini genuen beste plaza batean, eta paella bazkaldu ondoren, emozio, malko eta besarkada ugari izan zen agurtzeko momentuan. 
Hitz batean esateko, Zoragarria!!!
Ikasleak txapela kentzeko moduan portatu dira, eta zortzi irakasleoi asko lagundu digute.

Esperientzia ederra izan da, gure ikasleak (herri ezberdinetakoak) elkartu dituena eta beste herrialde bateko beraien modukoekin elkartu dituena!!!

Loatzo musika eskolak, hitz hauen bitartez, ekimen hau aurrera eramatea posible egin duten eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkie: Loatzo mankomunitateko zortzi Udalei, bereziki Irura eta Villabonako Udalei eta langileei, eta hainbeste lagundu diguten ikasle eta haien gurasoei. Elkarren arteko lana izan da eta emaitza begi-bistakoa. Eskerrik asko!!!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!