Andoainen konposta egiteko guneak martxan daude

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 9a, 10:22

Andoaingo Udalak konposta egiteko guneen aurkezpena egin du.

Andoaingo Udalaren helburua 2016rako birziklapen tasa %60ra igotzea da eta horretarako konposta lantzea izango da hartuko den neurrietakoa. Lau konposta programa martxan jarri ditu: udal-eraikinetakoa, herriko auzo-konposta, landa eremuetakoa eta, azkenik, nahi duenarentzat etxeko konposta.  
Andoaindar bakoitzak bataz beste kilo bat hondakin sortzen ditu egunean, eta horren %40 hondakin organikoari dagokio. Horregatik, Udalak ezinbestekotzat jo du konposta bultzatzea; batetik, zaborra sortzen den leku berberean kudeatzen delako eta, bestetik, garraioan gastatzen den energia murriztea lortzen delako. Gainera, azken helburuetako bat gizarte jasangarri batean bizitzea dela azpimarratu dute.
Konposta programarekin hasteko, Udalak lau gune ezarri ditu. Lehenik eta behin, udal eraikinetan; Galardi haurtzaindegian eta Zaharren Egoitzan, hain zuzen ere. Ikastetxeetan ere martxan jarri dira eta daagoeneko Ondarreta ikastetxea eta Aita Larramendi ikastola martxan jarri dira. Ondorengo hilabeteetan La Sallen ere hastea espero dute, ikastetxe guztietan ekimena bultzatzea beharrezkoa dela ikusten baitute. Izan ere, hondakin sortzaileak izateaz gain, birziklapena gazteen hezkuntzarako balio garrantzitsua delako eta konpostajea gazteei erakutsi beharreko ohitura ere badelako.
Auzo konpostari dagokionez, bi gune jarri dituzte; bata Etxeberrieta auzoan eta bestea Makaldegian. Etxeberrietako bizilagunek jaso dute konpostaren inguruko ikastaroa jada eta datorren hastetik aurrera  gunea martxan izango da. Udalak etorkizun hurbilean auzo konposta beste auzoetara ere zabaldu nahi du, batez ere, etxean konposta jartzeko aukera ez duten horientzat.

Landa gunean ere,
Sorabila-Bordaberrin hasita
Landa guneetan etxez etxeko konposta ezarriko da eta, oraingoz, Sorabila Bordaberriko bizilagunei bakoitzak bere etxean konpostatzeko deia zabaldu diete. Ondorengo hilabeteetan deia zabalduko dute Goiburu, Leizotz eta Buruntza auzoetara ere. Gainera, landa-auzo ez izanagatik ere, Udalak Plazaola eta Joakin Larreta kaleen arteko etxeetan beste gune bat jartzeko aukera aurreikusten ari da.
Auzo horietako bizilagun guztiekin prozesu bera ezarriko da. Etxera gutuna bidali ondoren, Espora izeneko enpresa etxez etxe joango zaie konposta nola egin azaltzeko. Espora mankomunitateko hondakinen kudeaketaz arduratzen den enpresa da eta banakako ikastaroak eskainiko ditu Andoaingo hainbat etxebizitzatan.
Azkenik, Udalak programa horietan edo gune horietan sartu ez diren herritarrei ere konposta egiteko gonbitea luzatu nahi die. Eta horretarako, udaletxean eskuratu dezakete etxeko konposta nola egin erakusten duen gida. Gida horretan azaltzen da konposta zer den eta prozesua nolakoa den, non eta nola erabili behar den, konpostagailua non jartzea komeni den, konposta ondo egiteko oinarrizko arauak eta gomendioak, konpostatze-faseak, eta baita ez ohiko zerbait gertatuz gero egon daitezkeen irtenbideak ere.
Udalak adierazi duenez, prozesu honetan jendeak beldurra izatea logikotzat hartzen dute, eta baita ondo egin izanaren zalantza izatea ere. Hori dela eta, ingurumen teknikariak eta brigadako langileak guneak ikuskatzen egongo dira, zer falta den edo zer dagoen sobera kontrolatzeko, eta gainontzeko herritarrek ere, zalantzaren bat izanez gero, laguntza jasoko dute.
Beraz, Udalak aurrerapausu bat eman eta konposta egitera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Egitasmo horiekin Udalak 2016rako jarri diren helburuak lortzea espero du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!