"Dotore doa aurtengoa ere. Mezetatik irten berriak gara, Urnietara etorri berria den apaizak eman du meza; jatorra eta bizkorra ematen du, eta ari da bertako jendera eta ohituretara moldatzen. Aizkolarien saioa egokitzen da oraintxe, mokadua jan bitartean. Bertsolariak eta trikitilariak ondoren.
Neu hamabost urterekin edo lehenago hasiko nintzen hona etortzen. Ermita zaharra han goian, Buruntzako gurutzerako bidean zegoenetik ezagutzen dut festa. Ermitan meza entzun, eta gero aldapan behera etortzen ginen Elorria baserri inguruan festaz gozatzen segitzera.
Larburugain baserriko semea naiz ni, Goiburu auzokoa, eta esango nuke auzo hartakoak hona etortzeko ohitura handia izan dugula beti. Azkorteko erromeria honek, horixe eduki du ona beti: Lasarte, Oria eta Urnieta aldeko jendea erakartzea. Andoaingoek, ordea, ez dute hainbesteko joera, bertan ere ospatzen baitituzte Santakrutzak.
Gure garaietan ez zegoen bestelako denborapasarik, eta horrelako festak izugarrizko gertakaritzat hartzen genituen. Lagunekin ondo pasatzera etortzen ginen, dantza saioa egitera, eta ahal zuenak nesketan egitera. Nik ez nuen bertan ezagutu gerora nire emaztea izango zena. Andoaindarra da bera, eta neronek sartu nion hona etortzeko estimazioa. Lehenbizi, Santa Krutz ermita honetan bertan ezkondu ginen, eta ondoren, Urnietan bertan jarri ginen bizitzen.
Lastima! Gero eta jende gutxiago biltzen gara goiko parte honetan erromeria egunean. Zer esanik ez eguraldiak laguntzen ez duenean, gaur bezala! Betikoak bildu gara gaur. Biharko erromeria, Lasarte-Oriako jendeak antolatzen duen horretarako eguraldia garbia iragarri dute, eta izango da jende etorria. Geu ere etortzekoak gara; izan ere, politak izaten dira bai bata eta bai bestea, diferenteak, nork bere ezaugarriak izaten dituelako.
Eguraldiak jendea hoztu edo berotu egin dezake, baina garbi dagoena da bertan behera doazela antzeko erromeriak. Edozein lekuetara zoazela ere, gu bezalako jubilatuak eta baserritar girokoak topatuko dituzu gehienak. Ikusita dago ermitaren baten inguruan antolatzen diren meza, erromeri, bertso saio eta herri kirolek ez dutela gazteen arreta pizten. Ilunbarretik aurrera mugitzen da gazteria, bestelako jokaera dauka eta zaila dago horri buelta ematea”.
Etxeberria eta Larrañaga bertsotan
Bertso saioaren aurretik, aizkolarien eta egur lanketaren erakustaldia behar baino gehiago luzatu zen. Hori hizpide hartuta, bertsotan ekin zioten Etxeberriak eta Larrañagak.
[Etxeberria]
Berandu xamar bagatoz baina
ez gera egon ahaztuta,
baina bitarten entretenitu
egondu gera lotuta.
Aizkolariak eraman dute
gaur eguardirako festa,
baina bertsorik gabe uztia
gure lege ona ezta.
[Larrañaga]
Arrazoi dezu berandu baina
garaia dela hasteko,
aizkolariak gertu zeuden bai
zuk dena erakusteko.
egualdiare eduki degu
oso aurpegi tristeko,
saio motx-motx bat egin behar degu
denak konforme uzteko.
[Etxeberria]
Lehen ere hemen izanak gera
makinatxo bat urtian,
ta aurten ere etorri gera
gu gaur zuekin batian.
Beti izan da bertso saioa
Aizkorteko apartian,
eta gaur ere beti bezela
egiten saia gaitian.
[Larrañaga]
Hemengo berri kontu kontari
esan diogu alkarri.
kanpora ere eman nahi degu
gertatu danaren berri.
Kontratu duna beharko degu
orain enterauta jarri,
aizkolariak gonbidatu baina
egur gutxio ekarri.
[Etxeberria]
Bai Larrañaga baina ni hortan
oso konforme ez nago,
erremediua nere iritziz
horretarako badago.
Egurra ekarri bildurrik gabe
eta ados hortan nago,
baina ia hor bilatzen diran
aizkolari gehiago.
[Larrañaga]
Tamaina eta asmatutzea
ez da erraza izaten,
baina badakit lan guztietan
gehiegi nola zeukaten.
Bertsotan ere saiatzen gera
gauza politak esaten,
al baldin bada entzulegoai
gusto guztiak ematen,
[Etxeberria]
Orain artean sekula ez gendun
aurtengo markarik egin,
eta hau ere esan behar det
istorian geldi dadin.
Hamaika aldiz egondu gera
hemen goxo ta atsegin,
eta gaur berriz bertsuak baino
lehenau jendeak alde egin.
[Larrañaga]
Ia zertxobait balio duen
bertsolarien esanak,
lehen esan det pozikan utzi
hoiek baitira afanak.
Arrazoi dezu autobusean
dezente dira juanak,
ia penare izango dute
gaur gelditu ez diranak.
[Etxeberria]
Etortzen dira burura jaunak
ez dakit zenbait kasketa,
horregatikan sortzen zaizkigu
guri hainbeste hizketa.
Ebiak ere atertu digu
eguzkirik ere ez da,
eta txaloa mereziko du
hemen ederki gaude ta.
“Agur ta gehiago berriz bazkal ondorako” kantatuz bi bertsolariek amaiera eman zioten lehen saioari. Bazkalosterako utzi zuten bigarren saioa. Bertso hauek eta gehiago ikusgai daude Aiurri.com gunean.