“Interakzioaren eta dinamikotasunaren aldeko apustua egin dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 8a, 13:02

Amaia Goikoetxea 111 Akademiako arduradunak, maiatzaren 8an banatu den  111 Akademiako Sariaz gain, beste hainbat berrikuntzen inguruan hitz egin du. Tartean, web gune berriaz.

Akademiakideek iazko libururik gogokoena iritzita, Miren Agur Meabek jaso du 111 Akademia Saria. Kontaiguzu…
Hiru bozketa txanda behar izan dituzte akademiakideek aurtengo sariduna izendatzeko. Urtarrilaren erdi aldera abian jarri genuen lehenengo erronda, 2013ko libururik gogokoenaren aldeko botoa eskatu genien 193 akademiakideei. Txanda hartan saridun izendatzeko, jasotako botoen %30 bereganatu behar zuen obra batek, eta ez zen halakorik gertatu. Hortaz, boto gehien jaso zituzten bost obra bigarren txandara pasatu genituen: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua, Xabier Montoiaren Azken afaria, Mikel Tabernaren Alkasoroko benta eta Jon Arretxeren 612 euro. Bigarren txandan ere saridunik izendatzerik ez genuen izan, boto gehien jaso zuen Meaberen lanak ez baitzuen saridun izendatzeko behar zuen botoen %40 eskuratu. Gauzak horrela, Kristalezko begi bat eta Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua, Meaberen nobelaren atzetik boto gehien jaso zuena, finalera pasatu genituen. Eta azken txanda honetan izendatu genuen Kristalezko begi bat 2013 111 Akademiaren Sariaren irabazle.

Sariaren harira, Aiurriko harpidedun guztien artean ere banatuko den aldizkari berezia argitaratuko duzue laster. Noiz zehazki? Zer jasoko da bertan?
Maiatzaren azken aldera kaleratuko dugu 111 aldizkariaren ale monografiko hori. Bertan, 2013ko 111 Akademiaren Sariaren inguruko guztia bilduko dugu. Batetik, Miren Agur Meaberi elkarrizketa zabala egingo diogu obra sarituaren harira. Bestetik, maiatzaren 8an ospatuko dugun sari-emate ekitaldiko kronika eta argazki sorta jasoko du argitalpenak. Eta, Beterriko Liburua aldizkariko ohiturari eutsiz, Kristalezko begi bat nobelak jaso dituen akademiakideen hainbat iritzi ere ekarriko dugu aldizkarira. Argitalpen berezi honek 111 aldizkariaren abiapuntu izan nahi luke, baina une honetan ez gaude argitalpenaren jarraipena bermatzeko moduan.

Web gunea da 111 Akademiako ia 200 akademiakideekin harremanetarako erabiltzen duzuen tresna. Orain gutxi berritua. Zer aurkituko du www.111akademia.com gunean klik egiten duenak? Web guneko zein berrikuntza nabarmenduko zenuke?
Guztiaren gainetik bi ezaugarri nabarmenduko nituzke: argazkiek hartu duten indarra eta irakurleen iritziek web gunearen azalean eskuratu duten protagonismoa. Horrekin batera, atari berriak bisitariari eskaintzen dion interakziorako aukera ere azpimarratu behar dut. 2008an abian jarri genuen eta aurtengo apirilera bitarte indarrean egon den web guneak bere funtzioa ondo baino hobeto bete du akademiaren sorreran. Baina sei urteren ondoren atari digitalak goitik beherako berrikuntza behar zuela garbi geneukan, eta interakzioaren eta dinamikotasunaren aldeko apustua egin dugu oraingo honetan. Akademiakideei zein akademiakide ez diren gainontzeko euskal irakurleei zuzendua dago web gunea eta, aipaturiko irakurleen iritziekin batera, euskal literaturaren egunerokotasunak uzten dituen albisteak edota Euskal Herrian zehar literaturaren inguruan antolatzen diren ekitaldien agenda aurkituko ditu bisitariak bertan, beste hainbat atalen artean.

Zein egoeratan aurkitzen da egun 111 Akademia? Irakurtzea –are gehiago euskaraz irakurtzea– kosta egiten den ekintza dela kontuan hartuta, zer nolako dinamika aipatuko zenuke taldearen baitan?
2006an 111 Akademia egitasmoa abian jarri genuenetik ia 200 euskal irakurlek hartu dute akademiakide izateko erabakia, eta kopuru hori oso garrantzitsua dela uste dugu. Irakurle horiekin guztiekin lan egiterakoan gehien kostatzen dena, berriz, jendea bere etxetik ateratzea dela esango nuke; baina hau ez dut uste euskal literatuaren arazoa soilik denik. Alegia, akademiakideek urtean zehar irakurtzen dituzten liburuei buruzko iritziak bidaltzen dituzte eta urtea amaitutakoan saria hautatzeko botoa bidaltzen dute; batzuk finago aritzen dira lan horretan beste batzuk baino, baina tira… Baina urtean zehar antolatzen ditugun liburu aurkezpen, solasaldi eta gainontzeko ekintzatara gerturatzea gehiago kostatzen zaio jendeari. Hortxe dugu, beraz erronketako bat.

Akademiakideek liburuen inguruko iritziak partekatzen jarraitzen dute. Zein liburu irakurri zen batik bat iazko uztan? Ba al da aurten nabarmentzen ari denik?
Gure “urtea” sari-emate ekitaldiarekin amaitzen da; beraz, 2014ko liburuen inguruko daturik ematerik ez dut oraingoz. Eta iazkoei dagokienez, Miren Agur Meaberen nobelarekin batera, honakoak aipatuko nituzke irakurrienen artean: Jon Arretxeren 612 euro, Mikel Tabernaren Alkasoroko benta, Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua, Xabier Montoiaren Azken afaria, Iñaki Irasizabalen Bizkartzaiaren lehentasunak, Uxue Alberdiren Euli-giro edota Joxemari Iturralderen Rasputin eta San Petersburgoko gauak, beste batzuren artean.

Ba al duzue etorkizunera begirako asmo berririk?
Alde batetik, Kilkerren soka egitasmoaren baitan antolatu ditugun liburu aurkezpenei jarraipena eman nahi diegu aurten. Eta bestetik, bi proiektu berri jarri nahi genituzke martxan. Ohorezko akademiakideen izendapena da horietako bat. Literatura ez dute hutsik idazleek elikatzen, badira beste protagonista batzuk ere, literaturaren alde lan itzela egin ohi dutenak: irakurlea –zalantza izpirik ez–, argitaratzaile eta ekoizleak, abeslariak, aktoreak, kritikari, kazetari eta komunikatzaileak, liburu-saltzaileak… 111 Akademiaren Sariak, ordea, ez ditu horiek guztiak aintzakotzat hartzen. Horrexegatik, proposamena 111 Akademiak Ohorezko Akademiakide kopuru jakin bat izatea da, ‘numerus clausus’, merezimenduzko ibilbidea izan duenari sari gisa egotziko zaiona. Bigarrena, orain arte saridun izendatu diren obrekin lotua dago. 1996tik hona hamazazpi obrak jaso dute Beterriko Liburua ohorezko literatur aipamena edo 111 Akademiaren Saria; aurtengoa hemezortzigarrena izango da. Eta hogeigarrenera gerturatzen ari garen honetan, interesgarria iruditzen zaigu saria jaso duten liburuen edizio bereziak argitara ematea. Asmoa ez da, ordea, besterik gabe saria jaso duten liburu guztiak berrargitaratzea ondoren horiek saltzen hasteko. Alde batetik, egilearen eskariz, edizio txukunago baten beharrean dauden obrak sartuko genituzke bilduma horretan; eta bestetik, edizio berezi hauen hautaketarako erabiliko dugun bigarren irizpidea obraren beraren ibilbidea indartzea litzateke. Noski, beste inori baino lehen, 111 Akademiako akademiakideei eskainiko diegu edizio berezi hauek eskuratzeko aukera.

Beterriko Liburua / 111 Akademia Sariak urtez urte1
1996 Joxean Agirre
Elgeta

1997 Ur Apalategi Iridin
Gauak eta hiriak

1998 Koldo Izagirre
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri

1999 Lourdes Oñederra
Eta sugeak emakumeari esan zion

2000 Ramon Saizarbitoria
Gorde nazazu lurpean

2001 Joseba Sarrionandia
Lagun izoztua

2002 Anjel Lertxundi
Zorion perfektua

2003 Bernardo Atxaga
Soinujolearen semea

2004 Pako Aristi
Gauza txikien liburua

2005 Juan Kruz Igerabide
Hauts bihurtu zineten

2006 Karmele Jaio
Amaren eskuak

2007 Jokin Muñoz
Antzararen bidea

2008 Anjel Lertxundi
Zoaz infernura, laztana

2009 Irati Jimenez
Nora ez dakizun hori

2010 Ur Apalategi Iridin
Fikzioaren izterrak

2011 Harkaitz Cano
Twist

2012 Ramon Saizarbitoria
Martutene

2013 Miren Agur Meabe
Kristalezko begi bat

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!