“Leku polita da guretzat Goiburu, batez ere maitea da bertan jaio garenontzat”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 8a, 12:57

Andoaingo kalean bizi bada ere, Goiburuarra da jaiotzaz Estebe Lopez de Munain. Lorazain gisa nahiz etxeko erretegian egiten du lan, baita auzoari nahiz herriari lotuta ere. Mutil saiatua, nekaezina...

Bizitzeko toki ederra da Goiburu. Gazte belaunaldiek, ordea, bertan bizitzeko gero eta aukera gutxiago dute. Goiburuk baserri eremu izaten jarraitzea nahiko al zenuke?

Gure aurreko belaunaldi guztiek atera egin behar izan dute, gehienak Andoainera etorri dira baina badira Asteasura joandakoak ere. Etxeak eraikitzeko aukerarik ez dago egun, duela 15-20 urte inguru eraiki zen azkena. Baserrietako mutil-zaharrek ez dute ondorengorik eta haur gutxi geratzen da Goiburun. Hala ere, harrituta nago ingurua zein txukun mantentzen den ikusita. Lan handia eskatzen du horrek; izan ere, baserritik kanpo egiten baitute lan denek eta baserrian belarrak, abereak edota sagastiak mantendu egin behar baitira gero. Leku polita da guretzat Goiburu; batez eremaitea da bertan jaio garenontzat.

Niri etxeak eraikitzeak beldur pixka bat ematen dit, horrelako leku politean etxeak egiteak bere arriskua baitu. Oso gune berdea da eta baserri inguruko estetika du, ez nuke hori izorratzerik nahi. Baina, bestetik, pena da segidan oso belaunaldi motelak etorriko direlako. Ez dago umerik eta gazteak ere gero eta gutxiago. Nire ustez, baserriak hutsik ez geratzeko zerbait egin beharko da, bertan etxebizitzak egiteko aukerak aztertu-edo. Baina ez Goiburun bakarrik, baita baserri giroko beste guneetan ere. Baserri munduak ez du dirurik ematen eta geratzen diren gutxiak mendizaleak direlako geratzen dira. Bizitzeko asmoarekin oso gutxi.

 

Zu zeu ere, Goiburukoa izanagatik kalean bizi zara. Goi bailaran edo behean non aurkitzen zara erosoago?

Goian, dudarik gabe. Baina oso gustura bizi naiz Andoaingo kalean ere, lasai-lasai; Goiburun familiako jatetxea dugu eta beti lana izaten denez, ezin baita deskonektatu. Han sofak eta telebistak ez dute funtzionatzen. Hori bai, libre ditudan ordu guztietan gora joaten naiz. Beti izaten da zeregina, etxean, baratzean edota txakurrekin... Etxekoak, familia, lagunak eta frontoia ere bertan daude.

 

Gazte belaunaldiek, modu aktiboan auzo bizitza egiten jarraitzen duzue Goiburun Eguberrietan, Santa Agedan, jaietan...

Bai, geroz eta gehiago. Aurten, urtean zehar ekintza gehiago antolatzeko asmoarekin, erabilerarik gabe dagoen ermitan ‘Ez gara Palestinaz ari’ bertso musikatuak antolatuko ditugu. Herritarren erantzuna ikusi nahi dugu, harrera ona badu urtean zehar ekitaldi gehiago antolatzeko.

Auzoak ondo erantzun ohi du beti, bai Santa Agedan, haurretatik hasi eta helduetaraino. Urte mordo batean Santa Agedan parte hartu egon baginen ere, berriz ateratzen hasi eta auzoak oso ondo erantzun zuen. Jasotako dirua jaiak antolatzeko erabili izan dugu urtetan. Orain, dinamika hori aldatu eta auzoari diru hori zertarako erabili nahi duen galdetzea erabaki dugu.

Momentu hau aprobetxatu egin beharra dago, orain erraz antolatzen baititugu ekintzak. Jai batzordean 6-8 lagun ari gara lanean erabat inplikatuta eta, festez gain, ekintza gehiago antolatzeko gogoz gaude. Ni 16 urtetatik nabil batzordean, eta taldeaz gain, festek ere aldaketa jasan dute. Erromeri giroa itzuli egin da eta festak piztuta daude berriz. Urte batzuetan, ekintza berriak egiten saiatu arren, oso baxu egon dira auzoko festak. Orain, zorionez, oso urte onak daramatzagu. Azken lau urteetan batzordean hasi diren gazteek animatu egiten gaituzte, ideia berriak, gogoa eta indarra dituzte.

 

Herriko auzoetako jai batzordeak ere elkar hartuta ari zarete azken urteotan. Giro polita nabari da jai batzordeen artean. Zer diozu?

Duela hiru urte hasi ginen elkartzen eta, egia esan, oso fruitu onak eman ditu. Elkarren artean laguntzeaz gain, batak bestearen gabeziak betetzen ditu. Udalarekin denok batera hitz egiten dugu, materialak elkarrekin erosten ditugu... Izan ere, zazpi jai ezberdin daude Andoainen eta oso aurrekontu baxuak.

Festak antolatzeko politika aldatu egin genuen auzoan. Urte askotan zehar itsututa egon gara larunbat gaueko kontzertuetan diru mordoa utziz. Baina ideiak aldatu eta eguna bete behar genuela konturatu ginen. Andoaingo Sorgin gauak erromeria eta dantzarako giroa eskatzen du, beraz, gauean kontzertu potoloak eskaini ordez, erromeriak jarri eta eguna indartzen saiatu behar dugu. Azken urteetan originaltasuna bilatzen saiatu gara, auzoko jendeak egindako herri kirol probak antolatuz, iaz etxekoandre batzuek garai batean arropa nola garbitzen zen erakutsi zuten... Arrakasta izan zuten ekintza horiek eta aurrerantzean ere antzeko ekintzekin eguna indartzen saiatu behar dugu. Gauean dirua uztea ez da errentagarria.

 

Andoaindar gehienek Santakrutzak maite dituzte bereziki, baina zu Goiburun edota Sorabillan ere gogotsu ibiltzen zara…

Santakrutzak dira Andoaingo festarik indartsuenak. Sanjuanak baino herrikoiagoak dira. Sanjuanetako parte hartzea indartze aldera, txuleta jatea antolatu dugu jai batzordeok elkarlanean hiru urtez eta pixkanaka ohitura hori indartzen ari da.

Auzoetako festei dagokionez, uste dut denak ezagutu eta pasa ditudala. Gure arteko harremana asko indartu da. Gainera, errespetua sortu da. Urte batzuetan data berdinetan jarri izan ziren auzoetako festak eta orain hori errespetatu egiten da. Urte batean batek eta hurrengoan besteak egutegia aldatu egiten dugu, festa ezberdinek talka ez egiteko. Garrantzitsua da errespetu hori, pikerik ez sortzeko.

Goiburuko festetan ez dugu asko disfrutatzen, lan egitea tokatzen zaigulako. Baina beste auzoetako festetan bai. Hiru-lau eguneko ekimenek lan handia eskatzen dute; montatu-desmontatu, zerbitzatu, garbitu... Baita festen aurreko antolaketek ere; pentsa, festen aurreko astean, oporretako jai  egunak hartzen ditugu ekintzak antolatzeko.

 

Zaletasunen artean, txalaparta edota bertsolaritza lantzen duzu Andoainen. Zer esan dezakezu bi afizio horien inguruan?

Maitane arreba eta biok, duela sei bat urte hasi ginen txalaparta jotzen, Andoaingo txalaparta eskolan. Gerora, denbora faltagatik eskolak utzi egin genituen, baina etxean badugu txalaparta eta jendeak eskatzen dizkigun mesedeei esker jarraitu dugu; ongi etorrietan, omenaldi nahiz jaietan...

Denbora pixka bat hartuz gero, berriro joan beharko genuke klaseetara. Izan ere, beti elkarrekin jotzen dugunez, estilo berdintsuan aritzen baikara eta beste zerbait ikastea komeni zaigu.

Bertso eskolan, berriz, jai batzordeko lau lagun hasi ginen iazko maiatzean Unai Muñoarekin. Lagunartean, 0-tik hasi nahi genuen; bertsoa bizitzeko, jakiteko eta idazteko. Aurtengoa bigarren urtea dugu eta astero oso tarte ona pasatzen dugu, bertsotan, hizketan, afari mordoa eginez... Lanetik kanpoko ekintza da, jende gazte eta heldua nahastuta. Oso gustura gabiltza. 

 

Berriki antolatu den Sorozabaletik Mendiluzera ekitaldi sortan parte hartu duzu. Zer iruditu zaizu ekimena?

Solasaldi-afaria oso interesgarria izan zen eta omenaldia ere oso detaile polita. Andoaingo bertsoen historia kontatu zuten solasaldian, kontu xelebre asko. Urte batzuetan bertsoa galduta egon zen Andoainen; herriak ere sufritu zuen aldaketa, euskara isilduta geratu zenean. Hurrengo belaunaldiarekin, ordea, beste itxura bat hartu zuen bertsoak. Guretzat, gazteak izan dira erreferentzia: Ion Beloki eta Jon Eskudero. Bestalde, omenaldian kantatu zuten gaztetxo batzuk Belokiren ikasleak dira eta argi geratu zen belaunaldi berrikoak direla, beste era batean egiten dutela. Gaztetxoek eskolan ikasten dute bertsolaritza. Oso ekitaldi xume eta polita izan zen, oso herrikoia. Txalaparta jo behar genuenez, pixka bat urduritzea ere egokitu zitzaigun. Emanaldi ezberdina eskaintzen saiatu ginen eta gustura geratu ginen.

 

Herritar gehienek Goiburun duzuen familiako erretegiarekin lotuko zaituzte!

Halaxe da. Denetik egitea tokatu zait han: sukaldari, zerbitzari, tabernari... Baina etxeko erretegian lanean hasi baino lehen, ostalaritza ikasi nuen eta etxetik kanpora hasi nintzen praktikatan, 16 urterekin. 23 urte bete arte beste jatetxe eta taberna batzuetan aritu nintzen lanean; Aginagan, Villabonan, Andoainen... Gero, beste hiru urte eta erdiz aritu nintzen etxean lanean, topea jo nuen arte. Egia esan, kanpora begira egoten nintzen; gogorra egiten zitzaidan beti barruan lan egin beharra.

 

Zure enpresa sortu eta lorazain lanetan zabiltza orain. Zein alor lantzen duzu bereziki?

26 urterekin, berriz ikasten hasi eta lanean ari nintzen bitartean, modulu bat egin nuen Fraisoron. Kurtsoa amaitutakoan Astigarragako enpresa batentzat hasi nintzen lanean. Oso gustura aritu nintzen, asko ikasi nuen, lankideak oso onak ziren... Lau urte eta erdiz aritu nintzen enpresan eta bitartean, ikastaro txikiak egin nituen.

Egun, asteburuetan etxean lanean jarraitzen dut, baina lehen baino lasaiago. Bestalde, diseinuari lotutako ikastaroak egin nituen Fraisoron eta segituan lana sortu zitzaidan arren, duela urte eta erdi hasita, nire aldetik ari naiz. Estebe lorazaintza izena du enpresak eta denetik eskaintzen dut: mantenua, landaketak, kimaketak... Zaila da egun enpresa berri bat martxan jartzea, baina nik uste nahiko azkar hasi naizela dinamika erregularrean lanean. Astelehenetik ostiralera egiten dut lan, naturarekin harremanetan, gorputza nekatuz eta burua deskantsatuz. Oso gustuko lana dut.

Hasieran lotsa ematen bazidan ere, orain gutxi ahoz ahokoaren bidez hasi naiz Andoainen lanean. Niretzat gozamena da bertatik bertara aritzea. Igeldon hasi nintzen nire kabuz lanean eta Donostia inguruan ere lan dezente sortzen zait; etxe partikularretan batik bat, lorategiak dekoratzen, zaintzen, landatzen, mantentzen... Zuhaitzak kimatzen edota baratzeak zaintzen ere bai.

 

Pilota ere izugarri gustuko omen duzu...

Halaxe da, bai. Palaz nahiz eskuz jolastea gustatzen zait. Andoaingo Gaztetxeko pilota txapelketa antolatzen laguntzen nahiz jolasten ere aritzen naiz Goiburun. Ekainean izaten da eta bizitza ematen dio txapelketak auzoari. Ez nahi adina, baina tarteka, pilota partidak ikustera ere joaten naiz. Olaizola zalea naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!