Fernando, jatorri adunarra zuen amezketarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 8a, 12:52

Txomin Garmendiaren testu bati esker jakin dugu Fernando Amezketarraren jatorria oso lotua dagoela Aiztondo bailararekin. Bere aita zena adunarra zen eta hala izan ziren bere senide guztiak ere. Arrasto horri jarraituz, Fernando Amezketarrak Adunarekin izan zuen lotura aztertzeko saiakera egin du Aiurrik.

“Pernando Amezketarra”      Txomin Garmendia, Amasa-Villabona
“Pernando Amezketarra” jaio zala aurten 250 urte betetzen dirala-ta, ospaketa aundiak antolatu dituzte Amezketan urtean zearrerako.
Martxoaren 19’an, Amezketako udaletxean Euskaltzaindiko jauntxoak egin zuten aurkezpena, Pello Zabala prantziskotarra eta Joxe Mari Otermin amezketarrak lagun zituztela. Maiatzaren 11’an, agoztuaren 18’an da 19’an, izango da ospakizunik asko eta urriaren 6‘tik 12’ra izango da “Pernandoren Astea” deritzaiona. Ain zuzen, aste orretan betetzen bai dira 250 urte jaio zala. Euri zaparrada pranko izan da geroztik!
Pernandoren albisterik zeatzenak Auspoa sailleko 54’garren liburuan datoztela esango nuke, eta orra bakar batzuk.
Pernandoren aita, Adunako Torre baserrian jaio zan 1743’an; ama, Amezketan 1742’an. Pernandoren gurasoak Adunan ezkondu ziran 1764’ko agoztuaren 13’an; hogei urte zitun senargaiak eta ogeita bat andregaiak. Ezkondu eta andik bi illabetera jaio zan Pernando. Azkarra buruz eta azkarra jaiotzez.
Ezkontzarekin garbitu bazan ere, erorketa baten frutua izan zan Pernando (garai artan “okerra” esango zitzaion).
Pernandoren gurasoak Adunan bizi ziran beti, beste seme-alaba guztiak bertan munduratu zituzten; Pernando bakarrik jaio zan Amezketan, ez dago zergatik galdetu bearrik. Ama bere jaioterrira, Amezketara aur izatera joan zan nabarmenkeria izkutatzeagatik. Gaur ez litzake orrelakorik gertatuko.
Pernandoren gurasoak etzuten Amezketan etxerik izan, Ispillasaletxen jaio zala esan oi da beti; agian, amaren jaiotetxea izan ziteken-edo, beste aideren batenean?
Pernandoren aitak, amabost seme-alaba izan zitun, zarrena Amezketan jaioa len esan degun arrazoiengatik, beste guztiak Adunan.
Bederatzigarren erditzearekin amar senide ziran, azkenengoan bixkiak jaio ziralarik; bixkiak jaio eta lau illabetera ama il egin zan 39 urterekin. Alako premian aurkitzen zalarik, Pernandoren aita berriro ezkondu zan Adunako 24 urteko Maria Inazia Karrerarekin; ezkontza ontatik beste bost seme-alaba sortu ziran. Guztira amabost aurrez nion bezela.
Adunan zein etxetan bizi izan ziren arrastoak badaude, Apakintzan eta Olazabalen; Pernando Adunara etorriko zala ez dago zalantzarik, baiña beti Amezketan bizi zaneko ezaugarriak daude, il ere bertan egin zan 1823’an 58 urterekin, aran jan bat egin eta ura eran ondoren (G.B.).
Beraz, “Pernando Adunatarra” bear zuna, izan zan “Pernando Amezketarra”. Bertsolari eta ipuilari errikoiagorik, berriz, nekez aurkitu liteke; ondo merezitako jaiak izango dira Amezketan. Zorionak antolatzailleairi.
Pentsatzekoa da, Amezketan, Adunan eta beren inguruetan Pernandoren arrazako asko biziko dala; Pernando Amezketan ezkondu zalarik ogeita bost urtekin, Amezketako alaba zan emezortzi urteko Maria Josepa Sagastumerekin.
Ezkontza ontatik amar seme-alaba etorri ziran, jaio ta ogei egunera Martin Jose il zan, eta Jose Joakin, danetan gaztena, sei illabete ta erdirekin. Auetaz gaiñera, bi sasiko artu zituzten: Jose Prudenzio eta Prantzizka Inazia. Itxurak diranez, umeak azitzeak etzitun bildurtzen.

––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

Adunako Torre baserrikoa zen Fernandoren aita zena, Martin Joxe Bengoetxea. Joxepa Antoni Altuna amezketarrarekin ezkondu, eta bi hilabetera jaio zen Fernando, Amezketan. Haurra Amezketan utzita, Adunara etorri zen bikotea, eta bertan jaio ziren gainerako seme-alaba guztiak. Ederki azaltzen du hori Txominek bere idatzian.

Apakintzan eta Olazabalen
Fernandok berak, egonaldiak egin omen zituen Adunan. Apakintza eta Olazabal baserriak aipatzen ditu Txominek bere idatzian. Bada, Apakintza baserriko Iñaki Gorostidik badu Fernandoren jatorriaren aditzera: “Nire aita zenak esaten zigun Fernando Amezketarra Adunan bizitua zela, baita gure baserrian ere. Aitak ziurrenik jakingo zituen Fernandoren inguruko kontu gehiago, baina nik ez nituen gogoan jaso”.
Torre baserriko Bibiana Tejeriak ere, entzuna zuen Fernandoren jatorria Adunan zegoela. “Gure etxearekin lotura bazuela entzun izan dut, baina urte asko pasa da geroztik, eta ezin dut argibide handirik eman”.
Apakintzara itzuliz, Iñaki Gorostidik badu lotura berezia Fernando Amezketarrarekin, izan ere, haren inguruko film labur batean parte hartu baitzuen 1990ko hamarkadan. “Adunako Ulanbarro inguruan egin genituen grabaketak, baita Tolosako azokan, Alkizan edota Nafarroako Bera herrian ere. Erbiaren istorioa kontatu genuen film hartan, eta oso txukun geratu zen”.

Ibañezen filma
Rogelio Ibañez adunarraren ekimena izan zen film haren grabaketa. “Zine munduan lan egindakoa zen Rogelio, eta Fernandoren istorioak telebistarako grabatzeko modukoak zirela frogatu nahi zuen. Bere ekimena izan zen film labur haren grabaketa eta bere anaia Pako Ibañezek ere parte hartu zuen, musika jarriz. Astebetez luzatu zen grabaketa. Filmarako sega, eskuarea eta bestelako lan tresnak lortzea izan zen nire ardura, nik eraman nituen beharrezko animaliak ere. Oso esperientzia polita izan zen”, jakinarazi du Iñaki Gorostidik.

Arrastorik ez
Pena handia dauka Iñakik film harekin: “Oso lan txukuna geratu zen, elkarlanean egindakoa. Neronek izan nuen filma ikusteko aukera, baina egun, galduta dago. Filma amaitu eta berehala hasi ginen elkarri pasa behar geniola esanez, baina ez genuen egin, eta orain inork ez daki non dagoen; pena handia da”.

Erbiarena
Iñakik berak laburbildu du filman bildutako istorioa: “Ehizean dabilen kaletar batekin izandako pasadizoa kontatzen zuen filmak. Fernando belarretan ari zela, zauritutako erbi bat ikusi eta belar pilaren azpian gorde zuen. Handik pixka batera, kaletar bat azaldu zitzaion eskopeta eskuan, zauritutako erbirik ikusi ote duen galdezka. Amezketarrak ordua eman zion. Berriz galdetuta, erantzun bera jaso zuen kaletarrak. Fernando burutik nahastuta zegoela pentsatuz, alde egin zuen kaletarrak. Handik egun batzuetara, berriz ere topo egin zuten Fernandok eta kaletarrak Tolosako azokan. Adarra jotzeko gogoz, zein ordu zen galdetu zion kaletarrak Fernandori. ‘Oso goxoa zegoen erbiya’ erantzun zion amezketarrak”.
Rogelio Ibañezek berak egin zuen Fernandoren papera eta Juan Krutz Unzurrunzagak kaletarrarena. “Rogelio zena lehengusua nuen eta filma grabatzeko laguntza eskatu zidan. Baiezkoa eman nion berehala eta oso aste polita pasa genuen grabaketak egiten. Zinemaren mundua barnetik ezagutzeko modua eman zidan”.

Untxia eta astoa
Xelebrekeria bat baino gehiago ere gertatu zitzaien grabaketa prozesu hartan: “Untxi bat erabili genuen erbiarena egiteko. Hanka batetik soka lotu nion eta filmak hala eskatzen zuenean, tira egiten nion, mugiarazteko. Horrenbeste aldiz tira egin ondoren, ia ibili ezinik gelditu zen untxi hura”. Astoak ere eman zien buruhausteren bat edo beste: “Berako grabaketa egiteko, furgonetan sartuta eraman genuen astoa. Bidean gindoazela, gurpil bat zulatu zitzaigun, eta astoa furgonetatik jaitsiarazi behar izan genuen gurpila aldatu ahal izateko”, azaldu du Iñakik.

Bertsolaria
Fernandok bertsotarako zuen abilezia hartu du ahotan Iñaki Gorostidik: “Entzuna dut txapelketatan ibilitakoa zela, eta maila handiko bertsoak botatzen zituela”. Villabonan bertso epaile gisa ere aritu izan zen nonbait, bi bertsolariren arteko apustuan. Azkenik, bi bertsolariak bikain aritu zirela eta, Fernandok ezin izan zuen erabaki zein zen irabazlea.

2014, Fernandoren urtea
Fernando jaio zela 250 urte beteko dira aurten eta ospakizun bereziak antolatu dituzte Amezketan.

  •     Maiatzaren 11, Tolosako Txistulari bandaren emanaldia.
  •     Ekainean, Fernandoren marrazkien erakusketa.
  •     Uztailaren 7ik 18ra, Joseba Urretabizkaiaren argazki erakusketa.
  •     Abuztuak 29, kontzertua Fernando Amezketarraren gorazarretan.
  •     Urriaren 6tik 12ra, Fernandoren astea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!