Bi aukera izango dituzte ibiltariek; zortzi herriak zeharkatzen dituen ibilaldi luzea, 48,6 kilometrokoa edo 25 kilometroko ibilbide laburragoa. Bidania Goiatzen emango diote guztiek ere hasiera ibilaldiari. Errezilera jaitsi eta berehala, Zelatunerako igoerari ekin beharko diote. Hantxe banatuko dira bi ibilaldietako kideak; Iturriotz aldera hartuko dute luzekoek eta Alkiza aldera motza aukeratu dutenek.
Ibilaldi luzea eta motza
Ernio-txiki, Aia, Andatza auzoa, Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde eta Albizturretik igaro ondoren, Bidania-Goiatzera itzuliko dira ibilaldi luzekoak. Ibilaldi motzeko ibiltariek berriz, Alkiza, Hernialde eta Albizturren barrena egingo dute helmugara bitarteko itzulia.
Izen-ematea zabalik dago dagoeneko. www.erniozaleak.org gunean. Ibiltarientzako informazio interesgarria ere biltzen dute bertan. 15 euro ordaindu beharko dira mendi martxan izena emateko eta irteera baino lehen egin ahal izango da ordainketa.
Erniozaleak
Erniozaleak kultur elkarteak antolatzen du Erniopeko mendi lasterketa, Udalen laguntzarekin. 1997an sortu zen kultur elkartea, Ernio mendia inguratzen duten zortzi herrietako biztanleen ekimenez. Taldearen lehen ekintza handia, Ernioko gurutzearen 50. urteurreneko ospakizunak antolatzea izan zen. Geroztik, bi urtez behin mendi ibilaldi entzutetsua antolatzeko lanetan murgilduta ibiltzen dira taldeko kideak. Maiatzaren 11n izango da aurtengoa. Asteasu eta Larraulgo bide eta plazak, ibiltariz beteko dira.