Tranpazulo Gaztelekua, Asteasuko gazteen txokoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 8a, 12:43

Aspaldiko eskaerari erantzunez, martxan da Asteasuko Gaztelekua. Iazko maiatzean zabaldu zituen ateak eta geroztik, aisialdirako aukera berria dute herriko gazteek. 

Hamaika eta hamasei urte arteko gazteei begira zabaldu zuten iaz Asteasuko Tranpazulo Gaztelekua. Ainara Artaza asteasuarra aritzen da Gaztelekuko hezitzaile lanetan eta hark eman ditu zerbitzu berriaren inguruko azalpenak: “Haurren aisialdirako aukera ezberdinak ditu herriak eta adin batetik aurrerako gazteak tabernan edo Gaztetxean elkartzen dira. Hamabi eta hamasei urte arteko gazteek, ordea, ez zuten horrelako aukerarik. Eskaera egin zitzaion Udalari, premia horri erantzun bat bilatzeko asmoz. Aldundiarekin batera, beste herrietan emandako erantzunak aztertu zituzten eta Asteasun ere Gaztelekua irekitzea adostu zuten”.

Egoitza, Elizmendin
Elizmendiko eskola txikietan jarri dute Gaztelekua. “Astean bi egunetan zabaltzen dugu; ostiral eta larunbat arratsaldetan. Asteko gainerako egunetan eskolaz kanpoko jardueratan murgilduta ibiltzen dira gazteak eta bi egun horietan zabaltzea nahikoa zela adostu zen. Arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 20:00etara egoten gara bertan”.
2013ko maiatzean zabaldu zuten Gaztelekua: “Arrakasta izugarria izan zuen hasieran. Jendez gainezka egoten zen Gaztelekua. Lehen egunean, arauak adostu genituen guztien artean. Izan ere, adin tarte zabala hartzen du Gazteleku zerbitzuak. Oso joera eta ohitura ezberdinak dituzte hamabi urteko gazteek edo hamasei urtekoek eta garrantzitsua iruditu zitzaigun elkarren arteko errespetu hori lortzea. Pixkanaka, lortu genuen oreka hori finkatzea”.

Helburua
Ainara Artazak laburbildu du Gaztelekuaren helburu nagusia: “Adin batetik aurrerako gazteek, aisialdiko orduak herritik kanpora pasatzeko joera izan dute. Egoera horri buelta eman eta herrian bertan gera daitezen da helburu nagusia. Gaztelekuak horretarako aukera ematen die”.

Udalaren laguntza
Asteasuko Udalak jarri zuen Gaztelekuaren egoitza: “Eskola txikietako gela bat daukagu. Horrez gain, barruko eta kanpoko jolaslekua ere erabil ditzakegu. Telebista, futbolina, eserlekuak, liburuak..., Udalak jarri zigun premiazko materiala. Horrez gain, etxean erabiltzen ez dituzten zenbait gauza ere ekarri dute gazteek; bideo jokoak, esaterako. Izan ere, Udalari eskatzen aritu beharrean, gure artean moldatzeko erabakia hartu genuen”.

Ekintzak
Lehiaketa eta ekintza ezberdinak antolatzen dituzte Tranpazulo Gaztelekuko kideek. Hala azaldu du Ainara Artazak: “Batido lehiaketa, bideo jokoetako lehiak, futbolin txapelketa..., ekintza ezberdinak egin izan ditugu. Horrez gain, udako hilabeteetan igerilekura joateko ere aprobetxatu genuen iaz. Ordutegia aldatu genuen eta goizetan, bi orduz joaten ginen igerilekura. Urez betetako puxikekin guduak ere antolatu genituen eguraldi ona aprobetxatuz”.

Gazteak, gustura
Nerea Txapartegi, Oneka Herrero eta Oihana Garmendia gazte asteasuarrak oso maiz joaten dira Gaztelekura. “Zabaldu zutenean hasi ginen etortzen. Gustura etortzen gara, ia astebukaera guztietan. Aspaldi egin genuen eskaera, baina iaz arte ez genuen Gaztelekua irekitzerik lortu. Gure adineko jendea izaten da gehien etortzen dena”. Filmak ikusten, jolasten edota kontuak esaten, gustura egoten da hamabost urteko neska koadrila. “Gitarra jotzen, musika entzuten..., gustura egoten gara hemen. Orain arte antolatu ditugun txapelketa guztietan hartu izan dugu parte eta hala jarraitzeko asmoa dugu” azaldu dute asteasuar gazteek.

Kokalekua
Gaztelekuaren kokalekua da gazteei gutxien gustatzen zaiena. Ainara hezitzaileak eman ditu azalpenak: “Elizmendi auzoan dago Gaztelekua, herrigunetik urruti samar. Neguan bereziki, ez da erosoa honaino etorri beharra. Elkartu eta goxo egoteko toki egokia da, baina aukeran urruti samar dago. Martxan jarri genuenean, gazte asko denbora tarte labur bat pasa ondoren goxokiak erostera joaten zen herrigunera, beranduago berriz igotzeko. Pixkanaka, ordea, jaisten zirenak ez ziren gehiago itzultzen, urruti samar dagoela eta”. Etorkizunean, nolanahi ere, Gaztelekua herrigunera gerturatzeko asmoa badutela jakinarazi du Ainarak: “Gazte gehiago gerturatzeko egokiagoa izango litzateke eta Udalak gogo hori baduela jakinarazi digu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!