Gure esku dago Urnieta, kultur jaialdia larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 8a, 10:32

Larunbat honetan iluntzeko 19:30etan hasita, Saroben. Sarrerak bi eurotan dagoeneko salgai daude.

Erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak han eta hemen sortzen ari dira, helburu nagusiarekin: ekainaren 8an Durango-Iruñea eskuz esku lotzea. Urnietan ekimen beteko lan taldea osatu da eta asteburu honetan kultur ekitaldia antolatu dute. Musika, dantza, bertsoa..., osagai interesgarri ugari izango ditu.

Urnietarrak bezalaxe, eskualdeko gainerako herritarrak ere emanaldia ikustera gonbidatuta daude. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 2 euroko prezioan, honako saltokietan: Sarobe, Muazpi, Trazos, Kantoi, Amailur eta Xauxar. Azken sarrerak, lehenago agortzen ez badira, larunbatean bertan Saroben salgai jarriko dituzte, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.

Ikusleak ikuskizun paregabeaz gozatuko du, taula gainetik hainbat eta hainbat kulturgile igaroko delako. Besteak beste, Peio Martin eta Beñat Zinkunegi txalapartariak, Fermin Argiñarena bertsolaria, Buruntzantzan Batukada Taldea, Petra Elser eta Julian Cobzaru musikariak, Juankar Erasun eta Koro Berasategi aktore lanetan, Egape Dantza Taldea, Joxeba Lizeagaren bakarrizketa Monika Redondo biolinjoleak lagunduta,...

Bukaera ezin hobea emango diote jaialdiari, Anabas taldeak Gure Esku Dago ekimenaren abestia zuzenean eskainiko baitu, Xabi San Sebastian kantari ezagunak eta Adriana Unanuek  abestuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!