Del pueblo Zizurkilera, etorkizun berriaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mai. 8a, 10:31

Maletak egin, etxekoak agurtu, eta toki ezezagun batera abiatu ziren, beharrak aginduta. Estatuko toki ezberdinetatik, lan bila etorri ziren horiek hartuko ditu gogoan aurtengo Maiatza Saltsan ekimenak.

Maiatzaren 17an, larunbatarekin, garai batean estatutik etorritako testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezkoa izango da ikusgai Atxulondo kultur etxean. Euren etorrera, inguru berrira egindako egokitzapena, ogibidea, momentu zailak, pozak, hurrengo belaunaldiak..., errepaso zabala egingo dute, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bideo emanaldiaren ondoren, Jon Maiaren hitzaldia izango da gozagarri. Zumaiako bertsolariak bere gurasoen jatorriaz hitz egingo du, baita kultur transmisioaz ere. Amaieran, bertsoak eta segidillak abestuko ditu eta jai giroan amaituko da ekitaldia.

Lehen orduak
Hamalau ordu egurrezko eserlekuak zituen trenean eserita. Horixe izaten zen Extremaduratik etorritakoen bidaiatzeko modua. Lan bila etorri ziren guztiak, jaioterriko aukera urrietatik ihesi. Bakarrik egin zuten askok lehen bidaia hura, lagun edo senideekin beste askok. Euskal Herrira iritsitakoan, guztiz paisaia ezberdina topatu zuten, baita ohitura eta hizkuntza ezberdinak ere. Zizurkilen bizi den Manuel Sánchez-ek bere bizipenak azaldu ditu. “Extremaduratik etorri nintzen, trenez. Bidaia luzearen ondoren, Asteasura iritsi nintzen, ezagun batekin batera. Tabernara joan ginen biok eta muztioa edatera gonbidatu ninduen. Huraxe izan zen muztioa edaten nuen lehen aldia. Tabernan ginela, inguruko jendea hizketan sumatzen nuen. Nik ulertzen ez nuen hizkuntzan ari zirela konturatu nintzenean, Frantziaraino pasa nintzela pentsatu nuen. Nik ez nekien euskara bazenik ere”, azaldu du umoretsu.

Herrimina
Dolores Cruz Cacereseko Aliseda herritik etorri zen, oso gaztetan: “Hemeretzi urterekin etorri nintzen. Lehen egunetan dena zen berria niretzat eta pozik ibili nintzen. Aurrerago, berriz, negarrari eman nion; herrian utzitako lagunekin gogoratzen nintzen eta itzultzearekin egiten nuen amets. Pixkanaka, ordea, ohitzen joan nintzen eta egun, ez nuke jakingo hemendik kanpora bizitzen. Gustura joaten naiz herrira oporretan, baina ez nintzateke hara bizitzera itzuliko”. Donostiako hondartzak lehen aldiz ikusi zituen eguna gogoan iltzatuta du Doloresek: “Izugarria iruditu zitzaidan, zoragarria. Sekulako inpresioa egin zidan hondartzak eta gaur egun ere asko gustatzen zait Donostiara joatea”, azaldu du.
Juani Carrillorentzat ez zen erraza izan Euskal Herriko eguraldira moldatzea. “Xirimiriak amorrarazi eta harritu egiten ninduen lehen urteetan. Oinetako eta arropa arinak jantzita ibiltzen ginen herrian eta hemen, berriz, ezin. Orain oso ohituta nago horretara, baina lehendabiziko urteetan harrigarria egiten zitzaidan”, azaldu du, irribarrea ahoan.

Ogibidea
Lehen urteak oso gogorrak izan ziren duela berrogei urte pasatxo etorri ziren haientzat. Lehendabiziko egitekoa lana bilatzea izaten zen. Jerónimo Chorro, Caceresko Herbás herrian jaio zen: “Gure aitak behiak zituen eta etxean ez ginen gaizki bizi, ez genuen sekula goserik izan. Ni gazte nintzela, ordea, gauzak okertu egin ziren eta nire aitak behiak saldu egin behar izan zituen. Bizimodua nonbait bilatu behar, eta herritik ateratzea egokitu zitzaidan. Hona iristean, eraikuntzan hasi nintzen lanean, baina negua zen, eta euripean aritzea oso gogorra zen niretzat. Ordurako, anaia bat etorria zen eta Papeleran hasteko gomendioa egin zidan. 1964ko azaroaren 4an hasi nintzen Papeleran lanean. Negua han pasa eta udan berriz ere eraikuntzan hastea zen nire asmoa, baina 43 urte egin nituen bertan, 2007an erretiroa hartu nuen arte. Lagun asko egin nituen han. Lanerako prest izaten nintzen beti eta hori oso ondo ikusita zegoen hemen”.

Etxebizitza
Etxebizitza lortzea ere ez zen erronka makala. Manuel Carre Arroyo de la Luz herritik etorri zen. “Asteasun bizi zen anaia bat eta harekin batera bizitu nintzen lehendabiziko zazpi urtetan. Gelak hartzen genituen errentan, ahal zen moduan. Iruran egiten nuen nik lan eta bizikletaz egiten nituen joan-etorriak. Lehen urteak gogorrak izan ziren; nire emaztea eta seme-alabak herrian geratu ziren eta hori gogorra zen. Denborarekin, haiek ekartzea lortu nuen eta hemengo bizitzara moldatzen joan ginen”. Manuel Sanchezek ere elkarbanatutako etxe batean pasa zituen lehen urteak: “Etxe berean lau edo bost apopilo biltzen ginen. Lan asko egin beharra izan nuen egoera hari buelta eman eta bizimodu erosoagoa moldatu ahal izateko. Nire familiaren zati handi bat Extremaduran geratu zen eta nik dirua bidali behar izaten nien, laguntzeko. Horregatik, nire lanorduez kanpo, beste lan txiki batzuk ere egiten nituen”, azaldu du.

Andaluziatik
Bernardo Niebla Andaluziatik etorri zen, 16 urte besterik ez zituela. “Cadizen jaio nintzen, San Roque izeneko herrian. Duela 48 urte etorri nintzen, furgoneta batean, anaia batekin batera. Hasiera hura oso gogorra izan zen niretzat; nire sustraiak, lagunak..., dena han utzi eta hain gazte etortzea..., urte zailak izan ziren. Urnietan jarri genuen bizilekua eta eraikutzan hasi nintzen lanean. Lanbide gogorra da hori eta gehiago hain gaztetxo zarenean. Nolanahi ere, urteak aurrera joan ahala, egoera hobetzen joan zen. Ez dut inoiz lagunartean ibiltzeko arazorik izan eta ondo moldatu naiz hemengo bizitzara. Andaluziako kultura, berriz, ez dut gehiegi mantendu. Ama zena ere hona etorri zen eta hura bizi zenean, gastronomia mantendu genuen, geroztik ordea, ezer gutxi. Bereziki gorde dudana, eta nabarmen gainera, hizkera da. Horrenbeste urte herritik kanpora pasata ere, Andaluziako moduan hitz egiten dut oraindik ere”.

Ohiturak eta kultura
Gizarte eta ohitura berrietara moldatzeko garaian, bide ezberdinak jarraitu dituzte. Juani Carrillo Badajozeko herri batekoa da. “Etorritakoan, noski, ez duzu hemengo inor ezagutzen eta zure jatorrikoekin elkartzen zara gehiago. Extremaduratik etorritakoa naiz ni, eta garaitsu berean, asko eta asko etorri ginen handik. Elkarrekin egoteko joera handia genuen. Aurrerago, bertakoekin harreman gehiago izaten hasi nintzen. Beti gustatu izan zait herrian antolatzen diren ikastaro eta ekitaldi ezberdinetan parte hartzea, eta horrek asko lagundu dit”, azaldu du.
Eleuterio Rodríguezek ere erraz egin zuen hemengo jendearekin moldatzeko bidea: “Ikuskizunaren mundua izugarri gustatzen zait eta horrek asko lagundu dit jendea ezagutzen eta lagunak egiten. Hemeretzi urterekin etorri nintzen eta larogeita bi urte ditut egun; Tolosako Iñauterietan, urtero-urtero hartzen dut parte eta horrek asko lagundu dit jendea ezagutzen. Gipuzkoa, niretzat, munduan den tokirik politena da, bizitza eman didalako”.

Euskara
Euskara ikasteko saiakera egin du batek baino gehiagok. Juani Carrillo, esaterako, euskaltegian ibilitakoa da. “Oso zaila egin zitzaidan, ordea. Esaldi motzak ulertzeko gai naiz, baina hizketaldi luzeetan galdu egiten naiz. Gainera, lotsa ematen dit dendara edo tabernara joan eta euskaraz eskatzeak, eta hizkuntza bat ikasteko, horixe da egin behar dena. Nire seme-alabek, berriz, primeran egiten dute eta pozgarria da hori niretzat. Biloba txikia dut orain, eta berarekin euskaraz egiten hasteko gogoa dut, ea pixkanaka ikasten joaten naizen”.
Florentino Bravo ‘Foti’ Zizurkilen jaio zen. “Nire gurasoak Extremaduratik etorri ziren eta anai-arreba guztiak hementxe jaiotakoak gara. Nire garaian, ordea, eskolako ikasgai guztiak gaztelaniaz ziren, eta ez nuen euskararik ikasi. Euskaltegian ari naiz orain, ea euskara ondo ikastea lortzen dudan. Nire semeak, berriz, primeran ikasi du eskolan. Gure garaian ere eskola euskaraz izan balitz...”, amaitu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!